Miarritzeko (Lapurdi) Darrigade liburu dendan hasi zuen ibilbidea Lorentxa Saraguetak (Kanbo, 1973). Orduko oroitzapenez beterik jin da Xina ostatuko terrazara. Kontatu du nola Karl Lagerfeldek euskara-frantsesa hiztegiak dozenaka erosi zizkion, Arrangoitzen (Lapurdi) zuen etxeko logela guzietan emateko asmoz. Maria deitu bezeroa ere jiten zitzaion denda horretara, egun guziz Euskaldunon Egunkaria erostera. Arropa estilista frantsesez agurtzen zuen Saraguetak, baina Mariarekin euskarazko lehen hitzak ikasi zituen. Hari «egun on» erraten hasiz geroztik, Saraguetak euskaraz bizitzea eta lan egitea du helburu, nahiz eta batzuetan «zaila» zaion.
Komunikazioa eta euskara gurutzatzen dituzu egunerokoan. Nola hasi zinen bien juntatzen?
Marketina eta merkataritza ikasi nituen. Ondotik, lizentzia bat egin, eta Miarritzen hasi nintzen lanean, Darrigade liburu dendan. Gazte-gaztea nintzen, eta euskara ikasteko aukera izan nuen, Elkar liburu dendakoak etorri baitzitzaizkidan lanpostu baten proposatzera. Beraz, Antton Poxeluren segida hartu nuen Elkarren, euskara ikasten ari nintzen bitartean. Euskal saila kudeatzen nuen, eta, pixkanaka-pixkanaka, dendaren arduraduna bilakatu nintzen. Ondorioz, animazioak antolatzen hasi nintzen: musikariak eta idazleak gomitatzen nituen, eta horren bidez hasi nintzen komunikazioa lantzen.
Beraz, harremana izaten hasi zinen artista anitzekin.
Ezagutu ditudan artistek egunerokotik ateratzeko bultzada eman didate: lanean segitzera animatu naute anitzek. Nik beti erran diet haiei esker naizela eraiki. Artistak eta zaleak batzeko momentuak eraikitzen lagundu naute: idazleak eta musikariak jinarazten genituen, eta bikaina atzeman nuen.
Jendeak ikus dezan obren gibelean gizakiak badirela?
Bai, jendea ez da bereziki ohartzen batzuetan ni eta zu bezalako pertsonak direla liburuen eta diskoen gibelean. Urteak edo hilabeteak pasatzen dituzte obra baten egiteko: sekulako lana da! Frantzian izarrak dira, ezin zara hurbildu haiengana. Agian hemen hurbiltasun handiagoa dugu? Egia da euskaldunak garela eta gure artean garela. Niretzat, hemengo artistak ni eta zu bezalako jendeak dira, sortzeko ahalmen handia dutenak.
«Ezagutu ditudan artistek egunerokotik ateratzeko bultzada eman didate: lanean segitzera animatu naute anitzek»
Behin artistak deskubriturik, bertze formakuntza bat egin zenuen.
Komunikazio arduradun izateko trebatu nintzen: argazkilaritzaren eta bideogintzaren oinarriak ikasi nituen, sare sozialetan komunikatu nahi baduzu alor horiek barneratu behar baitituzu, edo oinarria bederen. Ondotik, Euskal Kultur Erakundean sartu nintzen denbora erdiz, eta beste denbora erdia nihauren kabuz betetzen dut, musika talde batzuen komunikazioa eginez.
Beste mundu bat ireki zizun formakuntzak?
Argi eta garbi. Jende gehiago ezagutu nuen, eta hortik hasi nintzen Gatibu taldearentzat bideoklipa egiten. Formakuntza denboran, bideo ttipi bat egin izan behar nuen, eta Musikak salbatuko gaitu diskoko hartz txikia hartu nuen abiapuntu gisa bideoklipa eraikitzeko.

Zer teknika baliatu zenuen?
Stop motion teknika baliatu nuen bideoklipa egiteko. Hau da, marrazki batzuetarik abiatu nintzen, eta horiek animatzeko edo biziarazteko helburua hartu. Hain zuzen ere, marrazkia mugitzen duzun arau, argazkiak hartzen dituzu. Ondotik, argazkiak lotzen dituzu, eta animazioa sortu. Biziki luzea izan zitzaidan, ez bainuen sekula egina. Baina onartu behar dut niretzat garairik hoberena izan zela, hiru hilabetez sormena landu bainuen.
Euskaraz bizitzea eta lan egitea lortu duzu, beraz.
Elkar liburu dendako lana bukatu nuelarik, argi nuen euskal kulturaren arloan egon nahi nuela. Nik euskaraz lan egin eta bizi nahi dut. Ez da erraza niretzat, nire ingurunea ez baita bereziki euskalduna: familia ez dut euskalduna, eta lagunak ere ez denak. Nik nahi nuen zinez lan bat atzeman euskaraz aritzeko. Gaur egun, izan EKEn edota izan musika taldeekin, guziz euskaraz aritzen naiz: altxor bat da.
Berriki sartu zinen EKEn. Komunikazio instituzionala egiteak zer ekartzen dizu?
Badu hiru urte hor naizela. Komunikazio instituzionalak tonu formalagoa eta neutralagoa du. Musika taldeekin, estiloa lasaiagoa da, umorea balia dezakezu. EKEn pixka bat aldatzen ari da dena orain. Sostengatzen ditugun elkarteak argitan ematea da gure helburua, eta sare sozialak baliatzen ditugu horretarako. EKEk sostengaturiko elkarteen emanaldiak argazkitan hartu eta filmatzen ditut nik: ez ditut zortzi oren pasatzen bulego batean. Azken finean, EKEn hiru gauza lotzen ditut: komunikazioa, artistak eta euskara.
«Kultura bizitzen duzularik, emozioa sentitzen duzu. Bizi izanez, sentituz eta partekatuz atxikitzen da kultura bizirik»
Musika talde batentzat edo EKErentzat argazki bat ateratzeak arrunt desberdina izan behar du...
Ez hainbeste. Nihauren kabuz Errobiren edo Delirium Tremensen argazkiak atera edo EKErentzat Cuma no Motorrenak edo Karma taldearenak atera, kasik gauza bera da niretzat. Ez ditut bi edo hiru kamera. Emanaldi batzuetan —besteak beste, dantza emanaldietan— pixka bat frustratzen naiz batzuetan, ez dudalako objektibo egokia, baina tira!
EKE sare sozialetan gehiago izatea du erronka?
Sostengatzen ditugun artistek sare sozialetan izan behar dute, jendea sareetatik sartzen baita gehienbat edukia kontsumitzera. Bestalde, sare sozialez apartekoa ere osatzen dugu: webgunean eta berripaperean informazioa zabaltzen dugu. Komunikazio bide guziak dira garrantzitsuak euskararentzat: euskarak leku guzietan izan behar du. Horren karietara, gure agendak biziki ongi funtzionatzen du sare sozialetan. Gainera, ezin garrantzitsuagoa atzematen dut sare sozialetan guk beste eragileen edukiak zabaltzea eta beste eragileek gureak, indar handiagoa izateko, bi komunitate batzeko, informazioa gehiago hedatzeko, eta indar handiz zabaltzeko bakoitzak zer egiten duen.
Euskal kulturak argi gehiago behar luke, beraz?
Dudarik gabe, ikusiz nola itoak garen hizkuntza hegemonikoen eta baita algoritmo hegemonikoen artean ere, gure presentzia gehiago indartu behar genuke sare sozialetan, euskal kulturari presentzia indartsua eman. Kultura bizitzen duzularik, emozioa sentitzen duzu. Bizi izanez, sentituz eta partekatuz atxikitzen da kultura bizirik. Sare sozialak baliagarriak dira horretarako ere: irakurri duzun liburuaren edo ikusi duzun filmaren inguruan iritzia plazaratzeko, adibidez.
Alta, uztailaren 16an jakin zenuten Frantziako Estatuak 30.000 euro kenduko dizkizuela.
Biziki kezkatuak gara. EKE lanjerrean da, eta euskal kulturak bizi behar du: uste dut kontzertuetara edo emanaldietara joateaz gain kulturaren parte izan behar dugula elkarteak sustengatuz. Indar guzia eman behar dugu kulturaren sostenguan, eta, egoera orokorra nolakoa den ikusirik, denen artean lagundu behar dugu euskal kultura.