Haur ttipiei egin ohi zaizkien lehen galdeetako bat hau da: «Zer izan nahi duzu handitan?». Ttipitik martxan ezartzen den «presioa» da orientazioarena, Joana Irigarai Ziburuko Piarres Larzabal ikastetxeko orientatzailearen arabera. Alta, argi du orientazioa ez dela soilik lanbide bat hautatzea, «bide bat hautatzea baizik». Preseski, bide horretan euskaraz lan egitea posible dela erakusteko foroa eginen dute bihar, Seaskak antolaturik. Egunerokoan euskaraz ari diren hainbat arlotako langileak izanen dira, eta ikasleek eta familiek itzulia egiten ahalko dute beren interesen arabera, orientazio hautuetan laguntza ukaiteko. 09:00etatik 13:00etara izanen da zabalik, Baionako Etxepare lizeoko kirol gelan.
Foroak 2019an izan zuen lehen aldia, eta bi helburu zituen hasieratik: ikasleei orientazio aukeren berri ematea, eta euskaraz lan egitea posible dela erakustea. «Seaskatik edo beste sail batetik pasaturik, bai, badira euskaldunak lan munduan, eta ikasleei hori erakustea garrantzitsua da; Seaskak bere gain hartu du hori. Are gehiago, argi utzi nahi diegu euskarak ateak irekitzen ahal dituela», adierazi du Irigaraik. Antolaketa lan handia eskatzen du halako foro batek, hamar bat arlotako ehun bat langile heldu baitira; hortaz, bi urtetik behin egiten dute ekinaldi hori. Seaskako lau kolegioen eta lizeoaren artean antolatzen dute, eta ikastetxeetako orientatzaileen artean muntatu. Bakoitzaren kontaktu zerrendetatik abiatuz egiten dute sarea osatzeko xinaurri lana. «Lehentasunez ikasle ohiengana jotzen dugu, baina ez horiengana bakarrik. Gainera, kontuan hartu behar da orain Seaskako ikasle ohiak badirela milaka, adin guzietakoak. Horregatik, langile aski gazteak etorrarazten entseatzen gara, erakusteko gazteei gazteek lortzen dutela euskaraz murgiltzea lan mundura, ikasketak euskaraz ez eginik ere».
Horri esker, arlo profesional askotako langileak heldu zaizkie: artistak, eraikuntzaren eta energiaren arlokoak, industriakoak, kulturan ari direnak, komunikazioan, teknologian, osasunean, laborantzan, hezkuntzan, kirolean... Seaskako familiek eta ikasleek arlo horietako lanbideak ezagutzeko parada izanen dute bihar, hain zuzen ere. Bestalde, ikasketa prozesuari begira, Seaskako ikasle geroz eta gehiagok euskaraz ikasi nahi dute, eta horretarako Hego Euskal Herrira joan behar izaten dute. Preseski, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko, MU Mondragon Unibertsitateko eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkariek mahai inguru bat eginen dute sailak aurkezteko eta izena emateko prozeduren berri emateko.
Bide «korapilatsuak»
Lizeoko ikasleendako «biziki baliagarria» da halako foro bat egitea, Irigarairen arabera. «Batzuek argi dute zer bide hartu nahi duten, baina ongi da ikus dezaten ez dela bide bat eta bakarra. Lan mundura sartu aitzin bide korapilatsuagoak izan daitezke; batzuetan zerbait desblokeatzen da hori ikusiz». Lanbide foroari esker, bestalde, aldez aitzinetik gogoan ez zituzten lanbide batzuei buruz joateko gogoa pizten zaie batzuei. «Hautuak zehatzago egiteko molde bat da, azkenean», laburbildu du orientatzaileak.
2018tik Parcoursup plataforma jarri zuen martxan Frantziako Gobernuak, eta Irigaraik pentsatzen du ikasleentzat ez dela «sistema hain txarra»; halere, azpimarratu du «informazio anitz» jasotzen dutela haren bidez, eta hautuak «trumilka» badirela. «Sistema bera baino gehiago, hautuak egiteko duten presioa da gehiegizkoa; orientazioa ez da lanbide bat aukeratzea. Orientazioa bide bat hartzea da, eta bidea aldatzen ahal da, garatu, berriz hasi... Uste duten baino malguagoa da», esplikatu du. Ohartarazi du orientazioa ikuspegi batetik baino gehiagotatik lantzen dela: bakarrik, familiarekin, ikastetxean, lagunekin... Eta hautua parametro askoren ondorioa izaten dela azkenean.