Maialen Hiribarren: «Zer izaten ahal da bertsoa baino hoberik hizkuntza bat aitzina eraman behar bada?»

Xilabako irabazleari txapela ezarriko dio Maialen Hiribarrenek bihar, Donibane Lohizunen. Ibilbidea Seaskako irakasle gisa egin du; elkarlana izan zaio oinarri, dena egin ezina frustragarri.

Maialen Hiribarren, Donibane Lohizunen, urtarrilaren 20an. GUILLAUME FAUVEAU
Maialen Hiribarren, Donibane Lohizunen, urtarrilaren 20an. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Xinaurri lanean urte luzez aritutakoa da Maialen Hiribarren (Itsasu, 1957). Xinaurri lanean, bai, baina beti karraskan, hainbat arlotan: ikastoletan irakaskuntzan, ofizioz, baita bertso munduan ere, zaletasunez. Hain zuzen ere, lan horren ohoratzeko izendatu dute Xilabako txapel emaile; bihar Donibane Lohizunen jokatuko den saioaren irabazleari txapela jantziko dio. Euskararen transmisioa izan du ardatz bizi guzian, eta bertsoa hizkuntzaren transmisiorako tresna indartsua izan zitekeela ulertu zuen hastapenetik. 

Euskara etxetik duzu, baina nerabezaroan doi bat galdu zenuen.

Ene ama hizkuntza da: 5 urtera arte ez dut besterik mintzatu. 5 urterekin eskolan hasi nintzen, eta orduan ene lehen harremana izan zen frantsesarekin. Nerabezaroan, 15-16 urtetan, arroztua nuen; galdua ez, baina arroztua. Zaila zitzaidan elkarrizketa baten egitea jarraian. Horren kontzientzia hartu nuen lizeoan nintzelarik, kolegioan pixka bat hasia nintzen jadanik, baina lizeoan bereziki, eta berriz mintzatzeko gogoa jin zitzaidan. Baxoa ukan eta ondoko urtean Seaskan sartu nintzen. Sei hilabete pasatu nituen Goierrin, Gipuzkoan. Euskaraz baizik ez nintzen ari izan, eta berreskuratu nuen.

Sei hilabete horietan zer egin zenuen?

Seaskan sartua nintzen, baina irakaslegai ginelarik, igortzen gintuzten ikastolaz ikastola ibiltzera. Hemen gaindi lehenik, eta gero zenbait hilabete pasatzen genituen Hegoaldean; ni Lazkaon gertatu nintzen, eta Ataungo ikastolara nindoan. Lazkaon jadanik hasiak ziren alfabetatze kurtsoak, eta horiek segitu nituen. Enetzat ikastaldi bikaina izan zen, alde guzietarik.

Hizkuntza lantzeaz gain, nazio ikuspegia garatu zenuen?

Ez dut uste jadanik banuenik; ez nintzen Itsasutik biziki atera; ikasketak Baionan egin nituen, eta ene mundu ttipian bizi nintzen. Banekien Hegoalde bat bazela, baina hor, barne-barnetik bizi izan nuen, eta aldatu zuen ene ikuspegia, dudarik gabe.

Euskara berriz eskuratzeko gogo horrek bideratu zintuen Seaskara. Irakaskuntzaren inguruko interes berezirik zenuen, edo euskara aitzakia izan zen?

Ez nuen gogoetatu, eta, egia erran, gehiago izan zen euskararekiko atxikimenduarendako. Sartu nintzen, eta gero jin zen irakaskuntzaren interesa, pedagogiarena, eta biak uztartu nituen.

Euskara larrialdian da. Zer analisi egiten duzu egoeraz?

Larrialdia da dakigunek ez dugulako baliatzen; hainbat eta hainbat haur eta gazte pasatuak dira ikastoletatik eta eskola elebidunetatik, baina harremana frantsesez gelditzen da gehienetan, euskararen kaltetan. Mintzatzen ez den hizkuntza bat... mentura ttipiarekin da. Adin guzietako jendeentzat balio du, eta uste dut belaunaldi guziak kasu berean gertatzen garela gaur egun.

Iñaki Iurrebaso soziologoak dio ezagutzak eragiten duela erabileran.

Uste dut batak bestea ekartzen duela, dena den. Hitz egiteak ekarriko du erabiltzea, ontsa edo gaizki, baina badakigu hizkuntzak garatzen direla, berez beren bidea egiten dutela. Eta ez erabiltzeak, bestean errazago delako, dena galaraziko digula. Ez naiz soziologoa, sinesten dut dioen horretan, eta uste dut halere dakigunek hitz egin behar dugula eta harremanetarako hizkuntza naturala izan behar zaigula.

Ipar Euskal Herriko ikasleen %67k ez dute harremanik euskararekin gaur egun. Zeren seinale da?

Zerbaiten eskasia badela, dudarik gabe. Eskolatik pasatuko baita transmisioa gaur egun; etxetik eta karrikatik ez da gehiago posible. Beraz, bai, badu garrantzi handia eskolak, bai kopuruetan eta bai irakaskuntzaren eta transmisioaren eraginkortasunean.

Ikastolen hasiera ezagutu duzu, eta duela zazpi urte hartu zenuen erretreta; ikastolak nola garatu dira?

Hasieran dena zen eraikitzekoa. Ez nintzen lehen-lehen urteetan hor: sartu nintzen lehen mailak beren hirugarren urtera heldu zirelarik. Bazen gauza anitz egiteko oraindik, material aldetik, pedagogia aldetik, maila guzietan. Iruditzen zait aise gutiago ginela, baina familia bat zela: denak elkarrekin ari ginen lanean. Denek elkarrekin eraikitzen genuen, dinamika batean ginen. Gaur egun bada zerbait, jadanik ez da guti; kopuruak emendatu dira, ez dira lehengoekin konparatzen ahal, eta hori ona da. Baina iruditzen zait dagoen horretan pausatzen garela; ene ustez, dinamika ez da laxatu behar: aitzina joan behar da. Zerbait badugu lortzeko, ez dugu deus lorturik; eta sekula baino gehiago beharbada, ikusiz giro orokorra eta mundializazio egoera.

«Iruditzen zait dagoen horretan pausatzen garela; ene ustez, dinamika ez da laxatu behar: aitzina joan behar da. Zerbait badugu lortzeko, ez dugu deus lorturik; eta sekula baino gehiago beharbada, ikusiz giro orokorra eta mundializazio egoera»

Familien soslaia aldatu da?

Bai. Kopuru ttipiagoa zen, eta gurasoen gehiengoa militantea zen dudarik gabe, euskararen militantea, hasteko, segur. Orduan ere baziren beste familia batzuk, beharbada gutiago baina kopuru orokorra ere ttipiagoa zen. Gaur egun familia gehiago da; uste dut beti badirela militanteak, aitzina tiratzen dutenak, baina itoak dira kopuru handiagoak direlako. Egoki litzateke aise jende gehiagok atorra busti dezan, izerdi gehiago bota dezan euskararentzat, molde batez edo bestez.

Haurren hizkuntza jakitatean eraginik badu horrek?

Bai, badu. Ez horrek bakarrik, baina biziki garrantzitsua da familiaren geriza. Familiak ez badu sinesten, haurrak nekez eramanen du molde atseginean aitzina. Eta molde atseginean eraman behar da... Bizitzeko gabe egiten ahalko genuke; beraz, euskarak zerbait gehiago behar du. Behar du maitasuna, atsegina izan, eta afektibitatearekin zerbait ikustekorik badu.

Nola lantzen da hori, eta nola landu duzu zuk?

Gu erranen dut, taldean ari ginelako ikastolan eta Seaskan. Nolabait, entseatzen ginen irakaskuntza hotzean ez egoten, zerbait gehiago ekartzen. Gauza goxoak, atseginak, ateraldiak, irekidura bat kanpoari buruz... Aste baten pasatzera joatea ateraldi baten egitera eta ingurukoekin harremanetan sartzen... Sentiarazten euskara bizi den zerbait dela, eta aberastasun bat dela. Anitz baliatu ditugu antzerkia, kantua, dantza, eskulana ere... Irakaskuntza hutsa beharrezkoa da, eskola baita, baina horren ondoan edo horren lantzeko beste tresna horiek baliatzen genituen.

Zer gustatu zaizu gehien ofizio horretan?

Elkarrekilan aritzea, elkarrekilan sortzea, elkarrekilan aitzina eramatea... Elkarrekilan erraten dudalarik, erran nahi dut irakasleok gure artean, irakasleok haurrekin, eta baita irakasleok familiekin ere. Uste dut hori izan dela gure belaunaldiak azkar bizi izan duen zerbait. Bakoitza bere sailean egonez, baina, halere, hizkuntzarena eta irakaskuntzarena elkarrekin eramanez.

Eta zer izan da zailena?

Etengabe borrokan ginen, etengabe ezker-eskuin... Honetan ari, bestean ari... Horrekin batean aitzinarazi behar ziren beste sail batzuk ere... Egin nahi nituen gauza guziak ez egin ahal izatea ez da erraza izan.

Maialen Hiribarren
Maialen Hiribarren, 2016an, Angeluko Kimua ikastolan. ISABELLE MIQUELESTORENA
Bertso eskolen sorreran eta garatzean aritu zara; zer indar ikusi zenion bertsolaritzari?

Bertsoa enetako zerbait biziki konplexua da. Gaitasun anitz galdegiten du. Hizkuntza mailan, gogoeta mailan, poesia mailan eta joko mailan. Orduan, zer izaten ahal da bertsoa baino hoberik hizkuntza bat aitzina eraman behar bada? Gaur egun aise gehiago garatu dute, eta gauza oraindik ere atseginagoak egiten dituzte, baina jadanik garai hartan, bertso eskolak ez ziren klase astun bat: bazen kantutik, doinuak ikasi behar baitziren, ariketak joko moldean egiten ziren, gehienbat ahoz... Eta hori gure izpiritu horretan sartzen zen: hizkuntzak eskatzen duela ez eskolarra izatea bakarrik, baina afektua eta jolasa ere bai.

Patxi Iriart bertsolariak, zure semeak, Kazeta-ri egindako elkarrizketan aitortu du zuk bultzatu zenuela bertso eskolan izena ematera... Hala da?

Bai. Ez dut sekula behartu, baina, egia erran, lehen urteetan, urte hastapenetan, ukaiten genuen solas bat. Berak ez zuela sobera gogorik, eta nik baietz: «Aurten ere segituko duk!». Eta horrela izan da ez dakit zer adin arte. Baina nerabezaro hastapenean, urte batez, ene aitzinean plantatu zen, eta erran zidan: «Ama, aurten ez nauzu bortxatuko». Sentitu nuen bukaera heldu zela. Eta: «Ez, ene baitarik joanen naiz: orain maite dut». Hori izan zen enetzat... Uau! Biziki hunkigarria.

Garaipen bat?

Ez enetzat, baina euskararentzat. Ez nuen enetzat hartu, baina ene baitan egin nuen: posible da. Eta pentsatzen dut bertsolaritzan aritu direnek goiz ala berant sentitu dutela halako atxikimendu bat: bertsoari, euskarari... Bata bestea gabe ez baita.

Bertso eskolak egituratuz joan ziren gero; nola egin zenuten? 

Karlos Aizpurua hor zen garai hartan, eta hark bildu gintuen hiruzpalau bere inguruan, eta hurbilarazi gintuen elkartetik, eta hor gauzak berez joan ziren. Gogoetatu, bertso eskolak sortu... Seaskan izanez, beste ikastoletako irakasleak ezagutzen genituen; beraz, emeki-emeki horrela sortu ziren. Gauzak horrela eraiki dira, elkarrekin lan eginez.

Hezkuntza arautuan, ikastola ordutegietan ere bertso klaseak baziren. 

Hezkuntza arautuan aspaldi sartua zen. 1980ko hamarkadan Xanti Iparragirre jiten zen. Erbesteratu aitzin, jakinez lehen mailak sortu zirela eta haurrak handitzen hasiak zirela, eta hark Hego Euskal Herrian lan hori eramana zuela, proposatu zuen Ipar Euskal Herriko ikastoletara jitea. Oihana ikastolan eta Donibane Lohizuneko ikastolan hasi zen, horiek baitziren lehen bi lehen mailak. Utzi behar izan zuelarik, Anje Duhalde ibili zen, baina gehiago kantuarekin. Gero, Ernest Alkhat ere ibili zen zenbait urtez. Aitor Sarasua ere bai, eta kronologia ez dakit nola zen xuxen, baina gero Karlos Aizpurua hartu zuten elkartean, bultzada bat emateko, eta hark zituen argiak piztu.

Haurren aisialdian ziren, ordea, bertso eskolak. Ez da gauza bera... 

Zailago gertatzen da! Ikastorduetatik kanpo, haurrak jostatzen dira, eta plazereko momentua da. Eta bertsolaritzan, hastapen batean, plazeretik baino gehiago lanetik bada... Ariketa aski zaila baita hasiera batean, denendako. Eta urrunago joaten direnentzat ere bai, bistan dena. Kentzen zitzaien beste zerbaitetarako denbora. Hori zen Patxik ere erraten zuena: «Ene lagunak futbolean ari dira kanpoan, eta ni bertso eskolan naiz!». Normala da. Baina gauza ona zen, alde batetik zinez interesatuak zirenek parte hartzen zutelako, eta orduan giro bat sortzen zuelako; baina bertzaldetik, ez zen afera erraz-erraza haurrendako. Kasu gehienetan, beharbada ez beti eta ez luzaroan, baina gurasoen bultzada behar zuten. Gero, lagunarteak anitz egiten du. Maiz, uste dut, lagun talde bat izan dela bertso eskolara joan dena, eta haurrek lotura bazutela beren artean. Eta baduketela gaur egun ere, funtsean.

Lehen txapelketen sustatzaile izan zinen. Zer ekarri dute?

Txapelketek bertsolaritzaren ezagutzea eta ezagupena ekarri dituzte. Ezagupena erraten dudalarik, pentsatzen dut publikoki, egiturei buruz... Eta ezagutza, horrek eman baitu parada egunkari, aldizkari edota irratietan aipatzeko. Jendeak emeki-emeki berreskuratu baitu edo beretu baitu bertsolaritza.

Eta bertsolarientzat?

Plazak. Eta bertsolaritza pixka bat desagertzen ari zen plazetatik eta biziki momentu garrantzitsuetatik. Hor, iruditzen zait sartzen ari dela berriz, eta aski ontsa. Herriko bestetan, familietako gertaera lorios edo tristeetan, elkarteetako ekimenetan... Eta haurrendako erreferenteak sortzea ekarri du, gainera: haurrendako biziki inportantea da gizarteak bizi duena. Eta bertsolariak entzuten dituztelarik leku publikoetan, plazetan edo herriko bestetan edo urtebetetzetan... Erreferenteak dira haientzat.

«Enekin eraman nahi nituzke ni bezala xinaurri lanean ari izan diren beste guziak ere. Ni naiz agertzen egun, baina ni bezala beste franko izan dira, sekula agertu ez direnak eta beharbada agertuko ez direnak ere. Bideari harri ttipiak ekarriz da bidea sendotzen»

Txapela emanen diozu irabazleari buruan, bihar. Isilpeko lanaren aitortza da?

Bai, baina enekin eraman nahi nituzke ni bezala xinaurri lanean ari izan diren beste guziak ere. Ni naiz agertzen egun, baina ni bezala beste franko izan dira, sekula agertu ez direnak eta beharbada agertuko ez direnak ere. Bideari harri ttipiak ekarriz da bidea sendotzen.

Zer erranen diozu irabazleari?

Jo aitzina. Jo aitzina bertsoarentzat. Jo aitzina euskararentzat.

Nola baloratzen dituzu orain arteko saioak?

Bertso maila gora doala atzematen dut, eta hori pozgarria da. Atzematen dut emazteen lekua zinez hor dela, eta hori ere pozgarria da. Eta beste ohar positibo bat: atzeman dut menturaz lehenago baino gazte gehiago zela, bertsolarietan segurki, eta publikoan bildu diren bertsozaleetan ere naski.

Batetik bestera ibili diren horietakoa zara, gelditu gabe lanean. Nola lortu duzu dena batera egitea?

Gazte izanik lortzen da, ez da so egiten! Sartzen zarelarik sail batean, sail horrek beste adar batzuk ekartzen dizkizu, eta ikusten duzu sail horren osagarri direla. Horretan aitzina joateko, bertzean ere behar duzu aritu, eta hirugarrenean... Gero, familia bizia jin da ondoan, baina ukan dudan xantza da irakasle nintzela eta lehen mailan semeak ikastola berean ibili direla: trakasa gutxiago konkretuki, eta familiak hemen izan ditugu, eta hori lagungarria izan da, eta bihotzetik eskertzen dut.

MOTZEAN

Bertsolari bat?
Maialen Lujanbio.

 

Irakasle gisa duzun oroitzapen on bat?
Ez da oroitzapen bat, baina bereziki hunkigarria egiten zait handituak diren ikasle ohiak berriz ikustea. Zinezko plazera da.

 

Erretretan egiten dituzun aisialdiak? 
Yoga eta mendian ibiltzea. Eta bistan da, alaba ttipiak zaintzea.

Euskal Herriko leku bat?
Itsasu...

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA