Mihiseak, oihalak, taulier zaharrak eta jantzi ttipiegiak. Hara zer aurki daitekeen Angeluko Kimua ikastolako jostun taldearen tailerrean. Baldintza bakarra da: baliatuko diren materialak jada bizitu izana, hots birziklatuak izatea. Duela hamar bat urte Olentzeroren Eguna antolatzen hasi zirelarik, baserritar jantzien beharra zuten, eta erosi ordez beren baitarik egitea hautatu zuten. «Hasieran, Eguberriko jantziak ilunak eta tristeak zirela iruditzen zitzaigun. Historian xerkatuz, ohartu ginen ez zela beti hala izan, koloreak ere erabiltzen zirela. Orduan, Eguberriei alaitasuna berriz eman nahi izan diegu, elkarlanean, guhaurek eskuz eginik», azaldu du Arantxa Vaillantek, jostun taldeko kideak.
Kimua Ztail izena atzeman diote taldeari, Eguberrietako jantziez gain oihalekin jostatzeko hainbat sorkuntza proposatu nahi dizkietelako haur eta helduei. Zakuak, galtzoinak eta zirtzil jantziak ere sortzeko gai dira, sorkuntza bakoitza bat eta bakarra bilakaraziz. «Ideia anitz ditugu, eta jendearen gustuen arabera sortzea gustatzen zaigu. Egun batez, Spidermanen mozorro batetik baserritar jantzi bat sortu genuen. Dena da posible, oihalari beste bizi bat ematen dioguno!», oroitu da Vaillant. Aurten, lehen aldikoz Baionako bestentzat galtza zuriak sortu dituzte, «denak beldur direlako berena zikintzeaz»; mihise zuri zaharrekin bezti berria pentsatu dute.Â
«Ideia anitz ditugu, eta jendearen gustuen arabera sortzea gustatzen zaigu. Egun batez, Spiderman mozorro batetik baserritar jantzi bat sortu genuen. Dena da posible, oihalari beste bizi bat ematen dioguno!»
ARANTXA VAILLANTÂ Kimua ikastolako gurasoa
Asteroko hitzordua dute astelehen arratsetan elkartzen diren momentua, josteko ez ezik gurasoen arteko harremanak sendotzeko baliagarria zaielako. Egiazko plazera zaie birziklatzearen inguruan trukatzea eta mintzatzea. Gainera, gomita egiten diote interesa duen edonori, dela behako bat emateko haien tailerrera, oihal zaharrak eskaintzeko, ideia berriak proposatzeko, baita izarien entseatzeko ere. Manatzeentzat, sare sozialetan Kimua Ztail izenarekin atzematen ahal da taldea, eta HelloAsso plataformaren bitartez manatzeak egin daitezke. Baina Vaillantek abisatu du: «Usutan Eguberriak hurbiltzen ari delarik baizik ez da jendea presatzen jantzien erosteko. Gertatu zaigu arratsaldeko seiak eta erditik goiti josten hastea eta gauerdi ondotik bukatzea...».
Olentzerori harrera
Jostunen lana preziatzeko, parada ezin hobea bihurtu da Olentzeroren Eguna. Badu hamar bat urte orain Angeluko Kimua ikastolak ospakizun egun berezi hau antolatzen duela. Antolakuntzaren hobetzeko, duela lau urte komisio berezi bat sortu zuten espresuki egun horrentzat. Elisa Maury Olentzeroren Egunaz arduratzen diren bederatzi gurasoetariko bat da. «Urte guziz Olentzeroren Egunak Angelun euskaraz ikasten duten 650 ikasle batzen ditu. Ikastolakoak ez ezik, eskola elebidun publikoko zein pribatuko ikasleak ere etortzen dira», azaldu du. Orduan, baserritar mozorroekin janzten dira haur, guraso eta parte hartzaile guziak. Helduek Kimuako jostunei beztien manatzeko aukera dute, eta haurrei alokatzen edo prestatzen dizkiete.
Aurten, abenduaren 20an eginen diote harrera Olentzerori, larunbatez. Usaiako ibilbidea segituko du desfileak: Ibaialdeko arraunlarien lekutik Pinadako kiroldegira joanen dira, eta 10:30ean haurrak ere juntatuko dira. Beste herrietako gomita anitz izanen dituzte haiekin, hala nola joaldunak, zaldunak, Errobiko ziganteak, baita Uztaritzeko, Baigorriko eta Baionako gaiteroak ere. Baina erran gabe doa herritarrak bertan izanen direla, Ramuntxo Clausel lur gabeko artzaina bezala, zeina bere ardiekin etorriko baita. Ibilaldiaren hesteko, haurrek urte bukaerako ikusgarria emanen dute. Ondotik, Josek eta Kiki Bordatxok dantzaldia animatuko dute, Seb magoak bere trukoak aurkeztu aitzin. Arratsaldean, Dizkobolo txarangak bazterrak girotuko ditu, eta Angeluarrak taldeko dantzariek emanaldia izanen dute. Azkenik, Aizkolentzero aizkolarien inguruko animazioan edonork parte hartzen ahalko du, eta Selektah Enrikolentzero Kimua Sound Systemek egun polita behar bezala bukatuko du.
Bestalde, Maury baikorki mintzatu da Kimua ikastolaren gaur egungo egoeraz. Azpimarratu nahi izan du ikastetxearen dinamikaz, funtzionamenduaz eta egoeraz «kontent» direla. Gaur egun, orotara, 130 haur ditu ikastolak. Gurasoen aldetik ere parte hartze positiboa dela behatu du, urte osoan zehar eramaten dituzten egitasmoen inguruan jendea hurbiltzen delako. Urte guziz, Angeluko Kimua ikastola sei ekitaldi nagusiren antolakuntzan engaiatzen da. Olentzeroren Eguna antolatzeaz aparte, ihauterientzat, ekaineko suentzat, mus txapelketarentzat, Itsaslaminen korrikarentzat, eta, nola ez, Herri Urratsentzat mobilizatzen dira.