«Kontsumoa badela onartzen dugu, eta, hain zuzen ere, gure lana da kontsumo horren arriskuak nola apaldu daitezkeen azaltzea». Honela laburbildu du bere lana Ana Bonus-ek, Addiction France elkarteko Angeluko langileak. Arriskuen apaltzea hainbat maneratan egin daiteke: alkoholari dagokionez, gidatzeko zenbat denbora itxoin behar den eta zer egin behar den esplikatuz; kokaina kontsumoaren alorrean, erabilpen bakarreko lastoak banatuz; edo, bestelako substantzia batzuetarako, xiringa esterilak banatuz. Bizia adiktologia zentroa ere lan horretan dabil, eta hainbat lekutan egiten ditu prebentzio tailerrak, hala nola rave bestetan, festibaletan, herriko bestetan... Euskal Herria Zuzenean festibalean izanen dira asteburu honetan. Ipar Euskal Herriko bi estruktura horietan milako bat paziente artatzen dituzte urtean.Â
15 urtetan hasi zen kontsumitzen Emma —izen asmatua da, anonimoki eman baitu lekukotasuna—, 23 urte ditu egun, eta zortzi urte dira Bizian segitua dela. Cyril Olaizola erizainarekin hitzordua zuela mintzatu da, eta hark uste du besta eremuetan prebentzioa eginez «libreki» mintzatzeko gune bat atzematen dutela gazte anitzek. Erizainak baieztatu du «epaiketa moralik» gabe egiten dietela harrera kontsumitzaileei, eta, horrez gain, debekatuak diren substantziak izan arren, ez dutela esku hartze «errepresiborik» egiten. «Gazteak guregana heldu direnean badakite ez ditugula epaituko, eta, gainera, askotan kontsumiturik heldu direnez, errazkiago mintzo zaizkigu. Arrisku apaltzea egiten dugu, baina baita artarako sarbide bat proposatzen ere, konfiantzan oinarrituta», esplikatu du Olaizolak.
Egun, alkohola da gazteek gehien kontsumitzen duten droga, Bonusen eta Olaizolaren arabera. Tabako kontsumoari dagokionez, argi utzi dute apaltzen ari dela: «2024ko datuen arabera, 16 urteko nerabeen artean %20 dira jadanik zigarreta bat erre dutenak; behera egiten ari da datua», erran du Olaizolak. Kalamuaren kontsumoa ere doi bat aldatu da: THCa ez bezala, kanabidiola (CBD) legezkoa da, eta hori ere kontsumitzen dute gazteek. Haatik, bestelako kontsumo batzuk indartu dira, adituen arabera; batez ere kokaina, MDMA eta, berrikiago, ketamina. «Poliziak egiten dituen droga probetan ez da detektatzen ketamina; beraz, gazteek gero eta gehiago hartzen dute, bestetan gehienbat, nahiago baitute hori hartu alkohola baino», esplikatu du Emmak. Olaizolak nabarmendu du, halere, kontsumitzaileen soslaia aztertzen duen eta Ipar Euskal Herria aztergai duen ikerketa xeherik ez dela.Â
Kokaina, gora
Kokainaren kontsumoa emendatu da gehien. «2020tik kontsumoa bikoiztu da», Bonusen hitzetan. Gero eta merkeago eta gero eta atzemateko errazagoa da. «Drogaren merkatua ere uberizatu da, eta, edonon daudela ere, kokaina manatzen ahal dute, eta denbora gutian lortu», azaldu du Biziako erizainak. «Kokaina kanabisa baino errazkiago lortzen ahal dugu. Snapchaten, adibidez, zernahi kokaina banatzaile badira», zehaztu du Emmak. Kontsumitzen hasi zenetik anitz aldatu da egoera, eta duela zortzi urte ez zen «hain errazki» atzematen. «Garapen ikaragarria izan da; merkatua saturatua da, prezioa apaldu da, eta denetan da», baieztatu du Olaizolak. Gainera, «puruagoa» denez, are adiktiboagoa da, Addiction Franceko langilearen ustez. Araberan, Bonsuek uste du arriskuen apaltzea ez dela hain «errotua» kontsumitzaile berrien artean, hala nola materiala partekatzen dutela aipatu du. Horren zergatia galdeginik, ikerketa gehiagoren beharra azpimarratu du, baina konfinamenduarekin lotzen menturatu da: «Posible da besta egiteko manerak aldatu izana, eta nolabaiteko arrisku apaltzeen informazio transmisioan moztura bat gertatu izana».Â
Horiek horrela, bi adituek biziki garrantzitsua ikusten dute bestak egiten diren lekuetan egotea. Biziak, erraterako, besten antolatzaileekin harremanak ditu aspaldian; 1990eko hamarkadan hasi zirenean, Munduko Medikuekin egiten zuten, eta hortik sortu zen gero Bizia zentroa. EHZ festibalean, kasurako, 1998tik atxikitzen dituzte prebentzio mahaiak. Droga ahal bezain arrisku guti hartuz kontsumitzeko materiala banatzen dute bertan. Emmak argitu du rave gisako bestetan «denek» erabiltzen dituztela erabilera bakarreko lastoak, eta, prebentzio mahairik ez denean ere, antolatzaileek denei banatzen dizkietela.
«Halere, gehienetan, saiatzen gara kontsumitzaileengana joaten, eta interesgarria zaien beste zerbait ere egiten dugu: testak egin», erran du Olaizolak. Teknika horren bidez, kontsumitzaileen produktuen osagaiak aztertzen dituzte; efektu bereziak edo ezohikoak sentitu dituztenentzat bereziki baliagarria da, araberako prebentzioa egitea ahalbidetzen baitu. «Pragmatikoak gara: onena da ez batere kontsumitzea, baina kontsumitzen baduzu, hainbat gauza egin ditzakezu arriskuak ahal bezainbat prebenitzeko», laburbildu du Olaizolak.Â