Ukaezina da, datuek ere hala frogatzen baitute: Ipar Euskal Herri barnealdera handik joaten den baino jende gehiago arribatzen da. INSEE Frantziako estatistika institutuak eta Audap urbanismo agentziak partaidetzan egin duten ikerketan agerikoa da errealitate hori. 2016an jadanik egina zuten ikerketa bera, eta, orain, 2020ko datuak zabaldu berri dituzte. Claire Deconde INSEEko ikerlariak zehaztu du demografiari dagozkion ikerketak egiteko «zaila» dela datu aktualagoak ukaitea; horregatik, preseski, duela bost urteko datuei so egin diete. Nolanahi ere, 2016. eta 2020. urteen konparazioa egitea eta dinamika bat marraztea ahalbidetzen du.
Ipar Euskal Herrian, bi zona desberdindu dituzte: hiri baten eraginpean den baserrialdea eta baserrialde autonomoa —ikus mapa—. 2020ko datuen arabera, 94.000 biztanle dira bi eremu horietan; 47.000 biztanle hiri baten eraginpean daude, eta beste 47.000, eremu autonomoan. Helburua eremu horien erakargarritasuna neurtzea izan da, eta, horretarako, hainbat datu hartu dituzte kontuan. Erraterako, migrazio saldoa —bizitzera etortzen direnen eta kanpora joaten direnen arteko kenketa—. Ipar Euskal Herrian saldo hori positiboa da; 931koa, zehazki. Hiri baten eraginpean den baserrialdean, 2.358 pertsona joan dira, eta 2.760 iritsi; eremu autonomoan are handiagoa da saldoa: 1.363 lekutu dira, eta 1.893 arribatu. Decondek esplikatu duenez, nahiko ezohikoa da baserrialde autonomoan hiri baten eraginpean den baserrialdean baino migrazio saldo handiagoa izatea —531 eta 400, hurrenez hurren—; ez da hala gertatzen Akitania Berri hegoaldeko beste lurraldeetan —Landetan, Chalossen eta Biarnon, erraterako—.
Beste gisa batez erranik, baserrialde autonomoan lekutzen diren 100 pertsonako 130 jiten dira, 2020ko datuen arabera. 2016an, berriz, 117koa zen kopuru hori: argiki emendatu da. Hiri baten eragina duen baserrialdean, haatik, doi bat apaldu da arribatzen den pertsonen kopurua: joaten diren 100 pertsonako 126 etortzen ziren 2016an; 124 ziren 2020an. Halere, datu horiek «erlatibizatu» behar direla erran du Decondek; izan ere, migrazio saldoak demografian duen eragina ez da beste leku batzuetan bezain handia. «Eragina ez da hain nabaria berezko populazioa jadanik nahiko handia delako eta azpiegiturak gai direlako jende berria xurgatzeko. Laburbiltzeko, erran genezake Ipar Euskal Herriko baserrialdeko eremu autonomoan joan-etorri gehiago badirela, baina eragin txikiagoa dutela oinarrizko demografian».
Dinamikei so
Bizitzera etortzen direnen eta kanpora joaten direnen profilari behatu diote, bestalde. Hiri baten eragina duen baserrialdera heldu direnak 25-39 urte artekoak dira gehienbat; baserrialde autonomora heldu direnak, berriz, 40 uretik gorakoak. Haien jatorriari buruz ez dute ikerketa zehatzik egin Ipar Euskal Herriari propio dagokionez; Akitania Berri hegoaldeko eremurako, aldiz, bai: etortzen diren %74 Akitania Berriko beste lurralde batetik datoz; %8, Okzitania eskualdetik, eta %6, Ile-de-France eskualdetik.
21.020Â
Baserrialde autonomoan instalatzen direnen bizi maila, eurotan Audapen ikerketaren arabera, Ipar Euskal Herriko baserrialde autonomora bizitzera etortzen direnen batez besteko bizi maila 21.020 eurokoa da. Hiri baten eraginpean den baserrialdera bizitzera etortzen direnek, berriz, 1.960 euro gehiagoko bizi maila dute.Â
«Elementu tekniko anitz dira, eta zaila da denak ongi ulertzea. Halako ikerketen helburua politika publikoei elementu fidagarriak ekartzea da, eta iritzi publikoa argitzea. Dena den, datu horiei soilik begiratuz ezin dugu hipotesirik egin faktoreei buruz, bestelako lan bat galdetuko bailuke», zehaztu du Decondek. Segur dena da Ipar Euskal Herriko baserrialdeak erakargarriak direla arras; Deconderen ustez, aztertu beharko litzateke pandemiaren urtea ikertu dutenez zer garapen izanen den heldu diren urteetan. «Hemendik bost urtera berriz eginen dugu ikerketa bera, dinamika hobeki marraztu ahal izateko», erran du.
Ingurumena, etxebizitza, bizi soziala
Dinamika hori zerk esplikatzen du? Hain zuzen, datuen gibelean diren hipotesiei interesatu zaie Alexandra Guison, Audap agentziako geografoa. Audap eta INSEEk elkarlanean egindako ikerketan parte hartu du, eta, bestalde, tesia egin du Biarnoko eta Zuberoako eremuen erakargarritasunari buruz. Lurralde horietara bizitzera etorri diren hainbat jenderekin mintzatu da datu horien esplikatzeko faktoreei buruz. 40 bat lekukotasun bildu ditu, 2013. eta 2023. urteen artean eremu horietara bizitzera etorri ziren pertsonekin, eta hortik hipotesi bat baino gehiago aitzinatu. Nabarmendu du «garrantzitsua» dela «sentipenak datu objektiboekin» parekatzea: «Ohartzen gara anitzetan sentipenek ez dutela osoki bat egiten datuetan ikusten dugunarekin», zehaztu du.
Guisonek ulertu nahi izan du «zergatik» eremu horietara jin ziren bizitzera. Nahiz eta hark Zuberoa eta Uhaitzeko Biarno kontuan hartu dituen, erran du hipotesiak barnealde autonomora hedatzen ahal zaizkiola. Gehien entzun duen argumentua bizi ingurumenaren kalitateari lotutakoa da. «Nahiko berria iruditu zait ideia hori, baina bizi ingurumenari buruz ari ziren gehienak klima aldaketarekiko kezka batetik ari ziren. Ez baitezpada eguraldi ona delako, eta euri anitz egiten duelako, baizik eta gerora begira bizigarria izanen den eremua dela iruditzen zaielako», esplikatu du. Bestalde, «lurrarekiko harremana» garrantzitsua zaie etorritakoei. «Laborantzarekiko interesa badute, tokiko mozkinak jateko eta kontsumitzeko xedea dutelako», gehitu du.Â
Beste arrazoietarik bat etxebizitzen prezioarena eta eskuragarritasunarena da: kostaldean eta hiri baten eraginpean den baserrialdean prezioak gero eta gorago dira, eta alokatzen edo erosten ahal diren etxebizitzak, gero eta urriagoak. Adibidez, laborantzako proiektu bat duen jendea elkarrizketatu du Guisonek bere tesirako, eta argiki «ezinezkoa» zitzaien Kanbo eta halako guneetan plantatzea; beraz, gero eta barnealderago jo dute. «Oro har, anitzek esplikatu didate gibelatu eta gibelatu behar izan dutela, eta baserrialde autonomo batean atzeman dutela azkenean etxebizitza bat erosteko edo alokatzeko parada».

Eremu horietara bizitzera etorri direnek «zailtasun» batzuk ere izan dituztela kontatu diote Guisoni. Erraterako, «sozialki eta lanaren bidez integratzeko» zailtasunak izan dira gehienetan. «Ez da baitezpada erraza lan bat atzematea eremu horietan; egokitzapenak egin behar izan dituzte. Edo beren lana sortu dute, gehienetan laborantza arloan, edo telelanean aritzeko parada dute, edo beren arloari lotua ez zaion lan batean ari dira», erran du.
«Anitzek esplikatu didate gibelatu eta gibelatu behar izan dutela, eta baserrialde autonomo batean atzeman dutela azkenean etxebizitza bat erosteko edo alokatzeko parada»
ALEXANDRA GUISON Audap agentziako geografoa
Dena den, argi utzi du hark ikertu duen eremurako balio dutela esplikazio horiek, eta beharrezkoa izanen dela eremu bakoitzari loturiko faktoreei buruzko ikerketa xeheak egitea, dinamika orokorrei faktore komun batzuk lotzeko.
Erronka: «elkarbizitza»
Laburbiltzeko, Guisonek erran lezake 2020ko datuek aitzineko urteetako dinamikak «berresten» dituztela. Pandemiaren urtean izanik, ñabardura batzuk kontuan hartu behar direla erran du; adibidez, kanpoan ikasten zuten ikasle anitz itzuli zirelako gurasoen etxera. Halere, erran du «masazko etorreren mitoa» ez dutela baieztatzen datuek. «Dinamika egonkorra da, lurralde erakargarriak dira, baina ez da migrazio saldoaren bat-bateko igoera ikaragarririk».
Herritarren «sentipenek» eta datuek ez dute beti bat egiten, halere, eta pentsatzen du «ohitura eta bizimolde desberdinek» eragiten ahal dutela hori. Baserrialdeko eremuetan, gainera, herriek eta instituzioek jendea erakartzen segitu nahi dutela uste du, plantan diren zerbitzu publikoak mantentzeko —eskolak, garraioak...—. Horrendako, erronka «elkarbizitza» dela erran du. «Baserrialdeko nortasunari buruzko seminario bat egin dugu ikerketa ateratzean, eta partaide guziek galdetu dutena zera da: 'Nola egiten dugu elkarbizitza sustatzeko?'. Uste dut hori zinezko erronka bat dela, migrazio saldoaren eraginei bakarrik behatzea baino handiagoa».
ALOKAIRUAK, GERO ETA GARESTIAGO
Audap hirigintza agentziak 2024ko alokairuen prezioak aztertu ditu; alokairuen mugatzea indarrean sartu aitzineko azken datuak dira, 2024ko azaroan sartu baitzen indarrean neurri hori. Dena den, agerikoa da gero eta garestiagoak direla Ipar Euskal Herriko alokairuak: barnealdean, metro koadroko 8,3 eurorainokoak dira egun; tentsiopeko eremuan, 12,8 eurorainokoak. Urte bakarrean, 2023tik 2024ra, metro koadroko 0,4 euro garestitu dira alokairuak.Â
Â