Ipuinekin mitologia berpizten Irisarrin

Irisarriko Ospitalea ondarearen hezkuntza zentroak euskal kondairei buruzko erakusketa bat antolatu du urriaren 10era arte: ikustekoa eta entzutekoa.

Supazterraren eszenografia, Ospitaleko erakusketan, Irisarrin. LUKAS NESPERIA/OSPITALIA
Supazterraren eszenografia, Ospitaleko erakusketan, Irisarrin. LUKAS NESPERIA/OSPITALIA.
2026ko martxoaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Belarriak kilikatzeko parioa egin du Irisarriko Ospitaleak, begiek ikus ezin dituzten aztarnak berpizteko. Martxoaren 12tik urriaren 10era Mitologia, Euskal leienden bideetan erakusketa proposatzen du ondarearen hezkuntzarako zentroak. «Ipuinak nahi izan ditugu aitzinean eman», azaldu du Anna Ruiz Delval Ospitaleko arduradunak. «Ahozkotasunak ditu mitologiako pertsonaia eta lekuak transmititu. Horregatik helburutzat geneukan publikoari entzunaraztea».

Erakusketa kasko bat belarrietan, ederki gozatzen da: etxeko su bazterra, erreka ondo bat edo harpe sakon bat irudikatzen dituzten eszenatoki batean jarri, soinua hasteko botoia sakatu, eta ipuin kontatzaile batek galtzagorrien edo laminengana tiratzen du bisitaria, Irisarritik urrun. «Ipuinak mundua ulertzeko baliabide bat ziren, galdera existentzialei erantzun bat emateko», zehaztu du Ruiz Delvalek. Baita jakintzak gazteei helarazteko ere. Hala nola, Martintxoren zazpi ahaleginak ipuinak oroitarazten du garia udazkenean erein behar dela, eta igitaiarekin udan bildu. Jakintza horiek mendian bildu ditu Martintxok, basajaun erraldoiei iruzur eginez.

«Gizarte bakarti baten aurreiritzia deseraiki nahi genuen» 

ANNA RUIZ DELVAL Ospitaleko arduraduna

«Pertsonaia mitologikoak naturan bizi dira, gizakiek baliatzen dituzten leku beretan: harpean, mendian, oihanean». Jendeen eta entitateen arteko parekidetasun bat sortzen du topografiak, naturari lotuta. «Hori euskal berezitasun bat da», azpimarratu du Ruiz Delvalek «Euskal mitologiako pertsonaiak ez dira jainkoak: mundu berean bizi dira». Baina, horrez gain, beste mitologiek ere elikatu dute Euskal Herrikoa. Tartalo eta Homeroren Odiseako ziklopea konpara daitezke, eta Anbotoko damak ere parekotasunak ditu Erdi Aroko Melusina maitagarriarekin. «Gizarte bakarti baten aurreiritzia deseraiki nahi genuen», esplikatu du Ruiz Delvalek. Hots, euskal mitologia ez dela identitatezkoa. Horretara lotzen da erakusketaren bigarren partea, jakintza zientifikoari lotuta.

Hamar bat ikerlarirekin lan egin du Irisarriko Ospitaleak erakusketa antolatzeko. Historialarien eta arkeologoen arabera, Burdin Aroan (K.a. 800-50. urteetan) Akitaniako herriek, Garonatik eta Pirinioetaraino kultura eremu bera partekatzen zuten. Bi mila urte berantago, Pirinioetako ipuin eta kondairek historia eta identitate komun horren arrastoa atxikitzen dute.

XIX. mendetik, mitologia konparatuari esker, ulertu dute gizakiek mundua ulertzeko modu unibertsal bat zutela. Herri askok sustrai komunetatik sortu kontakizunak eta jainkoak edo entitateak partekatzen dituzte. Euskal mitologiak berezitasunak baditu, baina hori ez da berez berezitasun bat. Preseski, Ospitaleak eta Bonnat-Helleu museoak kolokio bat antolatuko dute elkarrekin irailean, azken ikerketen berri emateko. 

Gaurko sortzaileak ematen ditu argitan erakusketaren azken zatiak. Galtzagorriek, laminek eta basajaunek ilustrazioz beteriko pareta batean bizi hartzen dute. Deskribapen gutxi dituztenez ipuinek, interpretazio anitz posible dira. Eta horrela segitzen dute bizitzen kondairak.

HITZALDIAK

  • Apirilaren 3an. Euskal mitologia, landatik hirira, Thierry Truffaut antropologoak aurkezturik. Arratseko zazpietan, frantsesez. 
  • Apirilaren 30ean. Mari, euskal mitologiaren irudi garrantzitsua, Jon Mentxakatorre Odriozola Euskal Herriko Unibertsitateko doktoreak aurkezturik. Arratseko zazpietan, euskaraz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!