Lasterka, hitza kurri

2026ko martxoaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atharratzeko Artetxe arte gunean, erakusketa bat dago, soinu erakusketa —bai, ongi entzun duzu—, hitz erakusketa —bai, ontsa irakurri duzu, Hitza-ren irakurle!—; Lasterka - Hitza kurri  du izena. Pierre Vissler Hebentik kidearekin sortua. Korrika bezperan estreinatua, ehunka autokarabana-camping car pasatzen ziren bide bazterrean... Eskerrak Korrika bera oinez egiten den!

Baina zer ote dateke soinu erakusketa? Soinua da, espazioan hedatua, entzulea murgiltzera gomitaturik. Zertan? Euskal hitzean, Xiberoan darabilgun hitzen musikan.

Hogeita laugarren korrika, hogeita lau minutu hitz, hogeita lau gure hitz, zure hitz, ene hitz, hebenko hitz, hebentik hitz, hebenko, beraz mundu orotako, hebentik, beraz mundu orotara. Hitza zer da azkenean, airean kurri den zubia, ahoz aho lekukoa, ttipi eta ttapa, lasterka, ez isilka, bai korrika! Eta olerki hau ere entzungai, Siberiako xibereraz, zilegi bekit:

Ene hitza

Ene hitza enea da/ Ene hitza gurea da/ Gure hitza gurea da/ Eta ber denboran/ Ene hitza zurea da/ Ene hitza zuretako da/ Gure hitza zurea da/ Gure hitza denena da.

Bena/ Zure hitza ere enea da/ Zure hitza enea dateke/ Zure hitza enea daiteke/ Zure hitzak bil nentzake/ Ez banaü itotzen / Enea ez bada artean hiltzen/ Bestelan ezin lezake izan ene/ Nola honhar nezake zure hitza ni hil eta/ Nola mintza zaiteke zü hil bati/ Ez bada hitz hütsez, hütsaren hitzez.

Nik hitz emaiten deizüt/ Hitza hartüko düdala/ Hatsa düdano hitzez hots eginen düdala/ Ene hitza, gure hitza ez badüt jaten/  Zeren nik jaten badüt hitza/ Nik ene hitza üzten badüt egün/ Ene eüskara baztertzen/ Baionan, Maulen/ Bilbon, Iruñean, Gasteizen, Donostian/ Ene eüskal hitzari üko egiten badüt/ Ene izateari düt üko eginen/ Eta laster harek naü ükatüko.

Zeren zeren/ Ene hitza, eüskara, edari bizia beita/ Edari, ütürri biziegia beita/ Zoin nahi ontzitan edeiteko/ Eta hau agit balitzeit/ Agit balitzeikü/ Jakin ezazü/ Zük düzüla, gure hitza galtzean/ Zurea galdüko...

Arren har ezazü hitz hau zuretako/ nik enetako hartzen düdan bezala/ Josean Artze ene lagünak eman zeitan behin: «Nola zintzakedan bada nik zu maita/ ezagutzen ez zintudan eta/ Baina nola zu ezagutu/ maite ez bazintudan jada?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!