Heldu da Bilbora hogeita laugarren Korrika, iduriz jendeak trumilka segiturik Euskal Herri osoa zeharkatu dutela.
Ekimen horrek baikorki erakusten du euskararen garrantzia, segitu behar dugulako praktikatzen, mintzatzen, engaiatzen garelako, ez bakarrik etxean baina leku publikoetan erabiltzen, biziarazten.
Garai ilun hauetan zeinetan aktualitateak ekartzen dizkigun hainbertze gerla, gertakari bortitz... Korrikak hats indartsu bat eman digu pasatu den toki guzietatik.
Alta, ez da urrun denbora, zeinetan ikasleek goizetik arrats makilatxo bat behar zuten pasatu esku batetik bestera eskola frantsesetan euskaraz mintzo zirelako, eguneko azkenak biltzen zuelarik zigor bat, euskaraz mintzatzeagatik... Haurren artean ahalkea sorrarazten zuen, joko ezkor gisako bati lotuz euskaraz mintzatzea, azkenak asto bat iduri zuela. Ama hizkuntza bat isilarazteko bortizkeria maltzurra, ezin hobea.
Segur ez dela irabazia euskararen iraupena, baina Korrikak mugiarazi dituen jende horiek guziak, antolatuak izan diren gertakizun guziak esperantza iturri izan dira.
Garaiak aldatu dira, Korrikak helarazten digun mezua da: lekukoak eskuz esku pasatuz egiten da bidea.
Leheno eskuz esku erabiltzen zen makiltaxoa; gaurko egunean, bi urtetarik, lekukoa bilakatu da —mezu partekatu batekin— zazpi probintzietako guziek josten dugun euskarari buruzko indarraren bultzada.