Frantsesa edo espainola diren hizkuntza hegemonikoaren alde, otso-zakur handi bat bada: legea, konstituzioa. Iparraldeko kasuan, Villers-Côteretsetik (1539ko agorrilean) deliberatzen du Frantxoa I.ak lege hizkuntza, juje eta notarioen hizkuntza frantsesa dela, hots, gauzei balioa ematen dieten guneen hizkuntza. Frantses iraultzatik jakobinismoa da gailen eta XIX. mendean derrigorrezko frantses hutsezko eskolatzearekin eta XX. mendeko hiru gerlen konskripzioak periferiak zentrifugoan sartzen ditu, belaunaldiz belaunaldi. Ondorioa: transmisioaren etena gauzatzen da belaunaldi frantses elebakarren produkzio masiboarekin 1960 urteetarik aitzina. Diglosia egoeraren eta trauma bortitzaren herentzian, ahalkea eta auto-gorrotoa saritzat (Komunitatea hats-bahiturik. Hizkuntzaren trauma: diagnosia eta paliatiboak, Ainize Madariaga Muthular, UEU).
Aro modernoan, hizkuntza nagusituei funtzio berriak gehitzen zaizkie: nazioarteko, estatu mailako, modernitatearen, teknologia berrien, jakintzaren hizkuntza dira, eta orain herri ttipieneraino aisiaren eta «kulturaren» hizkuntza.
Euskarak nekez ditu zurubi horien mailak igaiten. Euskara atxikitzen dugunok (balizko) estatu hizkuntza bezala ikusten ote dugu, ala denboran tokiko eliteek egiten zutena egiten dugu, frantsesez gure artean eta euskara, lehen jende «xeheari» mintzatzeko hizkuntza, orain agurtzeko edo haurrekin aritzeko?
Iparralde honetan ikastolak sortu aitzineko belaunaldikoak euskaldun zaharrak gara. Euskaldun zaharrek idatzi badute ere, modernitatearen idazteko gaitasuna gutik landu dute. Euskalduna, euskal hiztuna, «atxikizalea» izan da, eta deus guti «garatzalea».
Euskaldun zaharren masa hori desagertzen ari da, zahartuak eta gehienak hilak engoitik. Gaurko euskaldunak ikastolatik atera horiek dira gehien bat, idatziaren eskolatik pasatuak. Minoria dira gizartean, eta masa handiena gaur bizitzen da euskararekin igurtzirik gabe ere berdin.
Hizkuntz atxikitzalearen aroa bukatzera doa, gehiengo deklinentearen aroko erreflexua izan baita. Gaurkoa, abandonua ekarri duen atxikimendutik erabileraren hautura egiteko aroa dugu.
Korrika edo Herri Urratsetik Euskaraldira den aldea horren kontzientziaren formulazio argia da, erabileratik komunitate egin behar dugulakotz. Gainera, sekula ez eta, izan frantsesaren ala espainolaren menpe, lurralde osoan ber problematika bizitzen dugula lirudike, gaia molde berean sentitzen dugula, behar hori sedimentatzen zaigula gure eguneroko ezinetan. Belaunaldi berriek erabileraren kontzientzia ageriagoa dutela dirudi. Edozein gisaz euskaldunak horien gainen du kontatu behar, gerorik izatekotan oraino.
Arazo larria dugu, ezen otso-zakurra beti hor baita bere egitura zaintzen, bere hegemoniaren berme den argamasari eusten. Eta gure tribua, indarren metatzeko esperantzan, agitazioan beti. Xinaurri troparen gisa bagabiltza gure gorputza baino handiagoa den zamaren eramaten, itxuraz molde desordenatuan, baina hala holako koordinazio edo balet disonante baten antzean. Otso-zakurra botatzea dugu amets —bera eror baledi bederen— lehen zeinuan laguntzeko prest...
Baina anartean, gure destinoa gure zamaren eramatea da, eta hori alaitasunak eta egin urratsaren satisfazioak ematen duen bolaiarekin obratzen dugu, taldearen berogian... eta besta biharamunean, hainbat gaixto gure xinaurri izatearen kontzientziak gaina hartzen badigu. Egitura gure kontra dugu, eta gure ekinak anekdota dira helburuari begira, usu egin orduko berriz eraikitzekoak baitira, ia zerotik, etengabe.
Arrazoiekin, egiturari justizia eskatzen diogu, eta eskatu behar diogu. Arrazoi berarekin euskaldunari, eta euskaldun izan nahi duenari, gutizia eskatzen diogu, euskararen gutizia azkar bat, bizi guziko urratsak, nazio eta estatu funtziotik intimoeneraino ziliportatuko duen erabileraren gutizia!