'Kontrapas': euskarari behar duen tornuia Donazaharren

Gaur eta bihar emanen dute 'Kontrapas' ikusgarria Donazaharren. Iraganeko figura batzuk omendu nahi dituzte, herriak euskararekin duen lotura agerian ezartzeko.

'Kontrapas' ikusgarriaren errepika bat, maiatzean, Donazaharren. GUILLAUME FAUVEAU
'Kontrapas' ikusgarriaren errepika bat, maiatzean, Donazaharren. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko uztailaren 24a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donazaharreko 150 bat herritar urte osoan elkartu dira Kontrapas ikusgarria prestatzeko, eta emaitza gaur eta bihar deskubritzeko parada izanen du publikoak, herriko besten karietara: 21:00etan emanen dute bi aldietan, Salha jauregian. Antzerkia, dantza, kantua, bertsolaritza eta danborrada uztartu dituzte. Gaur, Nahia Etxeberri Lopepe eta Patxi Iriart arituko dira bertsotan; bihar, Elixabet Etxandi Goihenetxe eta Battitt Crouspeyre.

Ez da ohikoa herriko ikusgarrietan danborrada bat ikustea, baina Donazaharrek hori du berezi: herriko Donazaharre peñak danborrada bat badu, eta, elkartearen 30 urteen aitzakian osatu dutenez ikusgarria, danbor hotsak izanen dira entzungai. Nolanahi ere, kabalkadaren forma izanen du emaitzak, zirtzilak, bertsolariak eta dantzariak tartekatuko baitira. «Baina ez da erraten ahal kabalkada bat denik, gauza gehiago baitira taula gainean», nabarmendu du Gillom Irigoien antolatzaileak. Donazaharre peñak hamar urte bete dituen aldi oro emanaldi berezi bat prestatu dute, eta tradizio horri segitzea inportantea zaiela erran du. «Duela 30 urte elkartea sortu zutenek izan zuten kemen horri jarraipena emateko parada ere badela iruditzen zaigu», borobildu du. 

Euskara erdigunean

Preseski, Irigoienek idatzi ditu antzerkia eta baita kantu andana bat ere, Philippe Maite donazahartarraren galdeari erantzunik. Esplikatu du hasieratik euskarak lekua hartu duela herritarren artean, aski naturalki: «Herritar batzuek ez dute usaiarik euskaraz aritzeko, baina hor hastapenetik euskara izan da errepiketako hizkuntza zentrala, eta geroztik batzuk lehen hitza euskaraz ematen hasi dira, errepiketatik kanpo ere». 

Gerora begira, aitortu du ezin dela aurreikusi horrek zer «biharamun» izanen duen, baina nahikeria baten erakusle dela uste du, halere. «Gisa batez, Euskaraldiaren mezua praktikan ezartzeko parada bat da halako ikusgarri baten prestaketa. Urrats bat da, eta erakusten da plazera hartzean, jendeen arteko harremanak sendotzean, euskaraz aritzen ahal dela. Euskararen plazera partekatzeko balio du. Eta, momentu batez bederen, herri bat biltzen duen tresna da euskara», erran du.  

Irigoienek zehaztu du, nolanahi ere, ikusgarriaren prestaketa taldean egin dutela. Musikaren arloaz Thierry Biscary arduratu da; antzerkilarien trebatzeaz, David Ondartz, eta dantzarien trebatzeaz, Patricia eta Patrick Larralde. Denendako «baitezpadakoa» izan da proiektua euskaraz eramatea.

Iragana gaurkotuz

Izenburuak berak pista batzuk ematen ditu ikusgarriari buruz, adiera anitz dituelako kontrapas hitzak. «Lehenik, danborrari lotua den erritmo bat da. Bestalde, dantza urrats bat ere bada. Eta, azkenik, Garaziko eskualdean izanez, Bernat Etxepareren testuari erreferentzia egiten dio, eta Etxepareren figurak ere parte hartuko du ikusgarrian», azaldu du Irigoienek. Gainera, Kontrapas kantua euskarari buruzkoa dela gogorarazi du: «Ene ikuspegitik, horrek garrantzi handia du». 

Iragana, oraina eta geroa elkarri lotzeko xedea du ikusgarriak, bestalde. Hala, euskarari ekarpenak egin dizkioten zenbait herritar omenduko dituzte, bereziki XIX. mende bukaerakoak eta XX. mendearen hastapenekoak. Horien artean da Louis Etxeberri, Salha jauregiaren jabe eta lekuko diputatu izandakoa. 1887an sortu zuen Ipar Euskal Herriko lehen euskarazko kazeta, Eskualduna, gaur egun Herria gisa ezagutzen dena. Bi bertsolari donazahartar ere aipatuko dituzte, garai hartan Garazi aldeko herrietan ibilitakoak: Ellande Ainziburu eta Mixel Legarret. «Donazaharrek badu euskararekiko historia bat donazahartar anitzek ahantzia dutena. Hori oroitaraziko dugu ikusgarrian». 

INFORMAZIO PRAKTIKOA

  • Uztailaren 24an. 21:00etan, Salha jauregian. 
  • Uztailaren 25ean. 21:00etan, Salha jauregian.
  • Sarrerak. Helloasson, Donazaharreko Bera eta Sotua ostatuetan, Vival saltegian, eta Donibane Garaziko Parisenean. 18 euro. 
  • Salha jauregia. Antolatzaileek jakinarazten dute itzalean iraganen dela emanaldia. 

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA