Ke lanbro batek bete zituen Ipar Euskal Herriko bazterrak otsail bukaeran. Hilabete euritsu bat pasatu, eta eguzkiak berriz idortu ditu pentze eta mendiak: sua pizteko garai aproposa. Keak osasunean dituen ondorioak ez dira erabat ezagunak, eta ikerketek zer dioten aztertu du Ipar Euskal Herriko Hitza-k.
«Mendietako suteen helburu nagusia bazkalekuetan belarraren produkzioa segurtatzea da». Halaxe dio 2019ko maiatzean zabaldu zen Euskal Herriko Laborantza Ganberaren liburuxkak. «Erreketarik gabe, eremu horiek kabalak elikatzeko gai ez diren eremu sasitu eta oihanduak bilakatuko lirateke denborarekin». Izan ere, urtero, urriaren 15etik martxoaren 31ra arte pitz daitezke mendietako suak, Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefeturaren dekretuak zehazten duenez. «Hala ere, eguraldi baldintzak eta landarediaren egoera kontuan hartuta, erreketa kontrolatu gehienak urtarrilaren erdialdearen eta martxoaren amaieraren artean egin behar dira», azpimarratu du prefeturak.
Akitania Berriko aire kalitatearen ATMO behatokiak zehazten duenez, mendietako suteek barreiatzen dituzten kutsatzaileak hondakin berdeen erretzeak sortzen dituen kasik berdinak dira: «Airean isurtzen diren kutsatzaileen kopurua erretako eremuaren araberakoa da. Gehienetan, artzain suteak kontrolatzen dira, eta eremu txikietara mugatzen. Airearen kalitatean tokiko eragina dute. Hala ere, batzuetan suteak gaizki kontrolatzen dira, eta gerta liteke haizeak garrak indartzea. Fenomeno horrek airearen kutsaduran eskala handiagoan eragin dezake, eta kutsadura areagotu, 2019ko otsailean gertatu zen bezala».
Aurten, Pirinio Atlantikoetako departamenduko airearen kalitatea txarra zen otsailaren 26an eta 27an, baita martxoaren 3tik 6ra ere, eta prefetak alerta jarri zuen —ez dute bereizten Ipar Euskal Herria alertak ezartzerakoan—. Aldi horietan, zehazki, mendiko suek sortutako kearen eta Saharatik etorritako sablearen eraginez ezarria zen alerta. Baina ATMOk zehazki ezin du neurtu toki bakoitzean zer eragin duten mendietako suteek airearen kalitatean, kontrol estazioak Pirinioetatik aski urrun kokatuak direlako.
Eta mendiko suek kutsatutako airearen arnasteak zer arrisku ote ditu? Ikerketa gutxi lotu zaizkio galdeari. 2012an, Frantziako Osasun Segurtasun Agentziak adituen txosten kolektibo bat publikatu zuen, eta geroztik hori da erreferentziazko ikerketa bakarra. Biztanleria orokorrean egindako ikerketa epidemiologikoek baso suteen kearen eraginpean egotearen eta epe laburreko arnasketa ondorioen arteko loturak behatu dituzte lan horretan: «Baso suteek eta bestelako landaredi suteek atmosferaren osaketan eragina duten gasak eta partikula isuriak sortzen dituzte. Ke horien eraginpean egoteak, eta bereziki askatzen diren partikula finen eraginpean egoteak, ondorioak izan ditzake osasunean».
Txostenaren arabera, ikerketa epidemiologikoek baso suteen kearen eraginaren eta epe laburreko arnasketa ondorioen arteko loturak erakusten dituzte. «Arnasketa aparatuko gaixotasun kronikoak dituzten herritarrak, asma dutenak barne, bereziki zaurgarriak dira», idatzi dute txostenean.
Bestalde, keak garraiatzen dituen partikula finak hirietan kutsadura sortzen duten partikula finak bezain toxikoak dira arnas osasunerako, osasun agentziak azpimarratu duenez. Horrez gain, suteen kearen eraginpean egotearen eta epe laburreko efektu kardiobaskularren arteko loturak behatu ditu aditu taldeak, bereziki, gaixotasun kardiobaskularrak dituztenendako.
Minbizia eta mendiko suen arnastearen arteko loturarik baden jakiteko ikerketarik ez du bildu segurtasun agentziak. Frogarik ez da, beraz, horren neurtzeko. Partikula ultrafinen eraginari buruz ere lanik ez duela atzeman segurtatzen du txostenak, nahiz eta mendiko suek sor ditzaketen hainbat.
Horiek horrela, eta ondorioak izan daitezkeela kontuan harturik, mendietako suteen garaian mendira joan nahi dutenei mendi suteen mapari begirako bat ematea aholkatzen du prefeturak, baita zaintza agiriei ere. Suprefeturak zehaztu du herriko etxeek 2100 su pizte baimen onartu zituztela 2025-2026 sasoieko Pireneo atlantiko departamendu osoan.
«Bioaniztasunaren kaltetzearen lekuko gara, eta suak suntsiketaren parte dira»

Su Aski elkartearen bultzatzailetarik bat izan da Jenofa Cuisset; mendietako suen kontra borrokatzen den elkartea da. Elkarteak gogor kritikatzen ditu gaur egun baliatzen diren mendietako suak egiteko metodoak. Duela hirurogei urte inguru laborariek egiten zituzten suak berriz plantan eman beharko liratekeela uste du Cuissetek.
Su Aski elkartean, mendietako suen aurka militatzen duzue. Baina ez zarete arrunt mendietako suen kontra, ezta?
Gu, berez, ez gara praktikaren aurka; gaur egun egiten denaren kontra gara. Duela hirurogei urte arte egiten zenaren alde gara, hau da, errespetu eta kontrol handiz egiten ziren suen alde. Laborari talde ttipi bat lur ttipi edo mugatu batera joaten zen sua pizteko, eta ondotik, sortutako hautsarekin lurra estaltzen zuten. Horrez gain, ez zen baitezpada urtero egiten, hiru urtetik behin, guti gorabehera, egoeren arabera.
Eta gaur egun, nola egiten dira?
Orain jendea badoa pentzera, soldagailuaren bidez sua pizten du, eta badoa. Erabat desberdina da. Batzuek prefeturatik ukaiten duten baimenarekin pizten dituzte suak, beste batzuek, aldiz, baimenik gabe eta salbaiki egiten dituzte. Baina azpimarratu behar da anitzetan gertatzen dela baimenduak izan diren suek ere kontrola galtzea. Legeak dio suak itzali behar direla arratsalde apalean, gauean ezin daitekeela surik piztu, baina gero eta su gehiago ikusten ditugu gauez. Goizean, suhiltzaileak behartuak dira eskua hartzera. Gaur egiten den manerak ez du deus errespetutik.
Mendietako suak kritikatzea zaila da, ezta?
Gauza da laborarien argudioak ulertzen ditugula. Badakigu laborariek ez dutela baliabide onik behar bezala lan egiteko eta bizitzeko, lan izugarri zaila dutela. Laborari ttipien alde gara, eta dudarik gabe, baliabide, errespetu eta berdintasun gehiago behar lukete. Eta, beraz, horren kontra joatea zaila da. Baina guk salatzen duguna da kontrol gabeko praktika horrek zer ondorio duen osasunean eta naturan. Metodo alternatiboak plantan eman behar dira, bertute gehiago dutenak, eta natura eta ingurumena errespetatzen dituztenak.
Zer egiten duzue, beraz?
Entseatzen gara argazki txostenak egiten, komunikatuak idazten, ekintza batzuk egiten, gure webgunea elikatzen, bideoak egiten eta abar. Eta urtero saiatzen gara animazio ttipiak antolatzen, baita erakusketak eta hitzaldiak ere. Bada orain lau urte zuhaitz landatzeak egiten ditugula, Ipar Euskal Herriko biztanleen pentze, oihan edo etxeko baratzeetan. Momentuz hori da egiten ahal duguna.
2019an hasi zineten suen kontrako ekintzak egiten. Gaur arte, aldaketarik ikusi ote duzue?
Ikusi dugun aldaketa bakarra da horren inguruan den tabua hautsi dugula. Gaia ez zen aipatzen. Eta gure iritziarekin laborari batzuk ados agertu dira. Hasieran anitzek erraten ziguten laborariak bakean utzi behar genituela, jadanik lan baldintza gogorrak dituztelako, eta azkenean, kutsadura ez dela hain larria. Orain uste dugu iritzia pixka bat aldatzen ari dela. Baina ekintzetan ez da gauza handirik aldatu. Bioaniztasunaren kaltetzearen lekuko gara, eta suak suntsiketaren parte dira: pestizidak, lurrak betoiz estaltzea, basoak soiltzea... Eta mendietako suak horri guztiari gehitzen zaizkie. Duela berrogei urte hil zen laborari bat egun berpiztuko balitz, zera erranen luke: «Non dira pinpirinak? Non dira erleak? Non dira labezomorroak? Non dira zizareak? Non da natura?». Hori guztia galtzen ari gara.
Aurtengo suez zer bilan egiten duzue?
Oraindik goizegi da bilana egiteko. Iaz, apirilaren 30era arte izan zen sasoia.