Aitor Zabaleta

Izarren hautsa

2026ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Desesperantza borroka irabazten ari zaiguk». Udaberriko oporrak amaitu berritan bi nerabe artatu dituzte lehen bi egunetan Baionako ospitalean «intoxikazio boluntario» bana tarteko. «Duela gutxi kasuak ez zituan hain ohikoak, gure eguneroko errealitate bilakatu dituk», aitortu dit ospitalean lan egiten duen lagun batek.

Unibertsitatean ere nagusitzen ari den desesperantza. Geroz eta ikasle gehiagok antidepresibo, antsiolitiko eta gisako tratamenduak dituztela ohartarazi baitit irakasle batek. Geroz eta jende gehiagok adimen artifiziala erabiltzen duela ere irakurri dut berriki. Ez lanerako, beren bakardadeari aurre egiteko baizik. Konpainia egiteko. Ulertuak sentitzeko.

Bakardadea, desesperantza eta pilulak. Triangelu makabroa baina ez inozoa. Introspekzio indibidualista, egozentriko, eta ustez, askatzaileak nagusitu dira gurean ere. Baina Hamelingo txirulariren gisan, kanta ederren eskutik bidea marraztu digute modu koloretsu eta erakargarrian. Gure izaera kolektiboari, eta honekin lotuta dauden borrokei, bizkarra eman eta gure helburu nagusi «plazer» indibiduala bilakatu dugu; gutariko bakoitza txikiago, ahulago eta hauskorrago eginez. Funtsean, kapitalismoaren marko guztiak irentsi ditugu. Garcia Marquez idazle kolonbiarrak behin esan zuen: «Bakardadea ez da bakarrik egotea, hutsik egotea baizik». Eta horrelaxe gaude: hutsak. Eta horrela jarraituko dugu diru zakar eta bihozgabea gogor eta estu lotzen dugun artean. Izarren hauts berri bat bizigai bilakatzen ez badugu, Maialen Lujanbiok aldarrikatu modura, «borroka irabazteko desesperantzari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA