Hirurehun liburu irakurtzea. Helburu hori finkatu dute Irakur Kasko ekinaldiko kideek. Euskal Kultur Erakundea (EKE), Ikas zentro pedagogikoa eta Elkar argitaletxea batu dira erronka antolatzeko. Euskaraldiaren sistema bera aintzat hartu dute irakurketa sare kolektibo bat antolatzeko. Izan ere, parte hartzaileek banaka edo binaka eman dezakete izena, liburu bat irakurtzeko helburuz. Binaka izen emanez gero, biek liburu bera irakurri beharko dute, eta kide bat zurkaitz lanetan ibiliko da.
Proiektuaren antolatzaile Matilda Legardinieren erranetan, EKEk antolatu Elkartuz dinamikatik sortu zen Irakur Kasko. Literaturaz gogoetatzeko talde eragile bat muntatu zuten, eta ondorio hau atera zuten: «Nahiz jendea euskalduna izan, anitzek ez dute euskaraz irakurtzen». Elise Dilet Ikas pedagogia zentroko dokumentalistak ere agerian eman du euskaldun anitzek ez dutela ohiturarik euskaraz dokumentatzeko eta irakurtzeko. «Liburuzain gisa, ohartzen naiz irakasle anitzek, errate baterako, ez dutela batere euskaraz irakurtzen».
Zergatien artean, euskaraz irakurtzeko gaitasunik ez dutelako ustea nabarmendu du. Bertzeak bertze, eskolan euskaraz alfabetatu ez direnen artean sumatu du arrangura hori Legardinierek. Euskaraz irakurtzeko bertze oztopo bat «Hegoaldeko» euskara konprenitzeko zailtasunak dira haren erranetan. «Euskara batuan idatziak dira liburu gehienak, eta jende anitzek erran digu batzuetan euskara estandarra arrotza zaiola. Hain zuzen ere, euskara etxeko hizkuntza dutenek azpimarratu digute hori gehienik».
«Euskara batuan idatziak dira liburu gehienak, eta jende anitzek erran digu euskara estandarra batzuetan arrotza zaiola. Hain zuzen ere euskara etxeko hizkuntza dutenek azpimarratu digute hori gehienik»
MATILDA LEGARDINIER Antolatzailea
Baina trabarik handiena euskaraz irakurtzeko «beldurra eta ausardia falta» dira, haren ustez. Eta horri aitzin egiteko, «mugimendu bat» sortu nahi dute, jendea ohar dadin ez dela hain zaila euskaraz irakurtzea. Liburua ongi hautatuz gero, «konbentzitua» da jendeak irakurketa ohiturak alda ditzakeela. Ohitura aldaketan da «dena», Legardinieren arabera.
Horiek horrela, antolatzaileek euskara mailaren araberako liburuak proposatu dituzte, A1etik C1 maila arteko obrak, hots. «EKEren webgunean euskara mailaren araberako liburu proposamenak egin ditugu». «Gure irizpideen arabera egin dugu hautaketa, eta nolazpait uste dut ezin dela erran ‘ez dut maite euskaraz irakurtzea’, edozein liburu aurki baitaiteke euskaraz. Muga horiek gainditzea da helburua», gehitu du.

Justuki, binakako izen ematea proposatu dute antolatzaileek, irakurleak banaka ezin badu ohitura aldaketa gauzatzen ahal. Zurkaitzak zailtasunetan edo sostengu beharrean dagoenari laguntza ekar diezaioke. «Lagun horrek irakurketan lagunduko du, eta izena eman duten kideek nahi duten bezala gauzatu dezakete hori. «Kafe bat har dezakete liburua bukaturik edo, bestenaz, irakurketa erditsutan ere bai, irakurtzeko zailtasunez mintzatzeko», erran du.
Larrazkenean finituko da proiektua, baina sustapen programa ekainaren 6an hasi zuten, Ziburuko Disko eta Liburu Azokan, eta momentuz izen emate franko izan dituzte, Dileten erranetan. Orain, Euskaraldian bezalaxe funtsean, zereginari ekiteko traba ere gainditu beharko dute izena eman duten irakurleek, euskaraz mintzatzeaz gain, euskaraz ere irakurtzeko gisan.