Ipar kostaldetik hurbil eta errazki ibilgarri diren mendiak ditugu. Azken urteetan, mendi ibiltarien kopurua emendatu da. Ez dira mendizaleak, ez dutelako mendia denborarekin gozatzen, baizik eta kontsumitzen.
Autoz igotzen dira ahal bezain gora; jateko eta lo egiteko puskak, haurrak eta zakurrak autotik ahal bezain hurbil pausatzeko.
Ilunabarrari so jan, zakurra libratu eta utzi sokarik gabe, gozatu oren bat, edo hor berean lo egin goizera arte, su bat piztuta.
Denen mendia baldin bada ere, ez da egiten ahal nahi dena.
«Ene zakurra maltxoa da, ez du kalterik eginen»: mendiko artzainentzat buruhauste bat da. Uda guzian, ardi zaurituak, beste batzuk estresarekin ilortuak... Gatazka gogorrak sortzen dira.
Egoera horrek artzainek mendi horietan duten lana gero eta zailagoa bilakatzen du. Zenbaitek dudatzen dute mendian artzaingoa segitzeko... Oroit eta jakin aziendek dutela mendia garbi atxikitzen —ardi, zaldi eta behiek—. Uzten badute, mendia hetsiko da; hobe basurdeentzat, baina suen arriskua emendatzen da, laparrak emendatuko dira eta bidexkak hetsiko.
Gogoan atxiki dezagun, zakur bat sokarekin atxikitzeak dena aldatzen ahal duela eta «segur abila» bada ere bere jostatzeko enbeia kaltegarri dela tropentzat.