Duela lau hilabete, haize berri bat sentitu zen Ipar Euskal Herrian: mugimendu baren eta asanblada baten sorreraren berri zabaldu zen sare sozialetan: Ipar Euskal Herriko Asanblada Transmaribibolloa. Zenbait seinale barreiatu ondotik, azkenean iragarri dute «Harrotasun martxa erradikal bat» izanen dela irailaren 19an, Baionako karriketan; lehen aldia izanen da Ipar Euskal Herrian halako zerbait egiten dena. Halere, Ipar Euskal Herriko LGTBI komunitateak eta elkarteak inarrosi ditu, denek ez baitute begi onez ikusten berrikuntza.
Taldearen jatorria esplikatzen hasi da Joana Detxart militantea. Kontatu duenez, duela urte bat sortu zuten asanblada, hainbat mugimendu sozialetatik jinak ziren militante andana batek bultzaturik, beharra sentitzen baitzuten ikuspegi transfeminista eta queerretik abiatutako mugimendu bat sortzeko. «Sare bat sortu nahi genuen. Horrez gain, ikusiz egoera politikoa okertzen ari dela, eskuin muturra eta orotako erasoak goiti egiten ari direla, zerbait egin behar genuen. Eta bistan da, Euskal Herria ez da hortik kanpo. Beraz, bagenuen elkartzeko beharra». Bilkurak egin ahala, ildo politiko zehatzak eta oinarriak landu zituzten; gutun bat edo taldearen printzipioen zerrenda bat izan zen horren emaitza, eta sareetan hedatu dute. Halaber, trenkatu zuten harrotasun martxa erradikal bat izan zitekeela ekintzak egiten hasteko lehen urratsa.
Transfeminismoa eta elkartasun transbertsalak, antikapitalismoa eta antipatriarkatua, gorputz disidenteak eta heteroarau zapaltzailea, antikolonialismoa eta antirrazismoa, eta lurraldea eta hizkuntza; horiek dira zehaztu dituzten aldarriak. «Hastapenetik argi eta garbi genuen aldarrikapen politiko zehatz bat jorratu nahi genuela, beharrezkoa baita kokatzea. Ez dugu ertzetatik soilik aritu nahi. Kontsideratzen dugu gure harrotasuna erradikala dela, errora joan nahi baitugu askapen orokor bat aldarrikatzeko». Detxartek uste du asanbladaren oinarriak biltzen dituen testuak «zilegitasuna» ematen diela, lanketa sakona, hausnartua eta luzea izan baita. Gainera, tresna garrantzitsua eta interesgarria egiten zaio, Ipar Euskal Herrian ongi kokatzen baitu haien mugimendua, eta haien ikuspegia hastapenetik finkatzen.
Erradikaltasuna, ez denen gustura
Ekainean, Mediabask hedabidean, Les Bascos elkarteko kide Patrick Colinek agertu zuen zer iritzi zuen harrotasun martxa erradikalari buruz. Hau erran zuen: «LGTB+ komunitatearen eskubideen alde borrokatzen gara. Ezin dugu mundu osoko zorigaitz guztiez arduratu. Ez gara sartzen alderdi politikoen kontuetan eta erlijio kontuetan. Kasik 70 urte ditut, eta badu 50 urte borrokatzen naizela. Sentitzen dut gure borroken erradikalizazio hau ikustea, dena nahasten baitugu, eta uste dut horrek kalte ekartzen digula».
Halere, Ipar Eusal Herriko Hitza-k iritzia galdetu dio Michaella Clapisson Les Bascos taldeko lehendakariari. «Les Bascos elkartean uste dugu badela leku ororentzat eta nahi duen ororentzat. Harrotasun erradikalak bere ildotik eta bere ideietatik abiatuz antolatu du martxa, guk gureetatik abiatuz, eta ez dugu arazo izpirik ikusten. Errespetuz ikusten dugu. Eta gainera, gure ustez bi mugimenduak osagarriak izan daitezke». Azaldu du Les Bascosekoek ildo «instituzionalagotik» eramaten dutela beren borroka, eta gizartean aktiboak izanez erakusten dutela desadostasuna eta oldartzea.

«Erradikal» hitzarekin bat ez egin arren, gaur egungo gazteen «haserrea» plazaratzeko modua dela uste du Clapissonek: «Belaunaldi berria haserre da, eta oldartzeko beharra du. Hisia modu horretan plazaratzeko beharra du, gustatu ala ez. Halere, ezinbestekotzat jotzen dugu gisa anitzetako posizioak izatea LGTB+ pertsonen kontrako diskriminazioak borrokatzeko, nahiz eta ez ber bidetik joan eta ez ber metodoak baliatu». Azpimarratu du mugimenduen arteko elkartasuna zaindu eta sustatu behar dela.
«Uste dut diskurtso hetsi horiek jende pribilegiatuarenak direla. Ikuspegi izugarri zuri eta hegozentrikoa da. Gure mugimenduan ezin ditugu borrokak hautatu; beharrezkoa da osotasunari begiratzea. Justuki, disidenteen borrokak denenak dira, denen eta denen askapenaren aldekoak; horretan gara erradikalak», erantzun du Detxartek. Horren adibide, Palestinaren askapenaren aldeko borroka aipatu du: «Kritika anitz entzuten badira ere, herri horren askapena erabat kokatzen dugu gure borrokan: guk gorputzen eta lurraldeen askapena aldarrikatzen dugu».
Zuriketa arrosaren kontzeptuarekin lotu du diskurtso hori, baita urtero Miarritzen egiten den Harrotasun Martxarekin ere. «Ez ditugu gure identitateak folklorizatu nahi. Gauzak era kolektiboan ikusten ditugu, eta ez ditugu dretxo indibidualak defenditzen. Mundu hori iraultzeko xedea dugu, sistema zapaltzaile, arrazista, heteroarautu, patriarkal eta kapitalista horretatik urrundu eta sistema horretatik at pentsatzekoa. Haien diskurtsoa hau da: ‘Naizen bezala onar nazazue, eta jokoaren barne izanen naiz’. Horrek erran nahi du sistemaren barne zarela, eta hein batean konplize zarela».
Lehen hazia, Bekat'uros
Arras indartsuak ez badira ere, queer mugimenduak eta mugimendu transfeministak egoera «polita» dute Ipar Euskal Herrian, asanbladako kidearen ustez, eta horrek die gogoa piztu beste zerbait muntatzeko. «Ipar Euskal Herrian beti kanpora begiratu izan dugu mungimendu transfeministari eta LGTB+ arloari dagokienez, izan Hego Euskal Herrira edo inguruko beste lurralde batzuetara. Beste lurraldeetako erreferentzietatik inspiratu nahi genuen, gure lurraldeari lotuak diren erreferentziak sortzeko».
«Ez ditugu gure identitateak folklorizatu nahi. Gauzak era kolektiboan ikusten ditugu, eta ez ditugu dretxo indibidualak defenditzen. Mundu hori iraultzeko xedea dugu, sistema zapaltzaile, arrazista, heteroarautu, patriarkal eta kapitalista horretatik urrundu eta sistema horretatik at pentsatzekoa»
JOANA DETXART Asanbladako kidea
Nahiz eta kanpora begira izan diren, Iparraldean ere badira kolektibo edo ekitaldi inspiragarriak, haren erranetan; Prefostak Atharratzen antolatzen duen Bekat'uros eguna, konparazio batera. «Orain arte ez baitzen harrotasun martxa erradikalik hemen, inspirazio iturriak ukan ditugu, eta horien artean Bekat'uros izan da garrantzitsuena, eredugarriena. Euskarari hainbesteko lekua uztea, barnealdeko leku ttipi batean egitea… Egun hartan ohartu ginen ez ginela bakarrik, uste baino askoz gehiago ginela. Egun hori abiapuntu bat izan da anitzentzat, gauza gehiago egiteko. Uste dut Bekat'urosek erein dituela haziak eta pentsaketak». Ezinbestekoa ikusten du harrotasun erradikalaren barnean leku nagusia euskarari ematea, eta euskara borrokarekin uztartzea: «Euskaraz bizitzeko bai borroka eta bai gure nortasunak».
13:00etan piknika eginen dute, oraindik zehaztua ez duten leku batean. 15:00etan manifestaldia izanen da. 19:00etan, Zizpa gaztetxeak ateak zabalduko ditu. 20:00etatik goiti ikusgarriak izanen dira, eta oholtzara igoko dira Añatollah eta Barbie Maddibu, Oxy Mesmore, Maskarade, Xanaxa, Frak, Kosmik Frik, Betty Bouche eta Mekreatura. Ondotik, 22:30etik goiti, Alu Zikinak taldeak, Aloe Vera DJak eta Linda De Morrir DJak joko dute. «Egun horretako helburua karrikara ateratzea izanen da, aldarrikapenak ekarri eta ahal bezain inklusiboak eta orotarikoak izatea; denentzat izanen da tokia».