Eguraldi ederraren etorrera nehor baino gehiago goaitatzen dute bai lanperna-musuek, baita hegaztiak artatzeko Hegalaldia elkarteko kideek ere. Azken bi asteetako tenpestek, ordea, sekulako lana eman diote Uztaritzeko egitura horri. Izan ere, lanperna-musuak ozeano Atlantikoko itsasbazterrean bizi dira, baina, aro txarrarengatik, halako anitz hondartzetara lehorreratu dira, jadanik hilak ala larri kolpatuak. Usaian, Frantzia iparraldeko kostaldean egoten dira. Baina Nils eta Pedro izeneko tenpestek sekulako kalteak eragin dizkiete, eta, ondorioz, ohi baino anitzez gehiago iritsi dira hemengo itsasbazterrera.
Haien sokorritzeko, beraz, Hegalaldia elkarteak ardura nagusia hartu du, hegazti gehienen salbatzeko gogoarekin. Azpimarratzekoa da elkarteak galdegiten duela hegaztiak berehala beregana ekartzea, eta ez etxean artatzea, lanjerosegi bailitzateke hegaztiarentzat. Heldu orduko Uztaritzeko sokorri zentrora, elkarteko kideek segipen zehatza segurtatzen dute. Esteban Borromee Hegalaldiako langileak puntuz puntu zehaztu du txoriak artatzeko elkartearen protokoloa: laguntzaileen eskuetara heltzean, txorien pisua eta gorputzeko tenperatura neurtzen dituzte; gero, hegaztiaren hankak, hegalak, begiak, mokoa eta gerria nola diren so egiten dute; osasunaren bilan orokorra egiten dute, eta, osasuna kaltetuegia badute, aterabiderik gabe baldin badira, eutanasia egiten diete.
Baina, tenpesten ondorioz, eta ikusiz errezibitu beharreko hegazti kopurua azkarki handitzen, protokoloa arindu behar izan dute. Bi astez mila hegazti baino gehiago errezibitu dituzte: «Une batera ezkero, ezinezkoa zitzaigun hegazti bakoitzaren analisi zehatz baten segurtatzea. Ondorioz, tenperatura baizik ez genuen neurtzen, eta bakoitzaren arabera artatze ezberdin batera bideratzen genituen. Adibidez, 37 gradu peko tenperatura duten txoriak inkubagailu berezi batean sartzen ditugu. Hala ere, egoera horretan direnek dute hilkortasun tasa gorena: gehienetan hipotermia larrian dira jada», azaldu du Borromeek. 38 eta 39 gradu arteko txoriak gela berotu batzuetan sartzen dituzte, eta, azkenik, 39 gradutik gorako tenperatura dutenak kanpora atera daitezke.
Prozesu luze horren bitartean, elkartekideek hegaztiak garbitzen dituzte, eta haien lumak bereziki zaintzen. Lanperna-musuak ur azpian ehizatzen ditu arrainak, salto batez urperatuz eta kasik berehala airera berriz jalgiz. Ehiza horren bermatzeko, lumek azkarrak izan behar dute, uraren kanporatzeko, txoriak gehiegi hoztu ez daitezen. Bestela, ezin dute elikatzeko ehizatu eta igeri egin: horrela dira itsaslasterraz itsasbazterrera lehorreratzen hegaztiak.
Baliabide mugatuak
Badu orain 26 urte Hegalaldiak bere ateak irekitzen dizkiela beharretan diren hegaztiei. Borromeek segurtatu du gaur egun Ipar Euskal Herrian eta urrunago ere elkartea erreferente bilakatu dela txoriak eta bereziki itsas txoriak sendatzeko. Teknika eta ekipamendu mailan behar den guzia badutela segurtatu du. Hala ere, hegaztiak errezibitzeko zailtasunak ukan ditzakete: «Nahiz eta baliabide mugatuak ditugun, elkartearen politika da mugarik ez jartzea. Ahal den maneran txoriak errezibitzen ditugu, eta ez dugu harrerarik sekula ukatzen».
«Nahiz eta baliabide mugatuak ditugun, elkartearen politika da mugarik ez jartzea. Ahal den maneran txoriak errezibitzen ditugu, eta ez dugu harrerarik sekula ukatzen»
ESTEBAN BORROMEEÂ Hegalaldia elkarteko langilea
Hegalaldiaren laguntzeko, beraz, sos biltze bat abian ezarri dute Hello Asso plataformaren bitartez. Material bilketak egiten dituzte erregularki, eta sare sozialetan ikus daiteke zeren beharra duten, unean-unean. Lanperna-musuen artatzeko bainuko oihalen eskasian dira. Horrez gain, hegaztien artatzen laguntzeko prest den edonori jiteko gomita luzatu diote. Kudeaketa arrazoiengatik, aurretik elkartearekin harremanetan sartzea galdegiten dute, antolaketa orokorraren funtzionamendu ona segurtatzeko gisan.