Baionako Fiskaltzak Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioaren salaketarekin bat egin du, eta ikerketa hasi du Ane Lindane artistaren aurka. Esposizio sexuala, degradazioa eta erlijio arrazoiengatiko gorrotoa bultzatzea leporatu dio, Arberatze-Zilhekoako (Nafarroa Beherea) elizan gurutze batekin masturbazio bat simulatzeagatik. Frantziako eta Espainiako estatuetako legeak desberdinak direnez, ordea, Baionako Fiskaltzak ezin izan du fundazioaren akusazio berdina egin. Hain zuzen, sentimendu erlijiosoei eraso egiteak —Espainiako Zigor Kodearen 525. artikuluan zehazten da— ez du pareko zigorrik Frantziako legedian.
EHZ jaialdiaren azken egunean Lindanek eman zuen bakarrizketa baten harira abiarazi dute ikerketa, eta festibaleko antolatzaileekin eta parrokiako kideekin hitz egingo duela aurreratu du jendarmeriak. EHZko antolaketa taldeak gaur atera du gertatutakoaren inguruko komunikatua, eta barkamena eskatu die «minduta» sentitu diren guztiei.
Festibaleko antolatzaileek adierazi dute ez dutela inolako polemikatan sartu nahi, eta «adierazpen artistikoaren askatasuna» defendatu dute gaur kaleratutako oharrean. «Egoera hau gorrotoa sustatzeko eta gezurrak zein diskurtso iraingarriak zabaltzeko baliatzen dutenengandik urrun egonen gara», berretsi dute.
Artistak berak zabaldu zuen EHZ jaialdian eskainitako emanaldiaren bideoa sare sozialetan, eta oihartzun handia izan du. Lindanek berak kontatu duenez, Elizaren instituzioan gertatutako sexu erasoak salatzeko sortu zuen performancea, katolizismoaren erroak kolokan jartzeko.