Psikosoziologoa da Dominique Lataste (Montaut, Okzitania, 1960). Autrement Dit elkartean lan egiten du, eta Montpellierko Unibertsitateko (Okzitania) ikerlaria da. Zenbait trebakuntza proposatzen ditu etxaldeetako transmisioa ahalik eta hobekien gauza dadin. Euskal Herriko Laborantza Ganberak laborarien erretreta eta transmisioa lantzeko antolatu jardunaldien karietara, Brigitte Chizellekin jinen da urriaren 9ko eta 13ko saioak animatzera.
Etxaldeen transmisioaren inguruko datuek zer adierazten dute? Zenbat etxalde transmititzen dira, eta zenbat uzten dira bazterrean?
2020ko kontaketak erakusten du 389.000 etxalde zirela Frantziako Estatuan; 2010ean, berriz, 489.000 inguru. Horrek erran nahi du 100.000 etxalde galdu direla hamar urtez: %20ko galera, beraz. Euskal Herrian gutiago sumatzen da jaitsiera. Zenbakiek erakusten dute 4.445 etxalde zirela 2010ean, eta 2020an 3.777 zirela. %15eko jaitsiera markatzen dute zenbakiek. Oro har, Frantziako Estatuan astero guti gorabehera 180 etxalde galtzen dira.
Alimalekoa da galera.
Anitz da, baina kasu eman behar zaie horrelako zenbakiei. Hori xehekiago aztertzen badugu eta galduriko eremuei behatzen badiegu, ikusten dugu hamar urtez etxalde ttipiak %32 gutitu direla. Etxalde ertainak ere ez dira jokoz kanpo, %20 gutitu baitira. Etxalde erraldoiak —200 hektarea baino handiagokoak— aztertuko bagenitu, berriz, %41 emendatu dira. Beraz, etxalde handiek dituzte ttipiak irensten. Horrek arazo bat sortuko du familiaz kanpoko transmisioetan, gazteek nagusiki etxalde ttipietan edo ertainetan instalatu nahi baitute. Beraz, garrantzitsua da etxalde ttipiak eta ertainak mantentzea Belgikan duten egoera ukan nahi ez badugu. Han etxaldeen transmisioa biziki zaila da, lurren kapitalizazio handia baita.
Zein dira transmisio denboran sor daitezkeen arazoak? Traba ez da bakarrik ekonomikoa, ezta?
Hainbat faktore dira. Faktore ekonomikoa da bat, erretreta biziki apala dute laborariek, eta, ondorioz, zaila da etxaldea transmititzea. Bertzalde, belaunaldien arteko faktoreak kontuan hartu behar dira, gazteek lanarekin duten harremana ez baita zaharrena bezalakoa. Lanarekiko harreman berriak galderak eta zailtasunak plantea ditzake etxaldea uzten duenarentzat, baina ukaiten duenarentzat ere bai. Usu, uzten duen laborariarendako bizi osoko engaiamendua izan da, baina ez du bortxaz erran nahi hala izanen dela etxaldea berriz hartzen duen gaztearendako. Gazteek ez dutenez engaiamendu mota bera, uste dut horren inguruan zerbait eraiki behar dela.
«Lanarekiko harreman berriak galderak eta zailtasunak plantea ditzake etxaldea uzten duenarentzat, baina ukaiten duenarentzat ere bai»
Gatazka sor lezake horrek?
Bai, baina ez horrek bakarrik. Egiturazko bertze faktore bat kontuan hartu behar da. Administratiboki biziki pisuak dira etxalde transmisioak, batez ere gazteek jarduera anitzeko etxaldea plantan eman nahi badute. Errate baterako, biziki modan da etxaldean turismoa proposatzea hazkuntza egiteaz gain, baina administratiboki ez da batere erraza. Azkenik, faktore psikosozialek ere eragina badute: ez da prestaketa psikologiko nahikorik egiten familia barneko edota kanpoko transmisioen kasuan.
Laborariendako, erretretara joatea zaila da, nortasun sozial berria eraiki behar dutelako.
Etxaldean izate sozial guzia eraiki dute, eta, hori kentzen badiezu, zer gelditzen zaie? Erretretara joatean, laborariek zerbait berriz asmatu behar dute. Transmititzea ez da gehien eskaintzen duenari zerbait saltzea: etxaldea transmititzen duenak lehengo belaunaldienganako erantzukizuna sentitzen du, eta baita segituko duenarenganakoa ere.
Beraz, laborariek orain baino goizago hasi behar lituzkete transmisio lanak?
Bederen bost urte behar dira etxalde baten transmisioa lantzeko. Bortxaz, hartzaile berriak ez du aitzinekoaren lan bera egiten, eta laborariak hori barneratu behar du. Konfiantza eraiki behar da, eta ez da sinplea. Desberdina da konfiantza egitea eta konfiantza ukaitea. Ene aitak erraten zidalarik «konfiantza egiten dizut», erran nahi zuen: «Hobe duzu egitea nik egiten dudan bezala». Konfiantza ukaitea desberdina da; laborariak behar lioke bere buruari erran ezusteko egoerei aitzin eginen diela etxaldea hartuko duen gazteak. Konfiantza landu behar da, eta oro har transmisioa laborarien artean beharko litzateke landu. Elkarrekin izateak bizipenak partekatzeko parada irekitzen du, baina baita haien transmisio propioan gaizki pasatu diren gertakariak aipatzeko ere.
«Anitzetan gertatzen da laborariek etxaldea transmititzean beren instalazio garaiko historia zahar batzuk berriz bizitzea»
Kolektiboki antolatzea da gakoa transmisioa ahalik eta hobekien gauzatzeko?
Anitzetan gertatzen da laborariek etxaldea transmititzean beren instalazio garaiko historia zahar batzuk berriz bizitzea. Horiek sanotu behar dira, eta taldean aipatu, profesional baten lanketarekin: biziki garrantzitsua da.
Nola egin daiteke hori?
Formakuntzak badira mintzatzeko eta entzuna izateko. Transmisio prozesua traba dezaketen bizipen zaharrak lantzeko balio dute. Adibide gisa, laborari bati haren aitak derrigorrez transmititu zion hazkuntza etxaldea, baina berak mahastizaintzan ari nahi zuen. 50 urte zituela aitari erran zion hazkuntza ez zuela gehiago eginen, baina mahastizaintza hasi bertzerik ez zuen egin erretretako adina heldu zitzaiolarik. Erretretaren tenorea hor zegoen, baina bere buruan ez, eta horrek sortu zituen trabak transmisioan.
Tabu izaten dira gaizki transmitituriko etxaldeak?
Laborariendako ezin pentsatuzkoa da transmisioaren azken katebegia izatea. Lagundu behar dira tabu hori gainditzen, eta ariketa kolektiboa izan behar luke etxaldearekiko zor morala arintzeko. Euskal Herrian, etxearen inguruko transmisioa berezia da, eta oreka sozial eta ekonomikoa mantendu du transmisio tradizionalak. Familian ez bada transmititzen etxaldea, familiaz kanpoko transmisioa pentsatzea biziki zaila da. Asmatu behar dugu transmititzeko manera berri bat tradizioak errespetatuz.