Arantxa Idieder

Lagun, etor nirekin

2026ko martxoaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bertikalki antolatua den gizarte batean, bada gune bat horizontalki funtzionatzen duena: laguntasuna. Medailarik irabazteko beharrik ez, hartu-eman harreman horretan zein gehiagoka ez da baloratua. Arnasgune bat, erreusitze helbururik gabe, hautatzen dugun lotura bat, leku horretan banaiz «ni», burujabetua, beldurrik gabe eta zaindua.

Gizartean zure lekua egingo duzu, ezkonduta, haurrei zure ondasunak transmitituta, harria baloratuta. Zure lekua egingo duzu horren arabera. Ikuspegi horretan, lagunak bigarren mailakoak dira. Ez baita laguntasunean «inbertitzen».

Bikote bakarra izan behar duzu, baina lagun gehiago izan ditzakezu. Egunero ikusten ahal dituzu, edo garai batzuetan gutiago, etxea aldatzen ahal duzu, lana aldatu, hautu horiek lagunaren onespena gabe egiten ahal dituzu, bizian gorabeherak izan ditzakezu, baina ondoan ukanen duzu.

Laguntasunak, «egiazkoak», distantzia jasaten du, desadostasunak gainditzen ditu. Bikotean ez bezala ez digu inoiz nehork osmosia hitzeman. Askatasun gunea ere bada, ez baita hain pentsatua, kodifikatua, normalizatua edo behartua. Bihurgune edo bizi etapa guzietan laguna lurpeko bide ilun horretan argi bat bezala agertzen da. Giulia Foïsek idazten duenarekin segitzeko (Et si l’amitié pouvait tout changer?, Eta laguntasunak dena aldatzen ahalko balu?), lagunek duten rola haurtzaroan garrantzitsua dela ere oroitarazten du: «Kasik politikoa da, laguntasunari esker alteritatea ulertuko dut, eta aniztasuna onartuko eta aberastasun gisa konprenituko». Elkarrekin handitzen gara, aldatzen, agertzen. Banaiz, lagunak izan ditudalako.

Orduan zergatik, galdetzen digutelarik «Norbait ezagutu duzu?», edo «Zure +1-arekin etorriko zara gaurko afarira?», bikoteari pentsatuko dugu eta ez lagunari?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!