Neskak plaza erdira

Geroz eta neska gehiago dira esku huskako pilotan jokatu nahi dutenak. Luzaz baztertu badira, ahalegin berriak martxan ezartzen dira pilotari horien biltzeko eta laguntzeko. Berriki Iparraldeko Pilota Batzordeak horretako topaketak antolatu ditu.

Esku huskako nesken topaketa, joan den astean, Hazparnen. GUILLAUME FAUVEAU
Esku huskako nesken topaketa, joan den astean, Hazparnen. GUILLAUME FAUVEAU
2026ko apirilaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Bospasei urtetan hasi nintzen esku huskan jokatzen anaiarekin. Baina bederatzi urtetan jadanik utzi behar izan nuen, neskek lehiaketa ofizialetan parte hartzeko dretxorik ez genuelako». Oneka Bereau Lafitteren hitzak beste hamaika lagunenak izan daitezke, bera bezalako neska anitz pilota kantxetatik baztertu direlako luzaz. Ttipidanik Ipar Euskal Herrian esku huskan aritzeko zailtasun anitz gainditu behar dituzte. Taldekide eskasak edo trebatzeko eta lehiatzeko leku faltak pilotari bat baino gehiago arrastatu ditu. Baina pilotari belaunaldi berriak plazak berriz okupatzeko enbeia erakutsi du, problematika zaharrari arrapostu berria ekarriz.

«Oro har, kirolean eskaintza erraldoia da, eta neskei irekitzen ari da. Ohartu gara azken bizpahiru urteetan esku huskan baizik aritu nahi ez zuten neska gehiago hurbiltzen zirela. Arrakasta ikusiz, gure ardura da praktika honen bultzatzea eta segitzea», azaldu du Henri Errandoneak, Iparraldeko Pilota Batzordeko lehendakariak. Egiturak, zortzi kidez osaturiko esku huskako batzordearen eskutik, lanketa berezia abiatu du urte hastapenean. Helburua du esku huskan jokatu nahi duten neskak identifikatzea, biltzea, eta haien praktikaren bultzatzea eta segitzea. Maiz zailtasunak badirelako jakiteko non diren, eta pilota elkarte batzuetan «leku guti» dutelako jokatzeko.

«Bospasei urtetan hasi nintzen esku huskan jokatzen anaiarekin. Baina 9 urtetan jadanik utzi behar nuen, neskek lehiaketa ofizialetan parte hartzeko dretxorik ez genuelako»

ONEKA BEREAU LAFITTE Esku huskako pilotaria

Behin behatu eta, orduan, gazteen biltzeko garaia heldu zen. Martxoan antolatu zuten nesken esku huskako lehen topaketa, Hazparneko ezkerparetan, zeinera abantzu hogei bat neska hurbildu ziren. Ezker-eskuin oihartzun onak entzun ondotik, bigarren topaketa antolatu dute apirilaren 8an, berriz ere Hazparnen. Aldi honetan 37 neska etorri dira: goizean hamasei eta hemeretzi urte artekoek jokatu dute, eta arratsaldean, hamaika eta hamahiru urte artekoak. «Sekulako» kopurua beraz, zeinak bide ematen dion lehiaketa moduko baten antolatzeari, maiatzeko ondoko topaketan.

Topaketa hauek bizi nahi izanen zituen Bereau Lafittek. Orain 22 urte dituela eta, bere belaunaldiko neska gazte anitzek jada esku huskako pilota utzia dute. «Ikusten dugu gauzak mugitzen ari direla, baina tristea atzematen dut gure adin tarteko neska askok utzi izana. Baina normala da, jokatzea ez genuelako aizu, eta gure praktika ez zelako garatu», deitoratu du. Hark xendra bide ezberdinak hartu ditu bere pasioa segitu ahal izateko, momentu batzuetan bazter batean utzi behar badu ere. Lehenik frontball-aren bidez —eskuz jokatzen den beste kirola— esku huskako sentsazioen bizitzen hasi da. Ondotik, ofizialak ez diren esku huskako txapelketa ttipietan aritu da, zeinetan maila mistoak lehiatzen diren —gutienez emazte batez osatuak diren bikoteen aurka—. Baina sekula «egiazko» lehiaketa batean parte hartzeak sentiarazten duena bizituz.

Muga trabeskatu, trabak gainditzeko

Amore eman ordez, hegoaldeko bidea hartzea hautatu zuen lizeoko garaian. Frontball-ean ezagutu zuen lagun batekin, Marie Goihenetxe senpertarrarekin, Hego Euskal Herrira jokatzera motibatu ziren. Hango araudiak neskei baimentzen die esku huskan jokatzera. Are gehiago, nesken arteko txapelketak ere antolatzen dira, adibide ezagunena eta maila gorenekoa delarik Emakume Master Cup izenekoa. Hala ere, hegoaldean lehiatzea ez da zailtasunik gabekoa izan, batez ere joan-etorriei dagokienez. «Garaian gidabaimena ez nuen oraindik, Mariek zituen joan-jin guziak segurtatzen. Amak ere behar izan gaitu bi alditan edo, hara lagundu. Pilotan aritzeak indar berezia galdegiten zuen», zehaztu du Bereau Lafittek.

Hegoaldean izandako harrerak ere markatu zuen. Gertatu zaio behin baino gehiagotan partidaren ondotik hango antolatzaile batzuengandik konpentsazio ekonomiko bat errezibitzea, Ipar Euskal Herritik etortzeko ahalegina eskertzeko, haiek deus ez galdegin gabe. Bi errealitateen arteko ezberdintasuna neurtu du pilotariak, hegoaldean nesken esku huskaren garapen «garrantzitsua» nabarmenduz. Halere, Ipar Euskal Herrian abiatu berri diren urratsak azpimarratu ditu Bereau Lafittek, eta haien alde egitera motibatu ditu trebatzaileak eta pilotariak. «Hastapenean indarrak galdegiten ditu, segur da. Baina geroz eta errazago izanen da, nesken esku huska ikusgarria bilakatzen badugu neska gehiago animatuko baitira. Haien inguruan antolatu behar da».

«Beti ber mailan eta beti mutikoekin jokatzeaz aspertu nintzen, eta nesken artean aritu nahi nuen. Orduan, aita-amekin hasi ginen Hegoaldeko aukerari buruz interesatzen»

LILIA ERNAGA OSPITAL Esku huskako pilotaria

Hegoaldera mugitzeko hautua egin du Lilia Ernaga Ospital pilotari gazteak ere. Hura bost urtetan hasi zen esku huskan, Baigorrin, eta gaur egun arte segitzea lortu du. Orain, adinezko maila bat apalagoen aurka jokatzen ahal dira neskak. Aurten, hamabost urterekin, giroa aldatu nahi izan du: «Beti ber mailan eta beti mutikoekin jokatzeaz aspertu nintzen, eta nesken artean aritu nahi nuen. Orduan, aita-amekin hasi ginen hegoaldeko aukerari buruz interesatzen».

Horrela iritsi da Ados Pilota elkartearen proposamena. Nafarroan kokatzen den pilota eskolak esku huska «emakumeentzat eremu zabalago eta bidezkoago bihurtzea» du erronka nagusitzat. Maila ezberdinetako 35 neska barnebiltzen ditu, baita hamahiru emakumez osatutako talde bat ere, non jokalariak «trebatzen, teknifikatzea sustatzen eta kirolari profesional modura kontratu bidez babesten» dituzten. Aukera egokia izan da Ernaga Ospitalentzat, txapelketez gain ere trebatzen ahal delako. Horrek erran nahi du asteazken guziz Nafarroara joan-jina egin behar duela, gurasoek lagundurik.

Garapen eta errealitate ezberdinak 

Ipar eta Hego Euskal Herriko errealitate ezberdinek baldintzatzen dute kirolarekiko lotura, transmisioa eta garapena. Hegoaldeko deiak arreta pizten badu, Errandoneak lurraldeen arteko ezberdintasunak oroitarazi ditu. Batzordeko lehendakariari «ezinezkoa» zaio konparatzea, zenbait arrazoi seinalatuz. Han, esku huskako pilotari gehiago daude, praktika zabalduagoa eta normalizatuagoa da. Zenbait maila badira ere, Ipar Euskal Herrian oraindik erronka da neska pilotari horien atzematea eta biltzea.

Bestalde, Bereau Lafitte eta Ernaga Ospitalen adibideak «apartekoak» direla azpimarratu du. «Goi mailako pilotariak dira biak. Onekak mundu mailan lehiatzeko selekziorako maila du, eta Liliak jadanik bizpahiru urteko esperientzia du ezkerparetan. Hoska bat gorago kokatzen dira». Bereau Laffitek bere kide gaztearen adibidea ere goraipatu du, «Liliaren kasuak plazer egiten eta motibatzen» duelako zentzu horretatik segitzeko.

Hori dela eta, Ipar Euskal Herrian, gaur egungo desafioa nesken esku huskako praktika ikusgarria eta posible dela erakustea da. Bi pilotariek Iparraldeko Pilota Batzordearen indarrak txalotu dituzte. Ernaga Ospitalek haiek antolaturiko lehen topaketan parte hartu du, eta bere ustez «permititu du pilotari neska gazteak bazirela ikustea». Bereau Lafittek ere topaketak begi onez ikusi ditu, eta etorkizunean bere belaunaldiko pilotariak berriz lotzeko pista bat izaten ahal dela uste du.

Neskek ere kantxa gainean lehiatzeko zilegitasun osoa dute, jujeaz aparte nehork epaitu gabe

Horretarako, Iparraldeko Pilota Batzordeak bere lanketa segituko du, topaketen artean pilotarien identifikatzea eta jarraipena segurtatuz. Errandoneak azaldu bezala, egituraren ardura da lan horren eramatea. Antton Amulet eta Xabi Hargindegi dira nagusiki betebehar horretaz okupatuko diren langileak. Gainera, Errandoneak zehaztu du pilotako beste modalitateak neskei irekitzeko beharra dela. Batez ere instrumentuen bidez jokatzen diren diziplinetan, xarearen edo zesta-puntaren kasuan bezala. Euskal pilotaren praktika orokorra neskei irisgarriagoa izatea ere beste erronka bat izanen da.

Anartean, Iparraldeko Pilota Batzordeaz aparteko beste eragileak antolatzen dira haien eskalan neskak esku huskara hurbilarazteko. Gertatzen da maiz herriko lehiaketetan edo ostatuek antolatutako pilota txapelketetan. Adibidez, Irisarriko Gure Doia jatetxe-trinketak maila misto bat ireki du aurten, non bi emazteek bikotea osatzen ahal duten, baldintza bakarra delarik bederen emazte bat izatea bikote bakoitzean. Beste aitzina urrats bat izan da Emakume Master Cup emazte pilotari profesionalen txapelketako partidak Iparraldean antolatzea. Kanboko Xalbador kolegioak ahalegina egin zuen, otsailaren 8an txapelketako bi partida aterpetuz Itsasuko Atharri ezkerparetan. Halako egitasmoen bidez argi utzi dute neskek ere kantxa gainean lehiatzeko zilegitasun osoa dutela, jujeaz aparte nehork epaitu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA