Urtero ber gauza gertatzen zait. Ez dut etxera sartu nahi. Ez dut errealitatera itzuli nahi. Bost egunez autoa hartu gabe egon ondotik, Arberatze utzi eta Donapaleuko bidean auto andana elkar gurutzatzen ikusten ditudalarik, ulertzen dut fini dela. Euskal Herria Zuzenean festibalak ekartzen duen arnasgune labur hori bukatua dela, eta mundu arrotzera itzuli behar dudala. Gehiegizko aire bat izan dezakete hitz hauek; alta, hortik doa nire barneko sentsazioa.
Laguntzaile gisa bizitzen dut oraindik festibala; oraindik diot, adinak agian noizbait lekua uztera behartuko bainau, baina ez naiz prest! Sukaldari talde osoarekin batera, gure xokoan egoten gara laguntzaile eta artistentzat, gau eta egun janaria egiten. Eta janariari esker ere, festibala egiten duen jendearen begirada gurutzatzen dugu. Horrek ere ez, ez du bultzadarik ekartzen mundu errealera itzultzeko. Irria nagusi da, akiduraren erdian esker ona, umorea eta zerbait berezi bizitzen ari garen sentipenarekin garelako. Dena ez da kolorez eta umore onez betea. Baina erasoei ihardesteko kolektiboaren indarra ikusi ahal izan dugu. Izan zerutik etorri haize eta eurien kontra ala prefeturatik zetorren blokeatzeko ahalegin guzien aurrean ere, indartsu eta balio batzuei lotua den kolektiboak erantzuteko duen gaitasuna erakutsi du. Eta horrek on egiten du.
Baionako bestetan, beste kargu batekin, Gure Irratiak atxikiko duen Gure Plazako beste kozinatze lan batzuetan ariko naiz. Jendaila horren erdian, beste mundu arrotz bati aurre egin beharko. Festibalak ekartzen duen babesgune hori, fauna horren erdian sortzen saiatzen diren beste guneekin batera, bakoitza bere xokotik, erresistentzia kolektibo zerbait egiten.