Laneko sexu jazarpenari buru, babesa saretuz

Mauleko Chaumes gasnategiko langile izaniko bati hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote gibelapenarekin, sexu jazarpenagatik eta jazarpen moralagatik. Bi biktimarekin mintzatu da 'Hitza', eta erran dute epaiak agerian ezarri duela «egia».

Paueko Auzitegiaren aitzinean martxoan egindako elkarretaratze feminista. JOANES ETXEBARRIA
Paueko Auzitegiaren aitzinean martxoan egindako elkarretaratze feminista. JOANES ETXEBARRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Prozesu luzea eta gogorra izan da hitza hartzea Anais De Magalhaes eta Clemence Ferreirarentzat. Sexu jazarpena jasan izan dute biek lantokian, Mauleko Chaumes gasnategian. Gizon bera jazarri zaie, eta orotara, beste lau emazte juntatu zaizkie prozedura aitzina joan ahala; azkenean bostek ezarri dute salaketa, eta beste bat lekuko gisa agertu da. Paueko Auzitegian jujatu zuten gizona, iragan martxoan, eta apirilaren 30ean arribatu zen epaia: hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, gibelapenarekin. Bestalde, Fijais arau hauste sexualen egileen fitxategi judizial automatizatuan agertuko da haren izena, eta justiziako zigor erregistroan sartuko diote delitua. Gizonak epaimahaiari espresuki galdetua zion erregistroan ez sartzeko, baina ukatu diote.

«Guretako garrantzitsuena ez da kondena bera. Errudun izendatu dute, eta gu biktima; hori zen axola zitzaiguna», erran du De Magalhaesek. Ferreirarendako, berriz, «egia agertu» izana da inportanteena. «Jendeak ikus dezan zer den egia. Guk ez dugu gehiago deus justifikatzerik. Ofiziala da», gehitu du. Aitortu dute «libratuak» sentitzen direla epaia iritsi zenetik, eta sendatzeko prozesuan urrats handia izan dela.

Baina bidea ez da erraza izan. De Magalhaesen eta Ferreiraren arteko solasaldi batekin hasi zen dena, 2019an. De Magalhaesek 2011 eta 2015 bitartean jasan zuen sexu jazarpena. «Bi sexu eraso egin zizkidan gizon horrek, baina garai hartan ez nintzen mintzatu. Pentsatu nuen afera pertsonala zela. Deliberatu nuen gasnategiaren Mauleko lantegitik Bildozekora joatea, gizon hori ez gehiago ikusteko. Gainerakoan, isilik egon nintzen», kontatu du. Ferreirarekin mintzatu zen arte.

Orduan ohartu ziren bi emazteak ber gauza bizi izan zutela, eta Ferreirak, Mauleko lantegian segitzen zuenez, kontatu zion beste andre batzuekin ere gertatzen ari zela. Justu garai berean, De Magalhaes langile batzordeko ordezkaritzan sartu zen, eta sexu jazarpeneko aferetako erreferente izendatu zuten. Formakuntza bat egin zuen, eta hor ulertu zuen zer zen bizi izan zuten hori: laneko sexu jazarpena. Protokoloa aplikatzea deliberatu zuen beste biktimekin mintzatu ondotik, eta zuzendaritzarengana jo zuten, zer gertatzen ari zen kontatzera.

«Nahiko delikatua zen, zuzendariak eta gure erasotzaileak harreman ona baitzuten. Ez dut uste sinetsi gintuenik, baina, langile erreferentea nintzenez, giza baliabideetako zuzendaria jakinean ezarri zuen», kontatu du De Magalhaesek. Behin baino gehiagotan entzunak izan ziren, eta ez zen ariketa erraza izan. Batez ere, anonimotasuna atxikitzea kasik ezinezkoa izan zitzaielako, pausa denboretan deitzen baitzituzten zuzendariaren bulegora. «Uste dut giza baliabideetakoak sinetsi gintuela, eta laneko ikuskaria etorraraztea erabaki zuen». Lantegi barneko prozedurak lauzpabost hilabete iraun zuen, eta, azkenerako, Lan Ikuskaritzak erabaki zuen gizona kanporatzea.

«Eta hor beste infernu bat hasi zen», oroitu du Ferreirak. Izan ere, lantegian «biziki preziatua» zen gizona, eta lankide anitz hasi ziren haren jazarpena jasan zuten emazteen kontra gogorki ihardukitzen. «Denek uste zuten gizon horren kontrako konplot bat egin genuela eta hura zela biktima», erran du De Magalhaesek. Garai izugarri zaila izan zen bi andreendako. Denbora berean, berri txar bat iritsi zitzaien: gizona Iratiko etxoletan hasi zen lanean, eta «jarrera desegokiak» ukan zituen hango lankide batekin. «Sekulako zarrasta bildu genuen. Ez genuen uzten ahal segitzen, eta hango emazteak babestu nahi genituen». Orduan deliberatu zuten salaketa ezartzea. «Ez genuen gogorik, baina beharrezkoa zela ikusten genuen», zehaztu dute.

«Denek uste zuten gizon horren kontrako konplot bat egin genuela eta hura zela biktima»

ANAIS DE MAGALHAES Laneko sexu jazarpenaren biktima

Salaketa ezartzeak berak «lasaitu» zituen. «Sinesten gintuztela sentitu genuen, seguru ginela eta behar bezala entzunak ginela». Baina salaketa ofizialki ezartzearen ondorioz, afera guzia publiko egin zen, eta, beraz, inguruko jende anitzez ere gehiagok jakin zuen haren berri. «Ez gintuen kasik nehork sinesten», deitoratu dute.

Sostengu sarea

Baina afera publiko egin izanak, era berean, sostengua ekarri zien. Xiberoko Feministak taldeak, erraterako, sostengu talde zabal bat osatu zuen biktimen inguruan, babesa adierazteko. Claudine Egiaphal talde horretako kideak kontatu du Ferreirarekin mintzatua zela enpresako barne ikerketa egin zutenean, baina orduan ez zela prest jende aitzinean salatzeko. «Beldur ziren baztertuak izanen zirela», kontatu du Egiaphalek. Gogoan du salaketa pausatzeko erabakia nola jin zen: «Besteak babesteko deliberatu zuten salaketa ezartzea. Etorkizuneko biktimak izan zitezkeenak babesteko, hots. Eta hori izugarri indartsua atzeman genuen».

Xiberoko Feministek ikusi zuten nola eremu publikotik baztertuak izan ziren andreak, eta nola Zuberoan haien kontrako zurrumurruak hedatu ziren. «Entzuten zen kontatzen zutena faltsua zela, gizonaren kontrako konplot bat zela, ez zirela hemengoak...». Biktimekin adosturik, eskuorriak banatzen hasi ziren: autoetan, merkatu egunetan..., sexu jazarpena zer zen esplikatzeko, eta legez kanpokoa zela argi uzteko. «Anitzek erraten ziguten urrunegi joan ginela, afera pribatua zela, eta kontatzen genuena intimoa zela. Baina guk argi genuen: sexu erasoak ez dira intimoak, eta gainera, kasu honetan, lantegian gertatutakoak dira», erran du Egiaphalek.

«Anitzek erraten ziguten urrunegi joan ginela, afera pribatua zela, eta kontatzen genuena intimoa zela. Baina guk argi genuen: sexu erasoak ez dira intimoak, eta gainera, kasu honetan, lantegian gertatutakoak dira»

CLAUDINE EGIAPHAL Xiberoko Feministak taldeko kidea

Eman dieten sostengua «izugarri garrantzitsua» izan da, De Magalhaes eta Ferreiraren hitzetan. «Alta, hasieran iruditzen zitzaigun ez genuela batere zilegitasunik. Usatuak ginen baztertuak izatera eta jendeak ez sinestera; beraz, haien konfiantzak anitz lagundu gaitu zinez», esplikatu dute. Emeki-emeki, inguruan osatutako sarea zabaltzen hasi ziren Xiberoko Feministak, babes zabalagoa lortzeko. «Gure ingurukoengana joan, eta talde zabalago bat osatu genuen. Gizon batzuk ere baziren barnean, eta maleruski, nonbait, horrek lagundu gaitu entzunak izateko», kontatu du.

2025eko uztailean iragan beharra zen auzia —gero gibelatua izan zen—, eta, auzia aitzin, sostengu gaualdi bat egin zuten biktimei elkartasuna adierazteko. Jende andana bildu zen, eta Egiaphalek azpimarratu du pedagogia lan handia egin zutela hori lortzeko. «Argi utzi nahi genuen haiek babesteko sare bat zela, eta helburua ez zela gizona epaitzea. Biktimak bakarrik ez egotea gure ardura zen, eta erakutsi nahi genuen posible zela ardura hori kolektiboki hartzea», aletu du. Bi biktimek aitortu dute babesari esker jada ez zirela gehiago «gorde», eta indar handia eman ziela. 

Auzia prestatzea izan zen ondoko urratsa. Berez, iazko uztailean egitekoa zuten, Pauen. «Salaketak ezarri eta aski fite heldu zen lehen saioa, oraino zurrunbiloan ginen, eta nahiko prest ikusten genuen guhauren burua. Gizona berriz ikusi behar izatea izan zen zailena. Aski frustragarria izan zen auzia gibelatu behar izatea, baina era berean, bagenekien beste froga batzuk biltzen ahalko genituela, hala nola mezuak, audioak...», esplikatu du Ferreirak.

«Sostengu elkarteak ondoan izan ditugu hastetik buru, eta anitz zaindu gaituzte, gure erritmoa eta gure koadroa errespetatuz beti»

CLEMENCE FERREIRA Laneko sexu jazarpenaren biktima

Martxora gibelatu zuten auzia ororen buru, eta hilabete horietako igurikatzea luzeagoa izan zaie biei. «Gorabehera emozional handiak» izan ditu De Magalhaesek tarte horretan. Auziaren eguna biziki zaila izan zaio, biziki beldurtua baitzen erasotzailea berriz ikusi beharko zuelako. Kontatu du gizona «antzerkian» aritu zela saio osoan. Ferreirari ere «erridikulua» iruditu zitzaion haren jarrera. Hilabete iraganik, Ferreirak uste du auziak anitz lagundu duela, nahiz eta momentuan zaila izan. «Traumatikoa izan da, azkenean biziki agerian gelditzen baita gorputzean bizi izan dugun zerbait. Baina gauza biziki azkarrak eta hunkigarriak ere izan dira, hala nola prokuradorearen diskurtsoa». Izan ere, kontatu dutenez, «sexu erasotzaile» eta «gezurti» deitu zion akusatuari, eta biktimei erran «burua altxa» zezaketela. «Terapeutikoa izan zen gu denentzat», erran du Ferreirak. Eta, gainera, auzi saiotik ateratzean, babestera etorriak ziren jendeen txaloak aditu zituzten: «Sostengu elkarteak ondoan izan ditugu hastetik buru, eta anitz zaindu gaituzte, gure erritmoa eta gure koadroa errespetatuz beti», borobildu du Ferreirak. 

Egiaphalek uste du halako epai batek argi uzten dituela bi gauza: «Batetik, erasotzaileak gutarik hurbil izan daitezke, eta jendeak sinpatikotzat dauzkan pertsonak izan daitezke. Ez dira munstro ezezagun batzuk. Bestetik, argi gelditzen da sexu jazarpena ez dela txiste bat, zigortzen ahal den ekintza bat baizik. Agian zerbait utziko du jendeen buruan». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA