Nahia Zazko: «Jakin behar da begiratzen, egokitzen eta, funtsean, xume egoten»

Bidaiatzean, Boliviako emazte komunitate batean laguntzaile gisa engaiatu zen Nahia Zazko. Bertan, genero zapalkuntzak ezaugarritzen duen errealitate baten lekuko izan da.

Hazparne
2025eko uztailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Latinoamerikan egon da Nahia Zazko (Lekuine, 1998) zenbait hilabetez. Bidaiako hainbat esperientziaren artean, Boliviako emazte komunitate batean murgiltzeko aukera ukan du. Genero bortizkeriatik atera, eta ahalduntze prozesuan laguntzen dute. Espero ez zuen esperientzia horrek markatu du.

Zergatik bidaiatu zenuen Latinoamerikara?

Pixka bat bidaiatu nuen lehenagotik, bakarrik. Baina Latinoamerikara bakarrik joatea aspaldiko ametsa nuen. Beldur nintzen, eta ez nintzen ausartzen. Pentsatzen nuen behar nuela gehiago bidaiatu: bakarrik eta hurbilago. Azkenean, ortofonista eskolako diploma ukan eta urtebetez lan egin nuen, eta, egun batetik bestera, joatea erabaki nuen, pentsatuz ez banuen orduan egiten ez nuela goaitatuko ez dakit zenbat denboraz. Banekien han berean ez nuela hegazkina hartu nahi. Horrek bideratu zuen pixka bat nire bidaia. Segur nintzen Kolonbiara eta Perura joan nahi nuela. Tartean, mapa begiratu, eta Ekuador eta Boliviatik pasatuz bidaiarako bide egokia zela pentsatu nuen. Banekien lanaren arabera ere gutxi gorabehera zortzi hilabetez joanen nintzela. Baldintzak horiek ziren.

Hainbat aktibitate egin ondotik, elkarte batean esperientzia berezi bat ezagutu izan duzu.

Joan aurretik ez nuen horri pentsatu. Ez nekien posible zenik elkarte batean lan egitea eta haiekin bizitzea. Hala ere, lagun batek antzeko bidaia bat egin zuen aitzineko urtean, eta hura deitzea erabaki nuen. Informazioa hartzeko eta kalakan hartzeko. Orduan aipatu zidan pasatu zituela hiru aste emazte komunitate batean, eta kontaktua pasatu zidan. Ene bidaiari ez nion hainbeste zentzurik ikusten etengabe turismoan izanez. Lekua anitzetan aldatzen nintzen, eta biziki iragankorra zen dena. Zentzu galtze bat izan zen. Horretarako, zentzu bilaketa horretan eta esperientzia polit bat bizitzeko asmoz, Adelante Mujer emazte elkarteari mezu bat igorri nion.

Nolako elkartea da?

Bortizkeria pairatu duten emazteendako sortu zuten. Orain, denentzat da, baina parte hartzaileen gehienak halako egoera bat bizi izanik heldu dira. Lau lagun komunitate horren egoitzan bizi izan ginen. Gure lana zen etxe hori garbi mantentzea, komunitatearen tailerrak bertan egiten zirelako. Elkarte horren helburua, haiek diotenez, «bortizkeriarik gabeko biziak sortzea» da. Zinez ekintzan oinarritua da, eta hori biziki interesgarria atzeman dut; batez ere, Bolivian bortizkeria oso sistemikoa delako, orokorrean emazteen eta haurren kontra. Ondorioz, haien gogoeta da: «Ez bagaituzte babesten, guk ikasi behar dugu geure buruen babesten». Horretara iristeko, tailerrak eta konferentziak egiten zituzten, emazte horien ahalduntzea helburu.

Europan anitz ari gara teorian, prebentzioan, manifestazioetan... Baina han, bortizkeriatik ateratzeko, indarra berriz hartu behar dute. Bortizkeria ez baita bakarrik kolpeena: ekonomikoa da, soziala... Adibidez, Bolivian, emazte biziki gutxik gidatzen du autoz; hori bortizkeria mota bat ere bada. Txikitatik zapalduak dira anitz, eta zapaldua zarelarik bizi osoan, ez duzu kontzientziarik: zer egiten ahal duzun eta zer ez. Zapalkuntza hori herrialdearen garapen orokorrari lotua zaio, Bolivia ez da inguruko herrialdeak bezain garatua. Ondorioz, horrelako elkarteentzat etengabeko borroka da: finantzaketa iturriak falta dituzte, eta estatuak ez die diru laguntzarik ematen. Diru laguntzak ukanik ere, funtsean, ez lituzkete onartuko, haien ustez estatuak zapaltzen dituelako. Azkenean, brikolatzen ibiltzen dira, baina hortik gauza politak ateratzen dira.

«Laguntzaileok denok azal kolore zurikoak ginen, europarrak edo Ameriketako Estatu Batuetakoak... Baina antolatzaile guziak lekukoak ziren, Boliviakoak. Iruditzen zait hori garrantzitsua dela, lekukoek antolatzea berena, buru izan daitezen, eta, gero, beharrez, kanpoko laguntza onartzea»

Komunitate horretan pertsona asko ezagutu dituzu?

Bai. Elkarbizitza zen. Emazte bakoitzak bere istorioa kontatzen zuen. Bakoitzarekin ezberdinki jartzen zara harremanetan. Laguntzaileok denok azal kolore zurikoak ginen, europarrak edo Ameriketako Estatu Batuetakoak... Baina antolatzaile guziak lekukoak ziren, Boliviakoak. Iruditzen zait hori garrantzitsua dela, lekukoek antolatzea berena, buru izan daitezen, eta, gero, beharrez, kanpoko laguntza onartzea. Emazte asko ziren; batzuetan haurrekin heldu ziren, ez zutelako nehor haien zaintzeko. Hori ere osoki berria zen emazteentzat: pentsaezina zitzaien beren buruarentzat soilik momentu bat ukaitea, zaintzarik gabe. Horretarako, anartean, guk genituen emazteon haurrak zaintzen. Interesgarria izateaz gain, gogorra zen batzuetan, ez zirelako usatuak horrelako egoerei. Hala ere, denen arteko loturak garatzeko ariketa polita zen.

Interesatuak direnentzat, gomendio berezirik baduzu?

Aholku bat ematekotan —eta saiatu naiz aplikatzen—, xumea egotea litzateke, bere lekuan egotea. Lehenik, anitz entzun behar da, bakoitza bere xokoan egonez, nahiz eta ezagutzak ukaiten ahal dituzun alor ezberdinetan. Oroitzen naiz, adibidez, egun batez, europarra zen gizarte langile batek plantan eman zuela emazteen arteko eztabaida bat; mahai inguru bat, bakoitzak zer sentitzen zuen ikusteko. Ez zuen batere arrakastarik bildu, parte hartzaileek ez zutelako maite beren emozioen adieraztea. Ez zuten sekula ikasi mintzatzen horri buruz; beraz, ariketa biziki zaila zitzaien. Ongi da saiatzea, baina jakin behar da begiratzen, egokitzen eta, funtsean, xume egoten.

Oroitzapen zehatzik gogoratzen duzu?

Momentuak, gehienbat. Hainbeste pertsona ezagutu ditut, non eta denez gogoratzea zaila den. Pertsona biziki sentikorra naiz; beraz, batzuetan nahitara distantzia pixka bat ematen nuen. Horretarako, momentuek naute gehiago markatu, elkarbizitzan sortutakoak. Ohartu naiz edozein egoeratan sortzen ahal direla gauzak, dinamika, baita baldintzak oso gogorrak izanez ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.