Thomas Beyne (Tolosa, Okzitania, 1998) iazko udan arribatu zen Irisarrira, eskubaloi taldearen proiektuak motibaturik. Gizonezkoen lehen taldeko trebatzailea da, eta Euskal Herrian izan duen lehen esperientzia esanguratsua izan da: Nationale 3 txapelketa irabazi berri du Irisartarrak taldeak, haren gidaritzapean. Nationale 2 mailara igoko dira, beraz. Irisartarrak klubeko nesken eta mutikoen beste taldeez ere arduratzen da, denbora osoz, hori baitu ogibidea. Bere jokalariez «harro» agertu da: taldea egonkortzen hasia dela eta etorkizuna plantan ematen ari direla erran du. Trebatzea indartu nahi du.
Nola heldu zinen Irisarrira?
Tolosakoa naiz sortzez. Han hasi nintzen jokatzen, trebatzen eta lan egiten. Bi taldetan ibili naiz. Lehenik, Fenix izeneko talde profesionalean egon nintzen jokalari gisa, eta, baxotik landa, hor lan egin nuen lau urtez. Ondotik, trebatzeko diplomak pasatu nahi nituenez baina klub horretan aukerarik ez nuenez, Tolosa inguruko Castanet Ramonville Auzeville Handball eskubaloi taldera joan nintzen. Taldean, trebatzaile izateaz gain, jokalari ere aritzen nintzen, baina aski fite utzi behar izan nuen, denbora faltagatik. Iaz, Irisartarrak taldea enekin harremanetan sartu zen Mathieu Tauzin haien trebatzaile eta langilea joatekoa zelako. Segida prestatu nahi zuten, baina ez bortxaz hemengo norbaitekin: kanpoko begirada bat xerkatzen zuten.
Gaur egun zer rol duzu taldean?
Gizonezko helduen kategoriaz arduratzeko etorri nintzen, baita lehen taldeko trebatzailea izateko ere. Baina sasoi hastapeneko errealitatea behatu eta, orain kasik talde guziekin lan egiten dut bederen astean behin, eskubaloi eskolatik hasi eta helduen taldeetaraino. Hainbat trebatzailerekin harremanetan naiz, eta nagusiki kirol jardueraz arduratzen gara elkarrekin. Gaur egun, taldean denbora osoz ari den langile bakarra naiz, eta aprendizgoan diren bi ikaslek laguntzen naute. Batek komunikazioa eta laguntzaileekilako alderdi komertziala kudeatzen ditu. Eta bestea, BPJEPS kirol formakuntza egiten ari denez, alderdi teknikoaz okupatzen da.
Gizonezkoen lehen taldea Nationale 3 mailara jautsi zen iaz, eta N2 mailara igotzea lortu du aurten. Denboraldi ona egin duzue, ezta?
Bai, noski. Lehenik, azpimarratuko nuke taldea oso guti aldatu dela. Hau da, taldeko kideek biziki ongi ezagutzen dute elkar, automatismo anitz dituzte, eta badakite elkarrekin lan egiten. Bestalde, taldea aurretik bizi izandako eta ikasitako guziaz baliatu da. Batez ere, Mathieu Tauzin trebatzaileak eramandako lanari esker. Ez gara hutsetik hasi.
Erranen nuke denboraldian hiru fase izan ditugula. Txapelketa hasierako helburu nagusia plazer hartzea zen, eta lehen hiru postuetan bukatzea. Txapelketako lehen hilabetean, prestaketaz kontent baginen ere, emaitza gazi-gozoak lortu genituen. Nationale 3 mailara egokitu behar izan dugu, argi ikusi baitugu uste genuen baino zailagoa izanen zela. Gero, beste fase bat ukan dugu, zeinetan konfiantza irabazi dugun eta galdutako puntuen bila ibili garen. Hasi gara sinesten lorpen ederrak izaten ahal genituela. Hirugarren eta azken fasean, aldaketa bat izan dugu buruz, eta emaitzak lortzeko gogoak gaina hartu du.
«Taldearen elkartasunarekin eta borrokarako gogoarekin bat egiteko gai diren jokalariak ekartzea da lehentasuna. Gero, edozein gisaz, gure taldeetako gazteak naturalki igoko dira. Aurten jadanik, 18 urteko gazte guziak helduen taldera igotzeko hautua egin genuen»
Datorren denboraldian aldaketak izanen dituzue: goi mailan ariko zarete berriz, baina jokalari garrantzitsu zenbaitzuek taldea utziko dute...
Hemengo edozein jokalari joatea gauza azkarra da. Denek ezagutzen dute elkar; familiako kide bat galtzea bezala da. Peio lehen taldeko jokalari mugiezina zen, esate baterako. Anthonyk, gure bigarren atezainak, gutiago jokatu du, baina beharra genuelarik hor izan da beti, eta itzaleko rol zail hori oso ongi eraman du. Eta Thomas lehen eta bigarren taldeen artean ibili da, eta rol garrantzitsua ukan du defentsan. Saiatuko gara zenbait aukeraren begiztatzen haien ordezkatzeko. Taldearen elkartasunarekin eta borrokarako gogoarekin bat egiteko gai diren jokalariak ekartzea da lehentasuna. Gero, edozein gisaz, gure taldeetako gazteak naturalki igoko dira. Aurten jadanik, 18 urteko gazte guziak helduen taldera igotzeko hautua egin genuen.
Oro har, Irisartarrak klubeko talde guzietan aplikatu nahi duzue politika hori.
Bai, erran gabe doa. Taldearen helburua eta filosofia da tokiko eta lurraldeko jokalariekin aritzea. Horrek erran nahi du ahalegin berezia egin behar ditugula gazteen trebakuntzari dagokionez. Emakumezkoen taldeen kasua doi bat berezia da, Kanboko taldearekin partaidetzan ari baikara 18 urtekoen eta helduen taldeekin. Aurten, nesken lehen taldeak ibilbide oso ona egin du txapelketan, eta segur aski bigarren postuan bukatuko duen sailkapenean. Egituratuz joanen gara: orotara 300 bat lizentziadun ditugu aurten. Neska eta mutiko gazteen trebatzeko gogoa dugu, helduen taldera irits daitezen gure koloreen defendatzera.
Denboraldia bukatzear dago, eta etorkizuneko prestatzen hasi zarete. Nola?
Gure egunerokoan segitzen dugu. Elkarte bizia dago Irisartarrak taldearen muinean. Urtean zehar antolatzen diren mus txapelketak, hanburger gaualdiak, lotoa eta ekitaldi guziak atxikitzeko asmoa dugu. Anitz laguntzen digu giro ona izaten. Gero, taldearen ezagutarazteko ahaleginak egin nahi ditugu datorren sartzean, eskoletara joanez, adibidez. Segida prestatzen ere aritzen gara. Horretarako, beste taldeetako jokalariei ere ateak irekitzen dizkiegu, beren taldeetan duten mailaz bestelako bat deskubritzeko parada ukan dezaten.