Ipar Euskal Herrian arno aniztasun handia da, eta horren erakusleiho izanen da Irulegiko arnoaren besta etzi. Irulegin eginen dute, eta eskualde guziko hogei bat ekoizle bilduko dira; sor-markako mahastizainek eta sotoan ari direnek parte hartuko dute, eta 60 bat arno dastatzeko aukera izanen da. Mahastien bisita bat ere antolatu dute. «Helburua besta herrikoi bat egitea da, inguruko herritarrek gure errealitatea ezagut dezaten», erran du Gexan Costera mahastizainak.Â
270 hektarea mahats landatuak dira Irulegi sor-markapean gaur egun, eskualdeko dozena bat herritan: guti gorabehera eremuen erdia sotora doa, eta beste erdia mahastizain independenteek kudeatzen dute. Elkarrekin ari dira Irulegiko arnoaren sor-markaren sindikatuan. «Gure sor-marka iraunaraztea, babestea eta garatzea da xedea, zentzu onez arituz. INAO Frantziako sor-marken egiturarekin eskuz esku ari gara, eta laguntzen gaituzte baldintzen bilduma egiten, osatzen, eguneratzen eta hobetzen. Gure arnoen kalitateari eustea eta hobetzea da helburua», esplikatu du Costerak. Finean, eramaten duten lan horren ezagutaraztea izanen da igandeko bestaren muina.
Beti egokitu behar
Azken bost urteotan argiki sentitzen dituzte klima aldaketaren ondorioak mahastizainek, Costeraren arabera. «Ez da bakarrik berotzea; hitz egokia aldaketa da. Hezetasun handia da, ortzantz biziki bortitzak... Kasik klima tropikal bat dugu primaderan», gaitzetsi du. Udan, berriz, berote handiak ukaiten ahal dituztela esplikatu du. Eta batzuetan, muturreko bi fenomenoak, egun guti barne. «Hori da guretako ohargarriena: arnoaren ekoizpena %30 apaltzea eragin du horrek azken urteetan, eta, beraz, zailtasunak etxaldeetan». Â
«Guk mahastia landatzen dugularik, kasik bizi guziko egiten dugu. Landare iraunkorrak dira, beraz, gogoeta eta ondorioak biziki luzera begira pentsatu behar dira; ez da egunetik biharamunerako aldaketa. Behaketa luzeak behar dira»
GEXAN COSTERA Mahastizaina
Sor-marka, preseski, BLE elkartearekin partaidetzan ari da mahastizainen arazoei buru egiteko aterabideak plantan ezartzeko. Sustut, alde teknikoari begirako gogoetak egiten dituzte. Costerak esplikatu du «luzera begirako» erronka dela. «Guk mahastia landatzen dugularik, kasik bizi guziko egiten dugu. Landare iraunkorrak dira, beraz, gogoeta eta ondorioak biziki luzera begira pentsatu behar dira; ez da egunetik biharamunerako aldaketa. Behaketa luzeak behar dira», zehaztu du.
Egiteko manerak birpentsatzera akuilatzen ditu klima aldaketak, beraz. Kontzientzia hori herritarrei harraraztea ere izanen da sor-markaren bestaren helburua, Costeraren ustez. «Egun horretan parada ukanen dugu herritarrekin mintzatzeko, gure egiteko manerak zein diren transmititzeko, eta nola egokitzen garen ikusarazteko. Argi da gure lana esplikatzea dela gure lanaren zeregin nagusietariko bat». Igandean egiten ahalko diren mahastien bisiten bidez, mahastizainen egin moldeei buruzko esplikazioak ematea izanen da helburua, eta azken urteetako kezkei erantzuteko aterabideak azaltzea ere bai.
EGITARAUA
- Dastaketa. 10:00etatik 17:00etara.
- Mahastien bisita oinez.
10:00etan eta 15:30ean.
- Mahastien bisita trotinetaz. 10:00etan, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan.
- Pilota partida. 17:00etan.Â
- Kontzertuak. Kalume eta DJ Estelle, 19:00etan.
Â