1974tik gaur egunera langileen alde borrokatu da LAB sindikatua. Bidea Hego Euskal Herrian hasi zuen, eta, 26 urte geroago, Ipar Euskal Herrian garatu zen sindikatua. Ipar Euskal Herriko adarraren ibilbidea «baikorra» da Argitxu Dufau LAB sindikatuko Ipar Euskal Herriko bozeramailearen arabera (Ziburu, 1993). Halere, argi ikusten du sindikatuak indarra galtzen ari direla, bereziki Frantziako Gobernuak ezarritako hainbat oztoporengatik. Azken oztopoak zererran handia sortu du, justuki: sektore batzuendako Maiatzaren Leheneko besta eguna kentzeko proposamen lege bat egin dute apirilean.
Maiatzaren Lehena Langileen Nazioarteko Eguna da. Iragan hilabeteetan, Frantziako Gobernuak lege proposamen bat egin zuen: Maiatzaren Lehena ez dadila derrigor lanik gabeko egun pagatua izan. Zer iruditzen zaizue?
Horren kontra gara, noski. Nahi diete langileei egun hori lapurtu. Maiatzaren Lehena historia baten fruitua da, grebei esker bilakatu baitzen besta eguna. Borroka baten emaitza da egun hori. Gainera proposamena aitzakia faltsuz betea da. Proposamena egin dutenek erran dute egiazko beharra badela, ezin zutela lanegun bat huts egin, eta komertzio ttipiek zutela galdea egin. Erran dute baldintza batzuk izanen zirela, paga doblea, eta borondatezkoa izanen dela. Argi erran behar da: borondatea ez da existitzen lan esparruan, menpekotasun harreman bat badelako nagusiarekin; dominazio egoera bat da. Oso zaila da ezetz erratea. Ez da batere lehentasun bat, badira beste hainbat arazo konpontzeko ditugunak. Gaurko komertzio ttipien etsaia ez da Maiatzaren Lehena, baizik eta Frantziako Gobernuaren jarrera langile klasearekiko.
Zer erakusten du gaur egungo gobernuak langile klasearekiko duen jarreraz?
Segida batean dira. Emmanuel Macron Frantziako agintean da duela bi agintaldi, eta konturatzen gara nolako desastre soziala izaten ari den langileentzat. Gainera ez zen hasi Macronen gobernuan: Francois Hollanden garaian ere hala zen, eta baita Sarkozyrenean ere. Ez dut historia guztia berriz eginen, baina bereziki 1980ko hamarkadatik landa, beste hamarkadak idealizatu gabe, aritu dira langileen eskubide guztiak deseraikitzen pixkanaka. Maiatzaren Lehenaren lapurreta saiakera ideologia liberalaren barnean kokatzen da.
«Gaurko komertzio ttipien etsaia ez da Maiatzaren Lehena, baizik eta Frantziako Gobernuaren jarrera langile klasearekiko»
Intersindikalak bi deialdi egin ditu gaurko, Maulen eta Baionan. Nola landu duzue eguna?
Azken urteetan bezala, saiatzen gara intersindikalean lantzen, hau da modu kolektiboan, mugimendu sozialeko beste eragileekin batean. Helburua dugu Maiatzaren Lehena jendetsua izatea. Bi deialdi ditugu: Maulen eta Baionan. Baditugu modu intersindikalean adostu ditugun eskakizunak, eta lan hori azpimarratu nahiko nuke, lau sindikatuen artean antolatzen baikara, jakinez urteetan zaila izan dela LABentzat intersindikalean parte hartzea.
Zein dira zuen aurtengo eskakizunak?
Lehena ez da sorpresa izanen: Maiatzaren Lehena besta egun gisa mantentzea. Ondotik, emazteen eta gizonen arteko lan sarien berdintasuna, berdintasun erreala. Berez, legez kanpokoa da lansarien arteko desoreka, baina maleruski oraino borroka bat da lan munduan. Bestalde, lanean diren indarkeria matxista eta sexu erasoen aurkako benetako politikak eta protokolo eraginkorrak ezartzea galdegiten dugu. Eskatzen dugu lan sarien emendatzeko. Zergatik? Zeren eta testuinguru berezi batean baikara, bai Euskal Herrian, bai Frantziako Estatuan, baita nazioartean ere.
Zein da?
Ari dira ekonomiak egin nahian toki guztietan, baina ber momentuan, diru pila bat ematen dute gerla finantzatzeko munduan zehar. Gure dirua aberatsek eta superaberatsek haienganatzen dute. Gure ustez, martxan eman behar da benetako politika birbanatzaile bat; gaur egun ez gara batere horretan. Duinki bizi nahi dugu, gure helburua ez da gain kontsumitzea. Eta dena den, jendeak ez du askorik kontsumitzen; langileak pobrezian dira, prekaritatean bizi dira. Lan sari duinak eskatzen ditugu, denentzat.
Bestalde, erretreta osoa 60 urterekin hartu ahal izatea eskatzen dugu. Duela orain hiru urte, erretreten erreforman 64 urtera pasatu zuten legezko adina, eta horren kontra borrokatu ginen; orduan bezala orain ere eskatzen dugu 60 urtera bueltatzea erretretarako adina. Eta bukatzeko, eta lotura eginez apirilaren 28an izandako mobilizazioarekin, sortu behar dira egiazko planak langile guztien segurtasuna eta osasuna babesteko. Adibidez, Euskal Herrian, langile bat hil zen martxoaren 30ean Bithiriñan, bakarra aipatzearren. Aipatzen ahal dira, gainera, Frantziako Estatuan hil diren bi langile, batek gainera 15 urte zituen eta ikastaro bat egiten ari zen. Mutiko gazte hori hil da lanean! Jakin behar da Europako herrialdeen artean Frantzia oso gaizki kokatua dela lan istripu hilgarrietan: anitz gertatzen dira.
Kasualitatea dea?
Puntu horretara iristen garenean, ez da kasualitatearen emaitza, baina bai politika batena. Guk ez dugu batere kontsideratzen enpresaburuak indar bat egin behar dutela, ez da indar bat. Segurtasuna oinarrizkoa da.

2000n sortu zen Ipar Euskal Herriko LAB adarra. Iaz 25 urte ospatu zenituzten.
Hego Euskal Herrian 1974an sortu zen sindikatua, beraz, duela bi urte ospatu genituen 50 urteak. Berantago, sindikatuak egin zuen kristoren urrats kualitatiboa: sindikatu nazional bakarra bilakatu zen, bere lehen sail sindikala sortuta Ipar Euskal Herrian. Garai hartan, Ipar Euskal Herrian testuinguru berezi bat zen; beraz, lehen sail sindikalak plantan eman ziren ikastoletan, industrian, supermerkatuetan... Garai hartan ez zen erraza LABekoa izatea, eta hori horrela da gaur egun ere, maleruski. Badugu lan bikoitza egiteko, orokorrean ez baita erraza sindikalista izatea, dena egina baita gure engaiamendua oztopatzeko; baina, gainera, gehitzen badiozu sindikalista izateari abertzalea izatea, eta besteen aldean ttipia, oraino zailagoa da. Halere 25 urtez lortu dugu aitzinatzen.
«Badugu lan bikoitza egiteko, orokorrean ez baita erraza sindikalista izatea, dena egina baita gure engaiamendua oztopatzeko; baina, gainera, gehitzen badiozu sindikalista izateari abertzalea izatea, eta besteen aldean ttipia, oraino zailagoa da»
Nola pasatu zen LABen lehen agerpen publikoa 2000. urtean?
2000n Maiatzaren Lehena izan zen LABek egin zuen lehen agerpen publikoa Ipar Euskal Herrian, Baionan. Biziki bortitza izan zen. Agertu ziren LABeko lehen militanteak Baionako San Izpiritu zubian, oso gaizki pasatu zen, oso bortitza izan zen, baita fisikoki ere. Denborarekin belaunaldiak aldatzen dira, eta testuingurua ere bai.
Nolako balorazioa eginen zenuke egindako bideaz?
Aitzinatu gara. Gero eta afiliatu gehiago ditugu Ipar Euskal Herrian; gure ordezkaritza maila igotzen ari da. Baina oraindik ez dakigu zehazki ordezkaritza mailan zertan garen, zeren eta departamenduaren mailan kalkulatua baita. Hori ere gure aldarrikapenetariko bat da: eskatzen dugu Ipar Euskal Herriko datuak izatea jakiteko zinez zenbat indar eta pisu dugun ari garen lurraldean.

Erranen nuke ibilbide borrokalaria ukan dugula, oso militantea, eta eraginkorra. Eta uste dut gaur egun lortu dugula panorama sindikalean pisua ukaiten eta behar dugun tokia hartzen. Iritsi gara puntu batera zeinetan ezin diren gauza batzuk egin LAB gabe. Guk praktikatzen dugun sindikalismoa soziopolitikoa da. Eta horrela aldarrikatzen dugu geure burua. Guk badugu proiektu orokor bat gure herriarentzat, gure herriaren burujabetzarentzat. Burujabetza sozialaren alde gara. Horretarako geure burua beti galdekatzen dugu. 25 urteko ibilbidean hauek izan dira gure hausnarketak: nola izan sindikatu abertzale borrokalaria? Nola izan sindikatu feminista? Nola izan egiazko sindikatu antirrazista? Beti ari gara gure lan sindikala praktikatzeko birpentsatzen, beti ari gara formatzen.
Aipatu duzu zaila izan dela intersindikalak lortzea. Nola aritu zarete intersindikalaren alde?
Joan den urtetik lortu dugu intersindikal moduan antolatzen Maiatzaren Lehenerako; beraz, mobilizatuko gara CGT eta FSUrekin. Biziki garrantzitsua iruditzen zaigu. Ez ditugu intersindikalak muntatzen intersindikalak muntatzeko eta sinbolo izateko. Guk benetan sinesten dugu intersindikalean, bereziki testuinguru horretan. Ez dugu bakoitzak gure zokotik aritu nahi, ezta bata bestearen kontra izan nahi ere. Garen egoeran benetan elkartuak izan behar dugu karrikan.
Urte luzaz Maiatzaren Lehena bakarrik antolatzen genuen gure aldetik, edo Baionan, edo Donibane Lohizunen, edo Hendaian. Eta hori apurtu nahi genuen. Bazen gogoa sindikatuan elkarlanaren alde egiteko. Ikusten genuen parean dugun egiazko etsaia zela Frantziako Gobernua eta haren politika antisoziala. Gainera, azken urteetan ere gehituko nuke eskuin muturra eta faxismoaren igaitearen aitzinean aliantzak lortu behar ditugula, etsai komun horri aurre egiteko eta haien kontra borrokatzeko.
Eta harremana nolakoa izaten da sindikatuen artean?
Saiatzen gara kontsentsuak atzematen elkarren artean. Intersindikal bat eraikitzen da, ez da erabakitzen. Beste leku batzuetan, hartzen dute Paristik datorren trakta bat, inprimatzen dute, beti ber hitzordua atxikitzen, eta hara. Guk beste modu batera ikusten dugu Maiatzaren Lehena. Irakurketa komun bat sortzen dugu. Ariketa biziki ederra da, egiazko ariketa kolektiboa. Ez da beti erraza, eta pazientzia behar da, baina egiten da. Aurten, aipatzen ditugu erantzun kolektiboa, elkartasuna eta antifaxismoa. Horri lotuta, erabaki dugu manifestazioa Gaskoien plazan bukatzea, Baionako ZUP auzoan. Klixeetan erori gabe, auzo horretan prekaritatea eta arrazakeria hurbilagotik bizitzen dituztelako.
Sindikatuek zer indar dute gizartean? Pisurik ba ote dute oraino?
Egia da azken hamarkadotan borroka sozial anitz galdu direla. Ez da erraza. Hartzen badugu duela hiru urteko erretreten erreformarena, erantzun masiboa izan zen, baina halere, gobernuak ez du gibel egin. Parte batez bada nahikeria dugun boterea ahultzeko, eta dugun borroka tresna, grebarena, oztopatzeko.
Ez diot erran nahi jendeari zer egin, baina konturatu behar dugu nolako tresna dugun eskuetan eta zer dugun irabazteko sindikatuetan inplikatzean. Nahiz eta parean baditugun oztopo anitz, hasieran erran dudan bezala, ari dira gure eskubide guztiak deseraikitzen. Gure boterea partez apaltzen digute, orduan erresistentzia antolatu behar dugu. Badakit erraza dela elkarrizketa batean hori erratea, baina horretan ari gara, formatzen gara egunero, gure delegatuak formatzen dira, eta lanean ari gara. Rol oso garrantzitsua dugu kolektiboki, eta gai izan behar dugu erakusteko. Gure sindikatuarentzat behar dugu jendea, afiliatu behar da, eta lantokietan borrokatu behar dugu. Nahiz eta ulergarria den ezkorra izatea egoera ikusita eta galdu ditugun azken borrokak kontuan hartuta. Baina argi ukan behar dugu nehork ez duela gure ordez eginen. Langileen alde ez du nehork eginen guk geuk ez badugu egiten. Aurkakoa: ez digute inoiz oparirik eginen, ez patronalak, ezta gobernuak ere. Guk ditugu sortu behar gure alternatiba propioak.