Aitor Zabaleta

No time for love

2025eko urriaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egun gutxi barru ebatziko du Baionako auzitegiak Kanboko herri kontseiluan Ostia kolektiboko kideek Marienerearen defentsan egindako ekintzan bortizkeria eta indarkeria egon zen, edo sortu zen sorka izan zen Devez jauna lurrera erortzearen kausa. Zernahi ebazten duela ere, Ekhi Erremundegi kazetariak epaiketari buruz idatzi zuen kronikan xalo-xalo erran zuen modura: «Gertakari bat, bi bideo eta bi bertsio». Eta ez da salbuespena.

Ekintza bat definitzeko neurgailu guztiz ezberdinak erabiltzea gizakia bezain zaharra da. Zer esanik ez tartean indar(keria) fisikoa erabiltzen bada. Ekintza bera baino gehiago, nork egin duen da gakoa. Ez da zer afera bat, nork afera bat baizik, eta zertarako afera bat, noski.

Botereak legearen bitartez ezartzen du zilegi zer den eta zer ez. Israelgo armadak modu indiskriminatuan ehunka palestinar erail eta bahitzea? Zilegi. Hamasen urriaren 7ko atentatua? Mundu guziak gaitzetsi. Hori gutxi ez eta atentatu horrek genozidio bat egiteko babesa eman dio estatu juduari Mendebaldeko herrialde —eta hauen komunikabide— ia denen konplizitate eta babespean (berriki egoera apurka aldatzen hasi bada ere, presio soziala tarteko). Elkartasuna ere debekatu dute. Ipar Euskal Herriko herriko etxeetan galarazita dago Palestinako bandera zintzilikatzea —Ukrainakoa jartzeko arazorik egon ez bazen ere—.

Azken batez, Hertzainak taldeak No time for love bertsioan abestu zuen modura: «Hoien legea guretzat apartheid, kartzela, ihesa, hauspena eta isiltzea» baita, eta «gerrara ohitu zintezke, baina gerra egon badago» eta guztiok gaude lubakiren batean. Esaera zahar batek dioen modura, «esadazu norekin zabiltzan, eta nor zaren esango dizut». Nik argi dut nire lubakia(k) zeintzuk diren: lurrak lantzen dituzten eta jaten ematen diguten laborariak. Inperialismoaren eta kolonialismoaren biktima diren herriak —gurea barne—. Nik argi daukat nor naizen, ikus dezagun nor zaren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.