Otsail Ostegunak 1997an abiatu ziren; kontzeptua zen euskarazko konferentziak urtero egitea, euskararen komunitatea biltzeko, Amikuzekoa lehenbizi, besteak ere ongi etorri, eta Euskal Herri osoko hizlariei plaza baten eskaintzeko, euskaratik eta euskaraz egiten zutenei hain zuzen.
Ordu hartan, euskara betezko konferentziak ez ziren hainbeste entzuten. Geroago, itzulpenekilakoak jin ziren han eta hemen.
Beraz, hiru konferentzia edo hitzaldi mota badira gaur, frantses hutsezkoak, euskara betezkoak eta itzulpenekilakoak, eta itzulpenetan, bi mota izan ahal badira ere, gehienak dira euskarazkoak frantsesera itzuliak beharri zilora.
Hizkuntza batek irauteko, bere-berezko guneak behar dituela jakina da, horrela ulertzen dugu itzulpenik gabeko euskarazko hitzaldien egiteko arrazoia.
Bihotzeko zimikoa egiten diguna zera da, euskaratik eta euskaraz landua izanagatik gaia frantsesez ematera behartzen dutela hainbat kultur edo ondaregintzako instituzio edo elkartek.
Halako batean hemen gaindiko elkarte batek gure kide bati konferentzia baten egitea galdegin zion. Gureak erran euskaraz egiten zuela eta itzultzailearena gure gain hartzea proposatu. Haiek ezetz, ez zela posible, frantsesez egiten zituztela, eta beren jende bat ez zela jinen itzultzaile sistema ezarririk ere...
Trufa musika baino handiago, talde hartako euskaltzale-abertzale tindukoak, bota zigun: «Beharko duzue umiliatu!». Umiliazioa zen, bistan da, nahiz «umildu» erran nahi zuela uste dudan, baina lapsusak hitz zuzena erakutsi zuen!
Dena den, ondoko urtean onartu zuten eta egin genien hitzaldia euskaraz, beren programaren baitan, itzulpena gure gain hartuz. Jendea berdin bildu zen.
Nola onarrarazi, ez bada baliatuz, hizkuntza hau hemengoa dela, baliatzen dutenena eta berdin ez dutenena. Deabruen pedagogia (politiko) ariketa zaigu euskarazko hitzaldiak egitea toki horietan eta itzulpen kaskoak orokortzea, elkarteetan trumilka integrazio sozial bila dabiltzan horiek kontuan har dezaten hau Euskal Herria dela, intelektualki baino gehiago, beren gorputzetan sentituz (kaskoaren berotasunarekin batera).
Beste galdera hau da: uste ote dugu gure herria eta hizkuntza lotzen duten gaiak euskaraz emanik ala frantsesez ber mezua ematen ari garela? Ez bide du horrela izan, ezen, adibidez euskaraz hedatu historiako gaietan (nafar erresumaz edo sorginkeriaz) gertatzen da frantses ikerlari zenbaitek laster mespretxuzko kexuak zabaltzen dituztela, politikoki orientatuak garela, gure ikuspegien eta interesen araberako ondorioak jalgitzen ditugula... Beraienak alabaina desbideraketa horietaz salbu baitira! Adibidez, azkenik ikusi dugun erromatar garaiko hatzen erakusketa batean, gai izan dira orduko mapan hamabost bat mende berantago ezarri muga franko-espainola marrazteko. Bistan da, mugarik ez zen, eta erromatarrak denetan baziren! Hor ez bada ikuspegi historikoa beste ikuspegi aitortu ezinez baldintzatua!
Beraz, euskaraz konferentzien egitea, batetik, formakuntza politikoaren parte da (frantsesez egitea den bezala). Eta, bestetik, euskaraz eta Euskal Herriaz landu gaia frantsesez egitea gure existentzia ondare eta iraganeko kontu egiten du. Euskaraz egiteak, logika probintziano frantsesetik jalgitzen gaitu, bizirik den gure historia eta herriaren izatearen lekuko eginez.
Azkenik, euskara ulertzen ez dutenei buruzko errespetua erabiltzen da justifikaziotzat, euskaldunei buruz errespetu eskasik gertatzen ez balitz bezala. Hizkuntza bat lantzean, baliatzean, erabiltzean da bizitzen, aberasten; sinetsi beharko genuke, lehenbizi guhaurek.
Hau konferentzia egitera gomit direnei eta beren gomitatzaileei luzatu dei bat da!
Taloa itzultzeko garaia da, itzuli-mitzuli ibiltzea gure komunitatearen interesen kontra itzultzen baita!