Pantxix Bidart
ELEKETA

Lerraketa semantikoa

2023ko abenduaren 1a
05:00
Entzun

Euskal kulturaren transmisioaz aritu zen Gotzon Barandiaran duela gutti, Gasteizen.

Gaur egun euskaldunek ingelesezko, frantsesezko eta gaztelerazko edukiak jasotzen dituzte «etengabe eta inolako ahaleginik egin gabe», baina euskal kulturgintzari buruzko erreferentzia oso gutxi dituzte, edo «ia bat ere ez». (ikus Kulturazaleak nola sortu | Kultura | BERRIA).

Ideia horretatik abiatuz kulturgintzaren ekosistema galdezketatu zuen. Ez dut hemen laburpenaren laburpena eginen; garatu duen ideia baten haritik ariko baizik. «Euskal kulturgintza osasuntsu egongo bada, euskarak osasuntsu egon behar du; euskara normalizatu ezean, ezin da kulturgintza normalizatu», zioen Barandiaranek.

Duela gutti bizitakoa oroitarazi dit. Kultur egitura frantses bateko arduradun baten predikua jasan nuen formakuntza batean. Kultura gure hizkuntzara murriztea «lerraketa semantikoa» zela pentsatzen zuen, eta horrek kulturaren unibertsaltasunari kalte egiten ziola. Arduradun ezkertiar eminente horri ihardestea porrota izan zen eta pizti kolpatu eta minduaren gisan etxeratu nintzen. Berriz ere iraindua…

Biharamunean, gaia burutik ezin kenduz, frantses kultur eremuez pentsatu nuen. Baiona batean, adibidez, hainbat hizkuntza entzun daitezke egunerokoan (tokiko euskaraz gain); hizkuntza horiek noiz entzuten dira Baionako antzokian, Scène Nationale delakoan? Noiz entzuten da euskara, ez badira bi hitz aitzinetik hautatu konpainia bakar batzuen lanetan (ahalaz hizkuntza gutti darabiltenak!)?

Egitura hauek ez dute frantsesa ozen aldarrikatzen, baina lerraketa semantikoa isilpean aplikatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.