MARTTA IRIGOIEN

Nektar ala pozoi?

2026ko otsailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehengo testuetan, anbrosia jainkoen janari eta edaria zen. Eztiari darion nektarrak hilezkortasuna ekartzen omen zuen. Olinpiako jainkoek, beraz, anbrosia jaten zuten: Hera jainkosak, gorputzeko zikinak ikuzteko, edo Achillek hilezkor, bilakatzeko. Hots, denborari ihes egiteko landarea.

Alta, anbrosia gaur egungo gaitz bat dugu.

XIX. mendean, botanikariek Ipar Ameriketako landare funsgabe bati eman zioten Ambrosia artemisiifolia izena. Garai berean, laborantza iraultza denboran, Ameriketatik Europara zaku lekadun batzuk inportatuak izan ziren. Nahi gabe, anbrosia hazi batzuekin nahasiak.

Anbrosia, isil-isila biderkatzen da: zango batek 3.000 hazi sortzen ditu. Espezie exotiko (ez bertakoa) inbaditzailea (ez du harraparirik) deitzen diogu. Kalte sanitario (alergiak, asma), ekologiko (bertako espezieen lekua hartzen, toxikoa) eta ekonomikoak (laborarien uzta guzia suntsitzen ahal) eragiten ditu.

Bera bezalako beste espezie exotiko inbaditzaile andana bat badira, famatuenetan: eltxo tigrea, panpa belarra, liztor asiarra...

Duela hamar urte, Donapaleutik Baionara arribatzean, panpa belar guti bazen. Egun, paisaia guzia estaltzen dute.

Duela 10 urte, udako arratsalde batez, arazorik gabe terrazan freskatzen ahal ginen. Egun, minutu bakarrean, eltxo tigreen hainbat xixta ukaitearen arriskua duzu.

Jainkoak bezala airez aire bagabiltza tokitik tokira, nektar gosez, pozoiak etxeratzen ditugu, biziezina sortuz leku guzietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA