Arantxa Idieder

Izenak egiten gaituelarik ezina

2025eko uztailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zerk egiten gaitu euskaldun? Edo, barkatu, zerk egiten gaitu basque? Gure ekintzek egiten gaituztela erraten ahal genuke, edo gure erosteko boterea nola erabiltzen dugun; baina gai hori beste aldi batean aipatzekoa da.

Basque hitza nahitara erabiltzen dut, hitza bere esanahiaz hustua dela iruditzen baitzait, errea dela. Gâteau basque, pelote basque, force basque; horiek dira, beraz, gure nortasunaren oinarriak, gure kulturarenak, basque egiten gaituztenak? Bederen, zure produktua saltzeko, hitz hori edozer ekoizpeni lotzen badiozu, salmenta efikaza izanen duzu. Euskaldunak erosiko duen, hori beste galdera bat izanen zen. Baina zein euskaldunez ari gara? Galderarik ez dut eskas gaur.

Euskal Hirigune Elkargoaren logoak beti begietako mina eragin dit. Pays Basque frantsesez, Euskal Herria euskaraz. Itzulpena, funtsean, egokia da. Baina Euskal Herria zazpi probintziaz osatua bada —inkas oroitarazteko zein diren: Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa, Araba, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa— , horrek erran nahi du, beraz, Jean Rene Etxegarai euskaldun guzien lehendakaria dela? Ipar Euskal Herriko turismo bulegoaren webgunean, lehen hitzek sistema bera erabiltzen dute, kasik abertzaleak direla sinets genezake, gainera: «Voyage en Pays Basque», edo euskaraz «Ipar Euskal Herria gozatu».

Hor, Frantziako instituzioak argitan ematen ditugu, baina Euskal Herri barnealdea aipatzen duelarik esatari batek irratian, Garazi aldea aipatzeko, gure lurraldea izendatzeko ezinen zerrenda egunero luzatzen ahal genukeela gogora heldu zaigu. Eta balio dea aipatzea Ipar Euskadi kontzeptu zaharberritu eta nahasle hori? Izena badu, bada erabiltzen da mitologian. Eta gaizki izendatua dena, bada? Ala zer da?

Galdera pare bat opari, uda giro honetan, «Frantziara» oporretara joanen den gipuzkoarrari, eta «Espainiara» joanen den zuberotarrari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.