Prokuradore berria izanen da laster Baionan. Azken bost urteetan, Jerome Bourrierek bete du kargua, baina berriki jakinarazi dute Perpinyako (Katalunia) fiskaltzaren ardura hartuko duela. Oraingoz ez dute jakinarazi nor izanen den haren ordezkoa Baionan.
2020ko otsailean iritsi zen Jerome Bourrier Baionara, eta gaur egun 54 urte ditu. Baionan izan duen pasartean, politika judizial zorrotza eramateagatik nabarmendu da. Azken urteetan, kasu bereziak kudeatu behar izan ditu, besteak beste, Laure Zaccheloren desagertzea Urruñan eta Agnes Lasalle irakaslearen erailketa Donibane Lohizunen. Berriki, Ane Lindanek EHZ festibalean egindako ikusgarriagatik ikerketa ireki du Bourrierek.
Horrez gain, esperimentazio prozedura bat plantan eman zuen Ipar Euskal Herrian, zeinak droga saltzaileen telefonoak bahitzea ordenatzen zuen. Apirilean, Gerald Darmanin Frantziako Justizia ministroak neurri hori Frantziara zabaltzeko aukera aipatu zuen, Bourrieren ikuspegiarekin bat eginez. Arau horren gogortasuna nabarmendu nahi izan zuen, droga trafikoen problematikari erantzuteko «kontsumitzaileen errepresio handia asumitzeko beharra» bazegoela adieraziz.
Oraindik ez dute jakinarazi Bourrieren ordezkoaren izenik. Bestak dira Baionan. Bourrier berak X sare sozialean bestetan duen inplikazioa frogatu nahi izan du: «2025eko Baionako bestak abiatu dira. Fiskaltza prest dago, barne segurtasun indarrek eta Estatuaren zerbitzuek lagundurik». Perpinya aldean bere izendatzea ofizialki argitaratu den arren, bere funtzioak irailaren lehenean baizik ez ditu hartuko.