Laborantzako zailtasunak: ekonomia, epidemiak eta ur eskasia

Laborariek gero eta zailtasun gehiago dituzte beren ofizioaz bizitzeko. Batetik, diru laguntzekiko duten menpekotasuna; bestetik, eritasunak eta administrazioak hartzen dituen neurri zorrotzak; eta, azkenik, garai hauetan gertatzen ari den ur eskasia.

Etxalde bat, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Etxalde bat, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
2026ko irailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Laborantzari buruz urtean zehar izaten diren mobilizazio guziak ikusirik, ondoriozta daiteke laborariak etengabeko zailtasunetan bizi direla. Bereziki aurten, idortearen ondorioz hainbat zailtasuni egin behar izan diete aurre. Gainera, epidemiak ere hor dira, eta horiek ere arazo eta kezka ugari sortzen dituzte. Horri zailtasun ekonomikoak gehitu behar zaizkio, etxalde ttipietan lanetik soldata duina ateratzea zaila baita.

Maritxu Lopepe

(Laboraria Larzabalen)

«Laborariak soldata ttipi batekin bizi dira, eta hori ez da normal. Gogoan ukan behar da ofizio zaila dela eta guti irabazten dela»

Maritxu Lopepe / GUILLAUME FAUVEAU
Maritxu Lopepe, bere etxaldean, Larzabalen. GUILLAUME FAUVEAU

Maritxu Lopepe Larzabaleko etxalde bateko laboraria da, baita ELBko kidea ere. Zailtasun ekonomikoez aritu da, eta egungo sistemaren hainbat alderdi salatu ditu. Alde batetik, NPB dirulaguntzak aipatu ditu, hau da, Europako Nekazaritza Politika Bateratuko laguntzak. Urtero jasotzen dituzte, eta beharrezkoak direla azaldu du: «Diru laguntzak ezinbestekoak ditugu, baina, hala ere, ez diote ematen laborariari bere lanaz bizitzeko ahala». Diru laguntzek hektareaka funtzionatzen dute: zenbat eta hektarea gehiago izan, orduan eta diru laguntza gehiago jasotzen da. Lopepek, ordea, salatu du sistema horrek ez duela laborari kopurua kontuan hartzen. ELBko kide gisa, hainbat aldaketa eskatzen dituzte sindikatukoek: «Galdegiten dugu diru laguntzak laborarika izatea, eta gehiago ematea kalitatezko laborantza duenari, etxalde ttipiei eta gure ingurunea zaintzen dutenei».

Laborarien soldatez ere mintzatu da: «Laborariak soldata ttipi batekin bizi dira, eta hori ez da normal. Gogoan ukan behar da ofizio zaila dela eta guti irabazten dela. Aldaketa bat egon behar da, zeren eta laster, ondoko belaunaldietan, ez baita gehiago laboraririk izanen, baldintza horietan behar baldin bada segitu». Erretreta hartzean ere laborariek jasotzen dituzten pentsioak «apalak» direla azpimarratu du. Haren ustez, sistema aldatu beharra dago, gazteek laborantzatik bizitzeko aukera erreal bat izan dezaten.

Bestalde, kontsumitzaileak, oro har, ez dira prest egiazko produktuaren prezioa ordaintzeko. Horren ondorioz, produktuen prezioa izan beharko lukeena baino askoz ttipiagoa da. Hala ere, Lopeperen kasuan, hark esnetegiari esnea saltzen dio, eta ez du berak prezioa finkatzen; beraz, ezarritako prezioarekin bizi behar du.

Idortea, zailtasun ekonomikoaren beste iturri bat

Aurten, Ipar Euskal Herrian inoiz erregistratu den udarik beroena izan da, eta beroak laborariei ere eragin die. «Aurten idortearengatik ez ditugu egin usaiako belar eta soroak; beraz, ardiak bazkatzeko erosi behar izan dugu». Idortea, beraz, zailtasun ekonomikoaren beste arrazoi bat izan da aurten: «Erosten dugun belar edo luzernaren prezioak izugarri fite igotzen ari dira. Aurten, bazka eskasa aparte, usaian baino gehiago pagatu beharko da bazka lortzeko, denek ber problema baitugu». Gainera, Iran eta Ameriketako Estatu Batuen arteko gatazkaren ondorioz, erregaien prezioak igo ziren duela hilabete batzuk. Laborariek makina ugari erabiltzen dituzte beren lanean, traktoreak tarteko. Makina horiek, funtzionarazteko, erregaia behar dute, eta gasolinaren prezioaren igoerak zailtasun ekonomiko gehiago ekartzen ditu. Zailtasun ekonomikoa, beraz, ez dakar produktuen garestitzeak soilik.

Enaut Harispuru

(Laboraria Ibarrolan)

«Orain beldurrez bizi gara, dei bat aski baita administrazioak protokolo zorrotzak ezartzeko eta gure abereak hiltzeko»

Eñaut Harispuru / GUILLAUME FAUVEAU

Eñaut Harispuru, Ibarrolako bere etxaldean. GUILLAUME FAUVEAU

Eñaut Harispuru Ibarrolako laboraria da. Aurten zailtasunak izan ditu eritasun baten ondorioz: dermatosi nodular kutsakorra. Administrazioak hartutako erabakiekin ados ez egoteagatik ere errepresioa pairatzen ari da. Irailaren 11n epaiketa izan zuen, bere kabalak ez txertatzeagatik. Harispuru epidemiez mintzatu da, eta orokorrean egiten den kudeaketa salatu du.

Haren ustez, eritasun bat etxaldera sartzen denean, lehenik ulertu behar da nondik heldu den eta zer ondorio dituen, eta eritasuna duten animaliak baztertu. Usu, marexalarekin ere lanean aritzen dira, eritasunari buruz ongi informatzeko eta protokoloak plantan ezartzeko. Tuberkulosia adibidetzat harturik, gizakitik kabaletara pasatu zen eritasuna, baina gaur egun biziki arraroa da kabaletatik gizakietara pasatzea. Harispuruk dio, ordea, administrazioak halako eritasunak erabiltzen dituela jendeari beldurra pasarazteko: «Orain beldurrez bizi gara, dei bat aski baita administrazioak protokolo zorrotzak ezartzeko eta gure abereak hiltzeko». Laborari baten tropelaren erdia hiltzen delarik 20 edo 50 urteko lana suntsitzen dela azaldu du.

Bereziki salatu nahi du administrazioak neurri zorrotzak hartzen dituela eta gehienetan neurri horiek ez direla beharrezkoak. Dermatosi nodular kutsakorrari dagokionez, adibidez, Harispuruk ez ditu bere kabalak txertatu, ez baitu ikusi txertoaren beharrik edo ondorio negatiborik. Uste du txertoak berak ere ondorioak ekar ditzakeela. Haren iritziz, laborari batek eritasun baten ondorioz kalte larriak ikusiko balitu, hala nola animaliak hiltzea, berehala hartuko lituzke prebentzio neurriak, eta animaliak txertatuko lituzke. Baina beti askatasuna eman beharko litzaioke laborariari erabaki dezan bere animaliak txertatu ala ez.

Diruaren truk

«Laborari mundua diru laguntzetatik bizi da, anitz diru laguntza ukaiten ditugu. Beharrezkoak dira guretako; bestenaz ez genituzke hainbeste kabala haziko etxaldeetan. Baina horrek, maleruski, badu alde txar bat: diru laguntza horiek onartuz, besteen peko gara, eta administrazioak hori baliatzen du bere hautuak egiteko». Bestalde, honela azaldu du txertaketen inguruko kezka: «Administrazioak txertaketa masibo bat plantan ezartzen duelarik, haiek diruztatzen dute txertaketa hori. Administrazioak beti kalkulatua du nola diruarekin isilarazi laborariak; txertaketak ekarriko dituen problemen galtze horiek tapatzeko emanen dute aski sos».

Harispururen aburuz, administrazioak laborari txikiekin egiten duena «onartezina» da, eta haien ofizioa aldatzen ari direla pentsatzen du: «Orain ez gara bizitzen haragi salmentaz, baizik eta primez. Horrek gure ofizioaren oinarria kentzen du». Azkenik, gehitu du eritasun baten aitzinean neurri zorrotzak ezartzen direnean beti oroitu behar dela diruak ez duela inoiz kabala baten balioa ordezkatzen. Lehentasuna animalien ongizatean ezarri behar zaila erran du.

Mirentxu Azkarraga

(Laboraria Saran)

«Europako eta Frantziako politikak ez dira hor gu sostengatzeko, eta, gainera, laborari tipiak zailtasunetan ezartzen dituzte. Ez gara interesgarriak haientzat»

Mirentxu Azkarraga / PATXI BELTZAIZ
Mirentxu Azkarraga, Sarako bere etxaldean. PATXI BELTZAIZ

Mirentxu Azkarraga Sarako laboraria da. Animaliak eta baratze bat ditu, eta ur eskasiaz mintzatu da. Ur eskasia laborantzan aurten anitz sentitzen dela azaldu du. Horren ondorioz, belarra ez da behar bezala hazten, eta artoaren hazkundea ere ttipiagoa izan da, artoak ur anitz behar baitu. Azkarragak, ordea, baratzean «xantza» izan du: «Nik iturri bat badut eta neguan egin dituen euriteekin iturria bete da; beraz, ez ditut ur eskasiaren ondorioak pairatzen». Bestalde, animaliek Sarako erreketako ura edaten dute. Haren arabera, baratzezaintzan pairatzen da gehienbat ur eskasia. Iturririk edo ura atxikitzeko beste instalaziorik ez baldin bada, baratzea mantentzea biziki zaila da: urik ez baldin bada ez baita barazkirik ateratzen. «Herriko ura erabiltzen ahal dugu, prezio berezi bat dugu ura ukaiteko Saran».

Ur eskasiari aurre egiteko aterabideak

Etorkizunari begira, urari eusteko azpiegiturak egin beharko liratekeela uste du Azkarragak. Teilatuetako ura ere berreskuratu beharko litzateke. Bestalde, artoa bezalako laboreak murriztu edo utzi beharko lirateke, ur anitz eskatzen baitute, eta beste landare mota batzuekin ordezkatu. Geroari pentsatu eta etengabe egokitu behar litzatekeela aholkatu du: «Pentsatzen dut gizakia gai dela aterabideak atzemateko eta desberdinki jokatzeko; beraz, idorteak ez nau anitz kezkatzen geroari begira».

Aldiz, Europako eta Frantziako politikek kezkatzen dute Azkarraga: «Ez dira hor gu sostengatzeko, eta, gainera, laborari tipiak zailtasunetan ezartzen dituzte. Ez gara interesgarriak haientzat». Haren ustez, laborantza herrikoia eta biologikoa sostengatzea oso garrantzitsua da. Etxalde tipiak ez badira babesten, pixkanaka desagertzeko arriskua dago, eta horren ondorioetako bat kalitatezko janariaren desagerpena izan daiteke. «Biziki inportantea da gizakiak kalitatezko janaria jan dezan».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA