Asteburuz asteburu, errepikaz errepika, idazketan ari den zirtzil orori bi hitz.
Guri heldu zaigu, neguaren agur gisa, eta udaberriaren ongietorri, zoko guzietako zikinkerien plazaratzeko ardura. Bazterrak inarrosi eta salaketaren bidez onartezinaren mugak finkatzeko garaia da libertimenduena.
Idatzi honek ez du zirtzilen arteko kritikaren sustatzea helburu. Ez gaitezen sistemaren joko maltzurretan sar, elkar epaitzen hasiz. Behin lehiaren kultura bazter utzita, iritzi honen helburua duda batzuen mahaigaineratzea da. Elkarrizketa eta eztabaiden pizteko pindar ttipi baten gisa.
Salaketa, hara lehen gai gotorra. Denez eta denaz trufatu ordez, asumitzen den salaketa zehatza. Nor sala eta zer sala, horretan indarra baitu zirtzilak.
Lehenik faxista eta gaiztaginak salatzen dira, eta hori oinarrizkoa eta beharrezkoa da. Horretaz, orduan, ez da eleketa hartzeko beharrik. Bigarrenik, aldiz, kritika beste perfil bati ere egiten zaio gehienetan. Egunerokoan mugitzen den hura salatzen dugu errazki. Bere ideiak praktikara eramateko iniziatiba hartzen duen hura. Erraztasunaren bidea hartuz, batzuetan gure kaltetako. Hortaz, aktibo izateak du sortzen herri auziaren arriskua. Eta ber bidetik deus egiten ez duenari lasaitasun osoa opari. Honek, beraz, arriskurik ez du; salbu da. Oharkabean babesten dugu. Ez duguia orduan «herria» inaktibitatera bultzatzen nahi gabean? Ez dea trufaren gezia jopuntu txarrari so?
Orduan, salaketa zirtzilak gorpuzten du, eta zirtzila gazteak. Artearen eta artistaren gisara, zirtzila eta gaztea. Salatzen dugun hori ez izatearen ardura dugu. Eta are gehiago otsoa gure artean ez onartzearena. Ardura hitza nagusi, hitzek eta ekintzek bat egitearena azken finean. Libertimenduetan igortzen den mezuak egunerokoan har dezan forma, salaketa geroz eta gutiago behar duen ingurune baten alde. Zirtziletik deslotzen den gaztea ezin liteke gauza. Zirtzilaren mezuekin bat egiten ez duen gaztea, miseria argazkitan hartzen duen artista saldua, hala kultura matxista betikotzen duen artista «askea»... Denak berdin. Zer indar du orduan zirtzilak, gazteok ez badugu egunerokoan ahalegina egiten salatzen dugunaren ez izateko eta borrokatzeko?
Azken finean, libertimendua gazteek dugun espazio bat da, tresna bat, gazte problematiken plazaratzeko ezin hobea. Horrez gain, oasi baten forma hartzeko arriskua du egunak, errealitatetik desloturik egunaren euforiari segi. Umore erraza eta azalekoa normalizatuz, adibidez. Trumpen larru laranjaz eta bilo horiaz trufak, Euskal Herrian dugun egoera faxista larria aipatu gabe. Plazaratu nahi den mezua guregandik urrun aurkezteko arriskua sortzen da orduan; alta, hangoa hemen ere gertatzen da, forma desberdinetan. Eta libertimenduari esker hemengoari presioa ezartzeko indarra dugu. Umorea arras despolitizatua den garai honetan, libertimenduak indarra galtzen du. Ez dea hobe oasi bat sortu ordez indar horren harrapatzea eta duen potentzialaren ustiatzea?
Azken bi hitz, orduan. Hara ene azken dudak, zirtzil guziei luzatzen dizkiedanak. Libertimendua bere horretan mugatzen delarik, salaketak eta gure mezuak egun bakar batean kokatua egoteko arriskua sortzen da. Nola lortzen ahal dugu aurten libertimendua urteko garai ttipi horretatik askatzen?
Zirtzil larrua ez da mozorro hutsa, baina bai gazteari plaza ematen dion jantzia. Ez al diogu zor gure arduren bururaino asumitzea?