Hitzaldia abiatzeko hitz bat behar, eta Poskolonialismoa adostu zuten Zabalik elkarteko kideek eta Joseba Sarrionandiak, eman behar zuen hitzaldiarentzat. Otsail Ostegunak zikloaren karietara etorri zen idazlea Donapaleuko Touzaa etxera, otsailaren 5ean. Honetaz eta hartaz, baina bereziki kolonialismoaz, euskal literaturaz eta itzulpengintzaz mintzatu zitzaien gela mukuru bete zuten dozenaka lagunei.
Honela abiatu zuen hitzaldia Sarrionandiak: «Uste oker bat nuen nik kolonialismoaz. Deustuko Unibertsitatean ikasi nuen soziologia, eta, garai hartan, kontatzen ziguten itsasoz haraindikoak zirela koloniak, eta XV. mendetik at gertatu zen fenomeno bat zela». Garaiko pentsalari batzuek, ordea, jadanik teorizatu zuten Euskal Herria ere kolonia bat zela, hala nola Manex Goihenetxek eta Emilio Lopez Adan Beltzak. «Baina nik ez nituen sinesten!», erran du Sarrionandiak, eta publikoak irri. Mintzatu ahala, esplikatu du gerora «bitxia» eta «absurdoa» egin zitzaiola unibertsitatean ikasi zuen teoria hori. «Zergatik Irlanda eta Kanaky bai izan ahal dira koloniak, eta Bretainia, Eskozia eta Euskal Herria ez?», galdetu du. Ez hori bakarrik, uste du XV. mendea baino lehenagokoak ere izan zirela koloniak: «Erromatar Inperioak bazituen bere koloniak», gogorarazi du.
Unibertsitatean egon zen garaian, 1970eko hamarkadan, deskolonizazio prozesuak hasi ziren, eta «kolonialismoa kapitalismoaren bilakaeraren ezaugarri ezinbestekoa» zela ulertu zuen garai berean. «Deskolonizazioa magia balitz bezala aurkezten ziguten. 'Herri hau deskolonizatu da' esaten zuten, herri aske bat bailitzan. Baina noski, iruzurra da. Kolonizatua izan den herriaren hizkuntzak, ekonomia, sistema politikoa, kolonizatu dituen herriaren menpe daude oraindik. Agerikoa da, adibidez, Senegalen. Frankofoniarekin, esaterako, Frantziak estatu dependente bat antolatu du. Hori da poskolonialismoa». Post aurrizkiari buruzko azalpen batzuk eman zituen: «Post horrek adierazten duena da kolonialismoa amaitu dela, baina ondorengoak zapalketa jasotzen duela; zerbaiten jarraipena markatzen du». Eta berriz ere Senegalgo adibidea baliatu du errana irudikatzeko: «Hizkuntzei dagokienez, gaur egun oraindik, Senegalek ezin du funtzionatu frantsesik gabe: egiturazkoa da». Eta ikuspegia zabaldu du gero: «Dena dela, Afrikako mapa bera koloniala da, pastel bat bezala banatu zutena. Post herentzia txar bat da».
Eta lotura egin du berehala frankismoarekin eta ondotik jin zenarekin. Frankismoa bukatu zenean «demokrazia» ezarri zela erran zuten, baina Sarrionandiak argi utzi du: «ez zen ezer amaitu». Plantan segitzen duenaren zerrenda egin zuen: bankuak, Guardia Zibila, armada, monarkia, sistema judiziala... «Ez dut jarraituko, zeren zerrenda oso luzea da», erran du sarkasmoz. Baieztatu du diktaduraren egitura osoa indarrean dela oraino. «Botere politikoaren inposaketa» agerikoa den froga. Eta, haren ustez, botere horrek antonimo bat badauka: «Autodeterminazioa». Euskal Herriaren egoerari so, erran zuen euskaldunek sekula ez dutela izan beren egoeraz erabakitzeko aukerarik. «Botere kolonial eta inperialista azkarren menpe bizi garen herri umeok ez daukagu alternatibarik hortik ateratzeko: botere harremanak oso azkarrak dira».

Herri umeak zer diren? «Zaintzeko eta laguntzeko Nazio Estatu bat behar dutenak. Alegia, konkistatuak izateko». Eta horrela ikusirik, «mundu gehiena umea da, eta nazio helduak eta oligarkia, minoria». Eta hori horrela izanik, herri zapalduak «harrapatuta» daude. «Borroka armatuarekin ez dugu ezer lortu, nire ustez. Irabazi dugun gudu bakarra, Karlomagnoren kontrakoa izan da, eta, historialarien arabera, gauza txikia izan zen», bota du, eta irriz hartu dute entzuleek. Aipatu du dauden egitura politikoak onartzea eta horietan parte hartu eta botere gune txiki batzuk hartzea dela beste aukera; gaur egun Hego Euskal Herrian «abertzaleak» aritzen diren gisara aritzea, alegia. Baina konplexua dela aitortu du, dena den. Eta gehitu du: «Kolonialismoaren ezaugarrietako bat zera da: kolonizatzen zaituzte, eta, gainera, eskerrak eman behar dituzu». Sarrionandiaren ustez, hala, ezinbestekoa da «kolonizazio egoeraren kontzientzia hartzea», «kolonizatuaren ezaugarria bere kontzientzia delako». Eta ez da ahantzi behar: «Espainolak eta frantsesak gara gure nahiaren kontra, ez gure borondatez».
Hizkuntza kolonizatua
Kolonizazioak eragin «terriblea» du hizkuntzan, Sarrionandiaren ustez. 20 urteko semearen hizkuntza ohiturak hartu ditu abiapuntutzat hizlariak, irudikatzeko kolonialismoak nola eragiten duen hizkuntzan. «Nirekin euskaraz aritu da normal beti, eta Euskal Herrira itzuli garenetik, lagun batzuk egin ditu, Chill Mafiakoak. Eta egun batez hizketan hasi ginen, eta esan zidan: 'Aita, gaur berandu iritsiko naiz, tengo unos amigos allí, eta igual berandu etorriko naiz, pero no sé'. Eta urduri jarri nintzen, eta esan nion ez nekiela zein hizkuntzatan ari zitzaidan, euskaraz edo erdaraz. Eta esan nionean, berak libertate arazo bat bezala ikusten zuen, bere askatasuna zela horrela hitz egitea».
Argumenturik gabe gelditu zen orduan Sarrionandia, baina, gero horri buruz gogoetatu, eta ondorioztatu zuen segur aski gauza bera gertatzen dela kolonizatuak izan diren herri guztietan; besteak beste, Mexiko, Puerto Rico eta Maroko aipatu ditu. «Fenomeno linguistiko kolonialak dira mundu guztian gertatzen direnak, hizkuntza dominante bat badago, eta beste hizkuntza atzean gelditzen da. Eskiolglosia deitu diot nik, eskizofrenia moduko bat gertatzen baita; hizkuntza dominantea arautua da, unibertsaltzat hartzen da, eta norbere hizkuntza pobrea da horren aurrean, dialektala, beti dudan gaude ongi ari garen ala ez, hatxe ipini ala ez...». Laburbildu du erranez sintaxira ere sartzen dela kolonialismoa. Eta hori ez dela «libertate» bat, baizik eta bost mendeko debekuen, konplexuen, inposaketen eta kolonialismoaren ondorioa.
Literaturara buruz bideratu zen mintzaldia gero, publikoaren galderei jarraikiz. Euskal literaturaz gogoetan, Sarrionandiak uste du gaur egungo problematika hau dela, funtsean: irakurle baino idazle gehiago daudela. «Idazleak badaude; galtzeko bidean den espeziea irakurlea da». Txalo egin zion publikoak, eta segitu zuen: «Egoera ez da normala. Irakurlea arraroa da, anakronikoa, modaz pasatua, eta jada denborarik ez daukagu irakurtzeko».
Itzulpenaren gaiaren inguruan solastatu zen segidan. «Itzulpenaren kontra hasiko naiz», abisatu zuen, eta berriz ere irri egin zuen publikoak. «Ea, itzulpena da komunikazioan dagoen gauzarik inportanteena. Itzulpenak beharrezkoak dira, dena itzuli behar da. Behin hori esanda, itzulpenaren alde esan dezakedan guztia esan dut». Irri gehiago publikoak. Esplikatu zuen gogoetaren funtsa gero; sormen literarioa bera hizkuntza bat asmatzea dela, musika bat, koloreak. Deitoratzen du gaur egungo euskal idazle askok —sistemak hala funtzionatzen duelako— itzuliak izateko idazten dutela, eta horren emaitza dela itzuliak izateko gisan idazten dutela. «Gauza koloregabeak idazten ari dira. Euskarazko liburuak abenduan argitaratzen dituzte, eta horien itzulpenak urtarrilean. Itzultzen badira ez dira euskaraz irakurriko», aletu du. Eta ordura arteko gaiarekin lotura egin du: «Problema kolonial bat da. Euskarazko liburu batekin ez zoaz inora». Argitalpenen funtzionamenduari lotu dio arazoa, batez ere «Espainiako Estatuan» funtzionatzen duen moduarengatik. Idaztea, alta, «lan handia» dela erran du garbiki, eta «errekonozimendu falta zaila» dela.
Anekdota bat ekarri zuen idazleak gero: gaztetan, idazten hasi zenean, aitak beti erraten omen zion: «Noiz hasiko zara lanean? Gustatzen zaizunagatik ez dizute ordainduko!». Eta Sarrionandia Kuban zela, aita hil baino bi aste lehenago, harekin telefonoz hitz egiteko azken aukera izan zuen. Habanako Unibertsitatean literatur klaseak ematen zituen orduan, eta azken liburua finitu berri zuen. Eta aitak: «Noiz hasiko zara lanean?». Publikoak hunkiturik irri egin du beste behin.