Batzuek ikasteko baliatzen dute uda, beste batzuek pausatzeko edo bidaiatzeko, baina, beste anitzentzat, uda garai bakarra da lan egiteko, eta lansari bat sarrarazteko. Gazte gehienek udan izaten dute lehen lan esperientzia, gehienetan ezagutza gutirekin egiten dutena. Ezagutza falta horrek lan baldintza prekarioetan lan egin behar izatea eragiten die: lan sari apalak, ordu gehigarri gehiegi, etxebizitza falta edo garestiegiak...
Christelle Rodet Baionako Merkataritza eta Industria Ganbarako komunikazio arduradunak aztertu duenez, Ipar Euskal Herrian udako 9.000 langile mobilizatzen dira urtero, hainbat sektoretan. 9.000 horietarik erdiek turismo jarduerei lotuak diren lanak egiten dituzte: ostalaritzan, hoteletan, kanpinetan, garbiketa lanetan, saltegietan, eta animazioan eta aisialdian. Laborantzak eta hazkurri arloak ere anitz «hunkituak» direla azpimarratu du Rodetek. «[Ipar] Euskal Herriak duen ekonomia turistikoagatik behar dira hainbeste langile. Euskal Hirigune Elkargoko turismo bulegoak 17 milioi bisitari zenbatu zituen 2025ean; horietatik 3,12 milioik gutienez gau bat pasatzen dute; eta horrek 1,31 miliarren irabazi ekonomikoak eragin ditu. Horregatik, Ipar Euskal Herrian sasoilari anitz behar dira». Halere, ez dute argitu zehazki zenbat lanpostu sortzen diren sasoirako.
Merkataritza Ganberako komunikazio arduradunak esplikatu du sasoilarien profil zehatzak ez dituztela xeheki ikertuak, baina Ipar Euskal Herrian «askotarikoak» direla dio: «Udako langileak kalifikazio apala duten eta epe laburrean lan egin nahi duten ikasleak, profesional gazteak, lan bila dabiltzanak, langile mugikorrak edo lurraldearekin lotura duten pertsonak dira».
«Ez bazaizkie sasoilariei haien eskubideak erakusten eta irakasten, ezin dute jakin zer debekatua den, zer ez... Eta enplegatzaileak horretaz baliatzen dira beren onerako: oren gehigarri gehiegi eta ordaindu gabeak, baldintza txarretan lan egitea, eskas pagaturik...»
CHRISTINE ANDRIEUX Solidaires sindikatuko kidea
Solidaires sindikatuko kidea da Christine Andrieux. Azaldu du lanbide oro izan daitekeen bezalaxe, udako lanak ere prekarioak izan daitezkeela gazteentzat, eta usu lan eskubideak «urratuak» zaizkiela. Andrieuxek dioenez, sasoilari gehienek udan baizik ez dute lan egiten, hots, urtean bi hilabetez; eta, epe laburrean lan egitearen ondorioz, batzuetan ez dakite ongi zer eskubide dituzten. «Ez bazaizkie sasoilariei haien eskubideak erakusten eta irakasten, ezin dute jakin zer debekatua den, zer ez... Eta horrez gain, anitzetan, ez dira ausartzen erratera ez direlarik ados, uste baitute ez direla zilegi sasoilariak direlako, edo berriak direlako. Eta enplegatzaileak horretaz baliatzen dira beren onerako: oren gehigarri gehiegi eta ordaindu gabeak, baldintza txarretan lan egitea, eskas pagaturik...».
Lana bai, baina non lo?
Lapurdiko kostan eta barnealdean dira udako langileen behar handienak, hotelen, kanpinen, jatetxeen eta aisialdirako jardueren dentsitateagatik. Euskal Herriko 64 Turismo agentziaren arabera, eremu horretan 5,7 milioi bisitari izan ziren 2025ean, nahiz eta urtero %4ko beheititze bat behatu duten.
Udako lanaren arabera, langileek duten oztopo nagusia etxebizitzarena da. «Etxebizitza da traba nagusietako bat. Lapurdiko kostako aldea eta barneko aldea dira behar handiko guneak, baina eremu horietan da etxebizitzak lortzeko zailtasunik handiena, eta horrek kontratazio tentsioak indartzen ditu: eskaintza falta, alokairu garestiak, alokairurako sarbidea lortzeko baldintzak, alokairuaren epearen eta kontratuaren iraupenaren arteko desorekak, alokatzea eta mugikortasuna», erran du Rodetek. Merkataritza eta Industria Ganberak egin lan baten arabera, enplegatzaileen %26 baizik ez dira gai beren langileak aterpetzeko, eta beharra 1.400 etxebizitza ingurukoa dela zenbatzen dute. Arazoa edo erronka errazteko, Ganberak Lanbide Bizitegi Euskal Herri esperimentazioa plantan ezarri zuen, Ipar Euskal Herriko hainbat elkarte eta erakunderekin pentsatua. Haien helburua da etxebizitza hutsak mobilizatzea, udako eta urte guztiko ikasleen eskura egon daitezen. «Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren helburua bikoitza da: enpresen kontratatzeko gaitasuna erraztea, eta sasoilariei aterabide argiagoak, eskuragarriagoak, eta haien lan kontratuei egokituak atzematea».
Andrieuxek azaldu du urtean zehar Euskal Herrian etxebizitza bat atzematea zaila dela, baina udan are zailagoa dela: «Kasu batzuetan, enplegatzaileak proposatzen dio lo leku bat enplegatuari, baina beste batzuetan, langileek ahal dutenarekin egin behar izaten dute. Batzuek lo egiteko lekua pagatzeko baliatzen dute lansaria, adibidez. Gero eta gehiago kanpinetara doaz lo egitera, baina garesti ateratzen da gehienentzat. Sare sozialetan, ikusten dira gazte batzuk baratzeak xerkatzen ari, beren oihal denda jartzeko. Horretaratuak dira».
Laguntza eske
Egoera «zaila» bada ere, Andrieuxek uste du zenbait elkarte, sindikatu eta egituratara joan daitezkeela lagunduak eta bideratuak izateko. Solidaires sindikatuak, adibidez, liburuxkak eta eskuliburuak egin ditu langileek beren eskubideak argiago izateko: lan denborak, nola irakurri paga fitxa bat, zer agertu behar den paga fitxan, enplegatzaileak zer eskubide duen enplegatuari dagokionez... «Baliteke gida horrek ez den-denari erantzutea, baina kezka gehienei bai. Eta, bestalde, ahalbidetzen du beste galde batzuei ere bidea irekitzea».