Aitor Zabaleta

Lekukoa eskuan

2026ko apirilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten lehen aldiz Korrikako lekukoa hartu dut. Baionako gau hotza segidan berotu zen euskararen aldeko tsunamia iritsi eta lastargia nire hatz artean estutu nuenean. Irria ahoan, malkoak begietan, hunkidura, ohorea eta ardura bihotzean. Herri/nazio zapaldu bateko kide izatearen eta bere bizkarrezurra den hizkuntzaren aldeko defentsan jarraitzeko konpromisoa. Horixe sentitu nuen.

Lasterketa luzea da euskaldunona. Sarri «euskaldun izatea ze nekeza den» pentsatu arren, izateari eta bizitzari zentzua eman eta berau ulertzeko opari izugarria da gure hizkuntza; mundua ulertzeko betaurreko paregabea. «Gure iturri zaharra», ur berriz etengabe hornitzen gaituena. Gu gehienon mihira aukeratu gabe iritsi zen, baina ondorengoengana iritsiko bada, gu guztion ardura eta konpromisoa behar du. Anitz maite dudan pertsona batek dioen bezala, euskara lekukoa bezalakoa da: eskuz esku, ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen dugu. Euskara gara eta, hala garenez, berau ukatzea eta erasotzea gu geu kolpatzea da; egiten duena euskaraduna bada ere. Gaitz autoimmuneak ulergaitzak bezain hilkorrak dira eta hauek (ere) borrokatu beharko ditugu.

Korrikak asebete ditu emozioak, azaleratu du komunitate baten parte izatearen harrotasuna. Baina emozioez harago, gu desagerrarazi nahi gaituztenen aitzinean irmotasunez jokatzeko garaia da. Euskaldun-fededun, ezin dugu beti beste masailezurra jarri, eta 23. edizioko kantak aldarrikatu bezala, «ez badigute ematen arrazoia guri, su emango diogu haien legeari». Horregatik, Korrikako lekuko-lastargiaren suak batzuk argitu, besteak berotu eta beste batzuk erre beharko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA