Joan den egun eguzkitsu batean, parkera izan ginen lagunekin. Bertan, haurtto batzuk Monsieur Patate panpinarekin josteta ari ziren, hau da, lursagar pertsonifikatu baten itxura duen panpina batekin. Lursagar horri edozer egin diezaiokezu: egun batez begi borobil-borobilak eman, beste egun batez almendra formakoak; beso luzeak edo laburragoak itsatsi; bilo marroiak egun, urdinduak bihar.
Gure egunerokoan, norbere gustuen eta enbeien arabera, maite dugu gauzen moldatzea: hesiari forma hori eman, autobidea menditik zeharkarazi, ganbara kolore horrekin biziberritu.
Azken hilabeteotan, Europako parlamentuan, landareen moldaketa hobetzeko NGT teknikaren (Teknika Genomiko Berriak) erabilpena eztabaidatzen ari dira. Ez dira gehiago transgenesiaz ari (GAO, Genetikoki Aldatutako Organismoak), ez diote gehiago bizidun baten gene bat beste bizidun baten informazio genetikoari txertatzen. Teknika horrekin, bizidunen DNAn aizturrekin dantzan ari balira bezala, kopiatu-itsasi edo xerkatu-ordezkatu funtzioak erabiltzen dituzte, gene ezberdinen isilarazteko, mutazioak eragiteko edo espezie hurbileko gene baten txertatzeko.
Teknika horren erabilpenaren onartzearekin batera, beste zenbait elementu bozkatu dituzte: NGT produktuen salmenta etiketetan zehaztasunik ez derrigortzea, adibidez. Produktu horiek erabiltzen ez dituzten laborarien alorretan ere kontaminazio posiblea izanki, hazi enpresek halere auzipetzen ahalko dituzte, ohointzaz akusatuz.
Nazioarteko hazi enpresek beren eskutan dituzte hazi eraldatuen patenteak, bizidunen parte gero eta handiagoa berenganatuz. Munduko gosetea estaltzeko aitzakian, dena da posible. Mundu kapitalista honetan, dena da aizu.
Natura panpinaren gisa erabiltzen dugu, mugagabeko boterea eskutan dugula uste ukaiteko, ekosistemaren harat-honatak desorekatzeak ere ez gaituelarik beldurrarazten. Natura eta gu bi entitate ezberdin bagina bezala.
Beren ase ezinezko gosez, boteredunek panpinaren gisa menperatzen dituzte naturaren bazter guziak, noiz izanen da gure aldi?