Mixel Esteban: «Baionatik 125 judu deportatu zituzten»

Miarritzeko Herriko Etxeko artxiboetan atzeman zuen dokumentu batetik sortu zitzaion tesia egiteko gogoa Estebani: Bigarren Mundu Gerraren garaiko Miarritzeko juduen zerrendatik. Garai hartako Ipar Euskal Herriko juduen egoera ikertu du.

Mixel Esteban
Mixel Esteban, Baionako Arteen Hirian, uztailean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2024ko irailaren 8a
05:00
Entzun

Duela zenbait urte, Miarritzeko errugbi zelaiari buruzko artxiboak bilatzen ari zela, Miarritzeko juduen zerrenda izeneko dokumentu bat atzeman zuen Mixel Estebanek (Donibane Lohizune, 1961). Historia irakaslea eta ikerlea da, eta berehala ulertu zuen dokumentu garrantzitsua zela. Tesia egiteko gogoa eman zion horrek, eta zazpi urte pasatu ditu Bigarren Mundu Gerraren garaiko Ipar Euskal Herriko judu populazioen egoera ikertzen. Estebanek iazko abenduan aurkeztu zuen lana, eta uztailean izendatu zuten doktore.

Zerk bultzatu zintuen Bigarren Mundu Gerran Ipar Euskal Herrian bizi ziren juduen egoera ikertzera?

Ulertu nahi nuen Ipar Euskal Herriko juduak nola bizi izan ziren garai hartan. Hasieran, ikerlan bat eramaten duzularik, ez dakizu zuzen nora zoazen, baina, finean, Iparraldean bizi ziren 1.100 bat juduren aztarna atzeman dut, gordeak izan ziren ehun bat haur barne. Usu erraten da Iparraldean euskaldunak erresistentzian sartuak zirela, juduek ez zutela arazorik izan hemen, gordeak izan zirela... baina uste dut ikuspegi erromantiko batetik aipatzen dela Bigarren Mundu Gerra Iparraldean; Iparraldean beste tokietan bezalakoa izan da juduen egoera.

Miarritzeko Herriko Etxean atzeman zenuen dokumentu bat izan da zure tesiaren abiapuntuan. Zer zen, zehazki?

Miarritzeko Herriko Etxean lanean ari nintzen garaian, errugbi zelaiaren berritzeari buruzko dokumentuak bilatzen nituen. Dosier teknikoak bilatzean, zerrenda bat atzeman nuen. Miarritzeko juduen zerrenda deitzen zen dokumentua, eta ehun bat izen agertzen ziren: izenak, abizenak, helbidea, adina eta ondasunen zerrenda. Gehienek ez zuten ondasun handirik; gutxi batzuek apartamentu bat; beste batzuek fitsik ez, altzari batzuk salbu. Harrigarria zen, altzarien zerrenda biziki zehatza baitzen. Datarik ez zen, baina fite ulertu nuen Bigarren Mundu Gerrakoa zela. Segidan, artxiboen arduraduna abisatu nuen, erranez zerrenda hori biziki inportantea zela, eta orain Baionako departamenduko artxiboan dago, ongi gordea. Ene galderak ziren: noiz egin zen eta zertarako egin zen zerrenda hori?; nolaz zuen herriko etxe batek herrian bizi ziren juduen zerrenda bat?

«Juduen kontrako hiru sarekada izan ziren Iparraldean 1942tik 1944ra; eta hori ez nekien nik, ez baitira batere ezagutuak»

Zergatik harrigarria zitzaizun herriko etxe batek halako zerrenda bat izatea?

Nik ez nituen batere gauzak horrela ikusten. Ene ikuspegia zen juduen errepresioa alemaniarren esku izan zela. Baina fite ulertu nuen ikerketak eginez juduei buruzko konpetentziak partekatu zituztela Alemaniako botereak eta Frantziako botereak; hau da, Vichyko Gobernuak. Eta, beraz, tokian tokiko instituzioek ere parte hartu zuten.

Nola bizi ziren garai hartako juduak?

Gizartetik kanporatuak ziren erabat. Fitxatuak ziren eta ezin zuten jende aitzinean lanik egin, ez eta nahi zuten bezala mugitu ere. Erosketak egiteko tenore bereziak zituzten. Eta gero atxiloketak hasi ziren; 1942tik 1944 arte Iparraldean hiru sarekada izan ziren, eta hori ez nekien nik, ez baitira batere ezagutuak.

Hiru sarekada horiei buruzko informaziorik baduzu?

Lehen sarekada 1942ko uztailaren 15ean izan zen, Neguko Belodromoaren sarekadaren bezperan. Frantziako beste lekuetan bezala, Ipar Euskal Herrian ere Frantziako —Vichyko– administrazioak kudeaturik. Ordurako, jadanik gizartean osoki hedatua zen kolaborazio sistema: beharrezkoa da sarekadak eramateko, informazioa behar baita jendea fitxatzeko, jendea segitzeko... 32 judu atxilotu zituzten. Bigarren sarekada 1942ko urriaren 19an gertatu zen, eta hor hasi ziren haurrak atxilotzen. Beste 32 atxilotu zituzten. Horien artean, 2 eta 13 urte arteko sei haur; Smil familiako haurrak, batez ere, bost baitziren. Amarekin bizi ziren, Baionako Bourgneuf karrikan. Baionako suprefetak agindurik egin zuten sarekada hori; harreman hurbilak zituen SSekin eta Miarritzeko Feldkommandantur-arekin. Hirugarren sarekada 1944ko urriaren 11n gertatu zen, eta hamazazpi pertsona atxilotu zituzten. Sarekadetatik kanpo, beste dozenaka jende ere atxilotu zituzten. Orotara, Baionako geltokitik 125 judu deportatuak izan ziren: Baionako geltokitik Merignaceko esparrura, gero Drancykora eta, azkenik, Auschwitzera. Smil familia, adibidez, 1942ko urriaren 19an atxilotu zuten, eta 25ean hil ziren, Auschwitzen.

Juduen laguntzarako sarerik ba ote zen Iparraldean?

Ez sobera. Erresistentzian sartuak zirenek eta erresistentzia sare klandestinoak, gehienbat, hegazkinlariak pasarazten zituzten. Artxiboetan ez dut aurkitu laguntza antolaturik. Gainera, jendeek eskapatzeko kontrabandistak pagatu behar zituzten, baina hemengo juduak pobreegiak ziren. Gehiago dena: Vichyren propagandaren ondorioz, uste zuten judu guziak aberatsak zirela, eta, beraz, are karioago pagatu behar zuten juduek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.