Joan den hilabetean, irratian entzun nuen FDSEA sindikatuko ordezkari bat manifestazio batetik zuzenean egindako elkarrizketa batean. Korapiloaren muina azaldu zuen: Bigard enpresa industrialak iragarri zuen bere haragi erosketako prezioak apalduko zituela.
Autoan ibiltzean, nire zentzumenek bidean zuten arreta. Burumuinak, aldiz, inkontzienteki eta bere bidaian, enetzat harrigarria zen elementu bat gorde zuen: erosle batek bere erosketa prezioak finkatzen ditu hazle kopuru handi baten aitzinean.
Agroindustrian aditua izan gabe, nire lehen iritzia osatu nuen: Bigard enpresarekin lanean ari diren hazle guziak sindikatuen bidez batu behar ziren, eta, elkarturik, haien salmenta baldintzak inposatu.
Argi zait izan nuen lehen iritzi horren ahulezia, bereziki gaia sistemikoa delarik. Arriskutsua da erantzun bakar bat aurkitu dugula sinestea.
Lehen iritzia sinplea da, eta sinpleegia segurki.
Lehen iritzia norabide dogmatikoa da, nor den alde batean eta nor bestean erakusten digu. Ezin da oinarri gisa hartu eztabaida talkara eraman gabe.
Nire kasuan, bigarren iritzi baten beharra garrantzitsua bilakatzen da, nire ziurtasunak frogaren aitzinean jartzeko.
Bigarren iritziarekin, hizketa aberasten duzu eta jendea konbentzitzen.
Bigarren iritziarekin, laborantza normak ez dituzu itsuki kendu nahi; esperimentazio edo froga zientifikoei esker, zenbait norma gutitu edo azkartu nahi dituzu, ingurumena eta etxalde ttipiak lehenetsirik.
Ni bigarren iritziaren alde izaten saiatzen naiz.