Laborantza «hiltzen» duen protokoloa

Hilabete pasatu da laborariek protestak hasi zituztenetik, eta aste honetan berriz mobilizatu dira. Eritasunak kudeatzeko protokoloak ez ezik, Mercosur akordioa ere jomugan dute.

Laborarien protesta bat, abenduaren 22an. GUILLAUME FAUVEAU
Laborarien protesta bat, abenduaren 22an. GUILLAUME FAUVEAU
julene muruaga
2026ko urtarrilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abendu hasieran, osasun zerbitzuek osorik hil zuten Ariege departamenduko 208 behiko tropa bat, dermatosi nodular kutsakorraren kasu bat atzeman ondotik. Paristik manatua izan zen hiltze masiboa. Izurriaren kontrolatzeko neurri gogor horri erantzuteko, Ipar Euskal Herriko laborariek A64 autobidea blokeatu zuten, Beskoitze eta Ahurti artean, bi noranzkoetan. ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunak eta Coordination Rurale sindikatuek deiturik iragan ziren blokeatzeak. Aste honetan berriz ekin diote protestari. 

Dermatosi nodular kutsakorra izurri «berria» dela esplikatu du Julen Perez ELBko bozeramaileak. Hain zuzen, klima aldaketaren ondorioz, fenomeno berriak gertatzen ari dira, eta, besteak beste, gripeak eta eritasunak aldatzen hasi dira. Perezek azaldu du gripeak neguan hedatzen direla berez, baina azken urteetan eritasunak urte osoan kurritzen direla, hala nola hegazti gripea. 

Birusak klimara «egokitu», eta, ondorioz, izurrite berriak agertzen dira. Aldaketa horiei aurre egiteko, Frantziako Estatuak «modu bakarrean» erantzuten du, Perezen erranetan: hiltze orokorraren bidez. Hain zuzen, abenduan bi behi tropa oso hil zituzten osasun zerbitzuek, Frantziako Ariege departamenduko etxalde batean bat, eta Pirinio Garaietako departamenduan beste bat, leku horietako bakoitzean kasu bakar bat atzemanik. Mobilizazio azkarrak izan ziren Ariegen batez ere, baina Frantziako Poliziak biziki bortizki erantzun zuen. Laborariak karrikara atera ziren, kexu.

Perezek azaldu du dermatosi nodular kutsakorra ez dela kaltegarria gizakientzat. Uste du garaiotan ez dela «normala» Paristik kabala sanoak hiltzeko erabakia hartzea, bereziki laborantza arloa «apal» den honetan: gero eta laborari eta instalazio «gutiago» badira, baina ber denboran, gero eta jende gehiago elikatu behar da, populazioa handitzen ari baita. «Problema sanitario bat badelarik, edozein sailetan izanik, estatuaren erantzuna hau da: 'Dena hilko dugu, dena garbitzeko'. Estrategia hori zaharkitua gelditu da, beste aro bateko estrategia da. Horrela segitzen bada, hamar urteren buruan laborantza desagertua izanen da». 

Alta, Perezek esplikatu du Euskal Herrian laborariak «autonomoki» egituratuak direla, urteetan sindikatuek eraman dituzten borrokei esker: hazkuntzarako tresnak, hiltegi kolektiboak, dendak, kooperatibak... dena plantan emana dela erabakiak Euskal Herritik hartzeko. «Oraindik ere Paristik heldu zaizkigu protokoloak. Dena hil, dena garbitu: horrela bederen eritasunak geldiarazten dira, eta akordio komertzialak ez dira hausten. Baina anartean, laborariek tropa osoak galtzen dituzte, eta ezin dira berriz altxatu».

ELBko ordezkaria haserre mintzatu da Frantziako Gobernuaren politiken kontra: «Politika sanitarioek ondorio biziki larriak dituzte, eta nik garbiki diot, oraingo politika sanitarioek laborariak hiltzen dituzte. Lekuan lekuko jendeak badaki gure kabalek nola harrapatzen dituzten eritasunak, nola sendatu behar ditugun. Baina legeak administrazioko jendeak egiten ditu, ez lekuko jendeak, eta, usu, tronpatzen dira». 

Laborariek erabat aldatu nahi dute protokoloa. Perezek esplikatu du kabala sanoak ez direla hil behar, eta etxalde bateko kabalak hunkituak badira, eri den animalia baztertu behar dela, analisiak egin ahal izateko, eta ikusteko behiak nola harrapatu duen eritasuna, sistema immunitarioak nola borrokatzen duen eritasuna... Horregatik, ELBk bestelako protokolo sanitario bat prestatu du, eta prefetari aurkeztuko diote.

Bi alderdi, eskari bakarra

ELBrekin batera, Coordination Rurale sindikatuak ere parte hartu zuten blokeatzeetan. CR sindikatua eskuinari eta eskuin muturrari lotzen diote hainbatek. Perezek esplikatu du nola lortu duten bat egitea abenduko blokeatzean. «Bi alderditakoak gara, baina, azkenean, ez zen gaizki joan, hasieratik mugak ezarri baikenituen. Ados ginen kondizio batzuetan elkarrekin leku hori okupatzeko. Okupazioa egin genuen, laborariek behar baikenuen leku bat gure kexa eta arrangurak adierazteko», erran du Perezek. 

Esplikatu du «elkarlana» izan dela, sindikatu bakoitzak ekarpena egin baitio besteari: batetik, CRk duen «indarraz» baliatu dira ELBkoak, bai blokeatzerako materialaren aldetik, bai hedabideetan duten pisuarengatik; eta bestetik, ELBk protokolo sanitarioak egiteko duen gaitasunaz baliatu dira CRkoak. Dena dela, ELBko ordezkariak azpimarratu du desberdintasun handiak badirela bi sindikatuen artean: «Egiteko maneran, pentsatzeko maneran, eta politika ikusteko maneran arrunt diferenteak gara, eta badakigu. Elkarri argiki errana diogu zein diren mugak, badakite zer ez dugun onartzen, eta badakigu haiek zer nahi duten eta zer ez».

ELB sindikatua hamahiru egunez egon zen blokeoan; CRk, haatik, beste bi egun luzatu zuen protesta. «Ulertu genuen gauzak ez zirela aldatuko. Eta bestalde, bakantzak zirenez, administrazio guztia oporretan zen. Halere, CRkoak gehiago egon ziren, presioa atxikitzeko». 

Mercosur ituna, pil-pilean

Hiltze orokorren auziarekin batera, beste eztabaida bat agertu da azken asteetan, Mercosur akordioaren inguruan. Mercosur itunaren xedea da Europako Batasunaren eta Brasil, Argentina, Uruguai eta Paraguairen arteko merkataritza harremanak erraztea, muga zergak murriztuz eta osasun, gizarte eta ingurumen arauei dagozkien neurriak ezarriz. 

Perezek uste du ez dutela horrelako akordiorik «behar», eta azpimarratu du ELB merkatu libre horren kontra dela, indarrean sartuz gero «lehia» sortuko baitu ekoizleen artean. «Nik ekoizten dudan haragia eta nire auzoak ekoizten dituen barazkiak konkurrentzian izanen dira Ameriketatik jinen diren produktu batzuekin, jakinez hemen eta han ez direla arau berak hazkuntzari edo ekoizpenari dagokionez. Produktu kimiko gehiago baliatzen dituzte, eta hormonak ere bai. Hots, guk ekoizten duguna baino kalitate apalagoko hazkurria jinen zaigu, eta prezioz merkeagoa; beraz, gure merkatua beheitituko da, eta laborarien saria ttipitu». Horrez gain,gehitu du itunak ingurumenari ere kalte eginen diola.

Mercosur akordioaren kontra egiteko, hain zuzen, laborariak karrikara atera ziren berriz ostiralean, astelehen arte. Ultras A63 taldeko laborariek autobidea oztopatu zuten asteburuan, eta ELB sindikatuak, Laborarien Konfederazioak eta Modefek Bokaleko portuan ekintza bat egin zuten astelehenean. Izan ere, ostiralean itunaren alde bozkatu zuen Europako Batzordeak, eta gaur izenpetuko dute akordioa, Paraguain.

Pierre Diharze.

«Arazoa ez dira eritasunak, estatuak egoera nola kudeatzen duen baizik»

(ID_17682985331375) Pierre Diharce
Pierre Diharce

Pierre Diharze ELB sindikatuko laborariak 70 bat behi hazten ditu Domintxaineko bere etxaldean. Behi gorriak ditu, haragia egitekoak, Akitaniako blondak eta behi piriniotarrak. Bere kabuz hazten ditu, hau da, etxaldean hazitako artoarekin eta sojarekin bazkatzen ditu kabalak. Laborarien abenduko protestetan parte hartu zuen, eta. orokorrean, gaizki ikusten ditu laborarien munduaren egoera eta etorkizuna.

Joan den hilabetean, A64 autobidea blokeatu zenuten, dermatosi nodular kutsakorraren kudeaketa salatzeko. Zure arloa da zuzenean hunkitua izan. Behi hazle gisa, nola bizi izan zenuen egoera?

Biziki zaila izan da. Erabakia ez dugu ulertzen. Nolaz hil dezakete tropa osoa, behi bakarra baldin bada kutsatua? Ez dugu ulertzen, jakinez ez dela lehen aldia: beti izan ditugu eritasunak eta beti ukanen ditugu. Hastapenean, zaila izaten da kabalentzat, baina pixkanaka eritasuna gainditzen dute. Hasieran, harrapatuak izaten gara beti; egoera beldurgarria da: behi batzuk hiltzen dira, baina, denborarekin, egoera aztertzen dugu, eta aterabideak aurkitzen. Baina, azkenean, ez dea hautespen naturala? Nik uste dut hautespen naturalarekin bat eginik bizi behar dugula.

Zehazki, zein ziren zuen eskariak?

Alde batetik, salatu dugu behi tropak nola kudeatu diren eritasunari begira. Gu ez gara zientzialariak. Baina, halere, atzo mingain urdina zen, gero ardien sukar urdina, gaur dermatosi nodular kutsakorra, eta bihar beste zerbait izanen da. Baina horiekin guztiekin bizi beharko dugu, baitezpada. Beraz, protokoloak zentzua ukan behar du. Eta bestalde, kudeaketa horren kontra protesta egin zutenek jasan errepresioa salatzeko ere bildu ginen. Frantziako Estatuak bortizki erantzun zuen, jendarmeak bidaliz elkarretaratzeetara. Haien helburua zen laborariak beldurtzea, eta lortu dute. Ariegeko etxaldean gertatu dena zinez bortitza izan da.

Kabala tropa oso bat hiltzeak zer ondorio ditu? Zer eragin du etxaldean?

Gauza anitz aldatzen ditu etxaldean. Sosa ukanez ere, kalte handiak ekartzen ditu. Lehen arazoa da behiak non atzeman. Behiak eskas ditugu hemen eta Pirinio guztian. Behiak ez dira gehiago saltzen, edo oso guti. Bigarren arazoa da tropa horiek erosi eta gero problema bera agertzen dela: ulitxak beti hor izanen dira, eta baliteke eritasuna berriz jitea. Eta azken arazoa da behien egokitzea, behiak ez baitira oiloak edo ahateak bezalakoak: behiek ziklo biziki luzea dute. Denbora anitz behar dute etxalde batera eta ingurune batera egokitzeko. Lauzpabost urte behar dituzte horretarako guti goiti-beheiti; beraz, lauzpabost urtez nabarituko da kaltea.

Halere, txertatze kanpaina abiatu dute. Zertan da?

Perinioetan fini da, edo kasik, batzuek ez baitute txertorik nahi izan. Errana digute txertatze kanpaina bukatua izanen delarik eta  talde immunitatea lortuko delarik abiatuko dutela protokoloaren kanbiamendua. Baina deus ez da segurtatua oraino.

Laborantza eta laborariak beti egoera zailean izan bazarete ere, azkenaldian anitz mugitu zarete. Orokorrean, nola ikusten duzu laborarien egoera?

Ni oraindik gazte naiz: 36 urte ditut. Egoera txarki ikusten dut. Gertatzen ari dena ez da batere irudi ona gazteentzat: bestela ere zaila da gazte baten motibatzea, eta orain, hori ikusiz, oraino zailagoa. Gazteak arrunt baztertzen dira laborantza mundutik. Guk ere laborariak izanik, ez dugu urrunera ikusten. Berez, arazoa ez dira eritasunak, estatuak egoera nola kudeatzen duen baizik. Gaur egun, laborarien mundua eri da, eta gu ere bai, burutik. Estatua isilik egoten da, eta ez gara entzunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.