Gure hitzak erran berriz erran, dio Asteasuko Atxagak, eta badakigu euskararen kasuan zein egia den. Baina ezin erranarekin zer?
Duela hamabi urte Txomin Peillen idazle xiberotarra gure Hebentikeneko xokora gomitatu genuen gai baten aipatzera: literatura eta zentsura. Hark aipatu zigun kanpoko zentsura, tinkatzen gaituzten auzo erraldoiena, Espainia eta Frantzia, unak, grandeak y libreak. Baina beste bat ere aipatu zigun, barnekoa, hau ez baitzaigu hain gozoa entzuteko, hots euskaldunen artekoa. Nola liteke hori? Gainera beste xiberotar baten adibidea hartu zigun, Jon Miranderena, Peillen bezala Parisen sortua, haren adiskide hurbila izana. Auzia bertan hetsi nahi bada sinplea da: nazi ideiez kutsatua, pedofilia hunki duena (lumaz eta hitzez baizik ez bada ere). Baina beti epai sinpleegiez mesfidatu behar dela iduri zitzaidan, iduri zait, agian iduri dakidake bihar ere. Nik irakurri nituen hitzetan bazen, eta bada beste boz bat, Xiberoko ahairea duena ere tarteka: ilargi laurdena jan zuten igelak, Ortziren ttunttunaren hotsa, emazte zahar bat... hiltzaile, Goizian goizik gure Xiberoko estandarraren irakurketa berri eta ausarta, eta behi filosofoak ere, Garindaineko soro batetan mintzo!
Eskerrak azken hilabete hauetan (gure) Mirande azaleratu duten haren zale eta antizaleek (hau konplimendu bat artista batentzat, inor ez baitu hotz uzten!). Eta gure Hebentikeneko xokoan ibili da Mikel Soto nafarra. Ezin uka maite duela, haren kontraerranengatik ere gehiago behar bada... Hark egin duen balentria ezinezkoa gutik egin dezake: urteetako lana (Mirande, herriminez, ezin minez, Mikel Soto, Elkar, 2025) bi orenez bildu, tinkatu, guri agertu, eta guk (barka, nik)... ehuneko berrogeita hamarra ulertu! Baina ez zen hori kontua: bera ez zela prokuradorea, ez abokatu, baina ez borreroa ere. XX. mendeko jendartearen argazki bat eman digu, «gure» argazkia hots, ez distiratsua, ez perfektua, dagoena. Itxarok dion bezala, «literaturan ez da bide justurik, ez erdibiderik»...
Bai ba omen zen bipolario, baita gaitasun handiko haurra, hogeiez goiti mintzaira ikasi eta erabiltzen zituena ere, euskararen XX. mendeko iraultza-batuan aitzindari izan zena, bretoiekin bretoieraz ari zena, hebreera ere zerabilena, bai eta euskal hitzak inoiz bisitatu ez zituen baratzeetara ekarri zuena, ezin errana adierazi nahi zuena.
Ene auzitegi gorenak ezin dezake epaitu, inkonpetente deklaratzen dut. Inkonpetente baina euskal hitzaren libertateaz gose. Zergatik idatzi erran badaiteke?