Agroekologoa

Laurent Bernays: «Branako baratzea suntsituz egiazko ekozidio bat egin dute; erabaki politiko bat izan da»

Baionako Brana baratze pedagogikoa arrasatu du Baionako Herriko Etxeak; «tronpatuz» izan dela argudiatu badute ere, Laurent Bernays baratzezainak salatu du «erabaki politiko» bat izan dela.

Laurent Bernays tailer pedagogikoak egiten, Baionan. LAURENT BERNAYSEK UTZIA
Laurent Bernays tailer pedagogikoak egiten, Baionan. LAURENT BERNAYSEK UTZIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko uztailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Agroekologian aditua da Laurent Bernays (Villeneuf-sur-Lot, Okzitania, 1967). Azken hamabi urteetan Baionako Branako baratze pedagogikoaz arduratu da, eta ondoan duen eskolarekin hainbat proiektu pedagogiko eraman ditu. Ekainean, ordea, Baionako Herriko Etxeko langileek baratzea larrutu dute; jada ez da deus gelditzen. Oposizioko kideek beren haserrea adierazi dute, eta erran berote garaiotan bereziki premiazkoak direla halako guneak. Bernaysek esplikatu du hasieratik borondate politikoa eskas izan dutela. Hamabi urtez Baionan egon ondoan, egoeraz okaztaturik, Nepalera joan da orain, eta hango baratzeak ikertzen ari da.  

Hiri barneko baratzeak zaintzen ibili zara luzaz. Engaiamendu bat da, ezta? 

Bai. Argi nuen ez nuela ohiko sistemaren barnean lan egin nahi. Ene buruari hitzeman nion ez nuela ene engaiamenduen kontra joanen zen lanik eginen: ez nuen etxetik urrun lan egin nahi, autoa ez erabili behar izateko. Justu, duela dozena bat urte, baratze partekatuen inguruan kontzientzia pizten hasi zen. Horrek guztiak bultzatu ninduen Baionan baratze pedagogiko baten proposatzera. Lehena Arrousetseko errotan egin nuen, biribilgune baten ondoan. Lekua bikaina zen.

Zer harrera izan zuen proiektuak?

Hasi eta berehala ohartu nintzen naturak on egiten diola jendeari. Eskola bat bazen baratzearen ondoan, eta goizetan, gurasoak presaka arribatzen ziren, haurrekin lasterka, eta, baratzea ikusten zutenean, gelditzen ziren. Ureztatzen ikusten ninduten, eta norbait ureztatzen eta landareak zaintzen ikusteak zerbait hunkitzen zuen haien baitan. Naturak berezkoa du gaitasun hori. Fitesko, auzoko egitura batek enplegatu ninduen baratzea zaintzeko. Proiektu oso bat osatu nuen, baina instituzioei ez zitzaien bereziki interesatu. Inguruko jendeari, ordea, bai. Dena den, fite ulertu nuen ene postua finantzatzea zaila izanen zitzaiela. Alta, ene ustez, ingurumenari buruzko heziketa baitezpadakoa da, eta naturarekin harreman zuzena izatetik hasten da.

Zer eginkizun betetzen du hiri barneko baratze batek?

Nik ez dut hiria edertu nahi. Gaur egun, izan den berote handiarekin, anitz aipatu dira hirietako freskotasun guneak. Preseski, halako baratzeek hori ahalbidetzen dute. Aski basak direnean are gehiago, permakulturan oinarrituak baitira. Ingurumen hezkuntza egiteko balio dute, noski, baina baita beroari aurre egiteko ere: hiriak freskatzen dituzte. Eta, gainera, baliabide egokiak ezarriz gero, elikadura burujabetzarako tresna ere badira. Ikusi genuen pandemia garaian: krisi betean garrantzitsua da norberak bere janaria ekoizten jakitea. Arroussetsen hori zen xedea, baina ikusirik ez zutela ene postua diruztatzen segituko, eta, beraz, ez zirela gai garaiko erronkei lotua zen lan bat eramateko, deliberatu nuen joatea.

Hor sortu zen Branako baratzearen ideia, ezta? 

Gerora, erabaki nuen nihaurek eginen nituela halako proiektuak. Jendea bildu nuen ene inguruan, hala nola Fabien Nogue egungo Artotekafeko langilea, eta biak RSA Elkartasun Aktiborako Laguntza hunkitzen genuenez, boluntario gisa aritu ginen Baionako lehen baratzeak sortzen. Hiriko Politikaren programaren barnean hasi ginen. Argitu nahi dut Hiriko Politika ez duela bakarrik Baionako Herriko Etxeak eramaten: estatua, Elkargoa eta herriko etxea biltzen dituen egitasmoa da. Baina herriko etxeak ez zuen diruztatu; beraz, proiektua ez zen egiazki abiatu ahal izan. Gehiago dena, Bayonne Magazine aldizkarian baratzeei buruz hitz egiten zutenean, ez zuten nehoiz aipatzen proiektua sortu zuen elkartea, ezta talde pedagogikoa ere.

Nola lortu zenuten proiektua egonkortzen?

Auzo bitartekari hasi nintzen lanean, baratzeekin beti, hori baita egiten dakidana: agroekologia. Graines de Liberte elkartea sortu zen orduan, eta Les Incroyable Comestibles mugimenduak inspiratu gintuen. Ingalaterran sortu den mugimendua da, eta helburua da hirietan elikadura burujabetza sustatzea, baratzeak sortuz. Gaur egun denontzat agerikoak diren arrazoiengatik egiten zuten hori, elikadura krisiak gertatzen ahal baitira noiznahi: beroteengatik, gerrengatik, pandemia batengatik... Baina beti borrokatu behar izan dugu, eta egun herriko etxea ekologiaz mintzo bada ere guti batzuk baizik ez ginen proiektuari lotuak... Urte anitzez ez da batere haien lehentasuna izan; beste kultura politiko batean dira; alta, orain, izan ditugun beroteekin errealitateak harrapatu ditu.

Nola da posible Branako baratzea suntsitu izana?

Borondate politiko baten erakusle da, azkenean. Auzo bitartekari gisa, kontratu mugatuekin ari nintzen; berez, postu bat sortu beharko zuten, baina ez da hala izan. Hainbat pertsona aritu gara hor, proiektu pedagogiko sendo bat defendatzen, ondoko eskolarekin. Baina nik hamabi urte pasatu ditut hor, eta lekukoa pasatzeko ordua nuen. Afera da nire ordezkorik ez dutela kontratatu, nahiz eta pertsona bat prest egon horretarako. Ordurako ulertu nuen ondoko urratsa baratzea suntsitzea izanen zela. Pentsa, gaur egun normalean agroekologian espezializatutako hezitzaile bat ehunka euro pagatua da egunka. Kasu honetan, gutieneko soldatarekin ordaindua zen postu bat irekitzeko zen, baina hori ere ez dute nahi izan. Lankideei erran nien: «Ikusiko duzue, hauteskundeen ondotik suntsituko dute». Eta hala izan da.

Zergatik egin dute hori zure ustez?  

Erran dute tronpatu direla. Baina ez da sinesgarria... Ez dira gai izan ulertzeko ez zela larre utzi bat. Biodibertsitate handia zen: ehunka espezie eta landare, horietako anitz erleentzako beharrezkoak. Landaredia naturalki pusatzen zen leku bat zen; ulertzen dut bide bazterra eta gune batzuetan segurtasunagatik gauza batzuk moztu behar izatea, baina ez zuten halako sarraskirik egiterik. Egiazko ekozidio bat egin dute. Erabaki politiko bat izan da. Ez dituzte kontuan hartu ere hortik pasatutako haurrak. Bat baino gehiago dira hortik pasatu eta ingurumen arloan lan egiten hasi direnak. Zerbait landatu dugu haur horien bihotzetan. Baratzean sartzen zirenean, isiltasunean promenatzen ziren, entzuten zuten, behatzen zuten... Ahantziak ditugun gauza sinpleak dira. Argiki bi mundu ikuskeren arteko talka baten sinbolo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA