Xiberoko Feministak

Maitatu arte

Claudine Heguiaphal
2026ko uztailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maitasuna. Amodioa. Grina. Zenbat hitz erabil daitezke norbaitengan bizi izaten den sakoneko gogo bati itxura emateko? Maitemina. Irrika. Pasioa. Eta azaleko gutizia irudikatzeko, zein izango lirateke izenik egokienak? Desira. Gura. Tirria. Erakarpena. Onginahia. Lehenak ondokoak baino indartsuagoak ote dira? Eta funtsean... Barnetik zeharkatzen ditugun bihozkadak neurtu behar ote dira?

Usu entzuten dugu «berak nik baino gehiago maite nau», edo «honek bere bikotekidea gehiegi maite du». Zergatik sentitzen ote dugu amodioari tamaina emateko beharra? Zergatik ote du norgehiagokak gozamena gainditzeko joera? Ongi begiratzen badugu, askotan, lehiaketa horren gibelean jeloskeria ari da, gordeka. Batzuetan bortizkeria. Ongi so egiten badugu, askotan, baieztapen horien lehen urratsa begirunerik eza izanen da. Irrikaz erotzea. Krimen pasionala. Gehiegi maitatzea. Hitz politak erabiltzen ditugu, eromen hilgarria eztitzeko. Musu bat ebatsi. Bortizki laztandu. Gehiegi maitatu. Ito arte besarkatu. Zakarkeria baten xuritzeko irudi argia da amodio handiegi honen kontua. Erasotzailearen burua garbitu ordez, egiazki merezi ditugun harreman sano eta samurrak asma ditzagun!

Amodioa neurtzeko partez, maitasuna hobetzeko bidea hauta dezakegu. Maiteminak lagunaren ongi egoteko nahia sortzen digu. Grinak besteari gozamena emateko gogoa pizten digu. Berdintasun hutsean, zuzentasun betean. Pasioak elkarrekin egoteko plazera eskaintzen digu. Zapalkuntzarik gabe, menperatzerik gabe. Maitasunak ez luke inoiz minik nahita egin behar. Ez azaletan, ez bihotzetan. Eta oinazea datorrenean, ez da maitasun gehiegi izateagatik, baizik eta maitasuna desagertu delako... edo gaizki maitatuak garelako.

Amodio okerra zinezko amodioa ote den jakitea beste kontu bat da... Bakoitzak bere traumak dakartza, eta bakoitzak bere maitatzeko moldea sortu behar izan du. Azkenean, ez badago maitasun hobeezinik, erran nahi du guztiak hobegarriak direla: norberak bere hobetzeko modua sor dezala...

Maitasuna. Amodioa. Grina. Hitz horiekin guztiekin, harremanak aipatzen ditugu. Maitemina. Irrika. Pasioa. Izen horiei esker, gure arteko loturak amesten ditugu. Azaleko gutizia edo sakoneko gogoa bizi izanik, bihotz taupadek digute norabidea erakusten. Lagunaren pilpirak entzutearekin gauza ugari ikasiko ditugula gogora gaitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA