Irati Alcantarillak (Urruña, 2001) txikitatik jakin behar izan du aldi gogorrei aurre egiten. Etxean bizi izan zuen gatazkari loturiko errepresioa, aita eta ama espetxean izan baitzituen umea zela. Urteak aitzina joan ahala, bertsolaritzaren mundura jauzi egin zuen. Baina, azken urteetan, epilepsia izan du oztopo. Bizitzako hainbat gorabehera pasaturik, Alcantarillak nabarmendu nahi izan du etapa guztiek badituztela alde onak eta txarrak, eta asko ikasi duela denetatik.
Haur motxiladuna izan zara. Nola gogoratzen duzu bizitzako etapa hori?
Etapa askotan bezala, bere alde on eta alde txar guztiekin gogoratzen dut. Gogoratzen ditut autoan pasatzen nituen asteazken horiek guziak. Asteburuetan trenez Pariseraino joan behar izatea, eta Madrilera ere bai, tarte labur batez. Urte asko pasatu dira jada, eta gai horren inguruan asko hausnartu dut familian, lagunekin eta neure buruarekin ere bai. Asko ikasi dut, eta herria ikusteko beste modu bat erakutsi didala uste dut. Familiarekin asko elkartu nau, eta militantziara gerturatu. Motxila bat eduki nuen, eta beti esaten dut: beti edukiko dut gure herrian haur motxiladunen bat dagoen bitartean, eta, zoritxarrez, oraindik nahiko daude. Haur motxiladuna naiz oraingoz, baina bere alde on eta txar guztiekin.
Zergatik iruditzen zaizu garrantzitsua militatzea?
Azkenaldi honetan eskuin muturrak zer indar daukan ikusita, zer esanik ez. Argi dago herri honetan zapalduak gaudela. Eta, txiki guztiak elkartzen ez baldin bagara, handiek jango gaituzte hemendik aurrera ere. Orduan, elkartzea da modu bakarra. Feminismoari begira, sozialismoari begira, independentziari begira eta autodeterminaziorik ez daukagun bitartean, borrokan jarraitu beharko dugu.
Bertsolaritza militatzeko gune gisa ikusten duzu?
Bai, noski. Bertsolari bakoitzak bere helburuak ditu, baina oholtza bat edukitzeak eta mikro bat edukitzeak boterea ematen du, eta boterea erabiltzen jakin behar da. Uste dut bertsolaritza herrigintza dela, eta, herrigintzatik, bakoitzak bere diskurtsoak ditu. Baina oholtzan diskurtso horiek bota behar dira, eta bertsoaren bidez transmititu.
Noraino iritsi zara bertsolaritzan, eta noraino iritsi nahi duzu?
Txikitan hasi nintzen, lagunartean. Gero iritsi ziren lehen eskolartekoak, lehenengo saioak, baina ez dut sekula helburu argirik eduki. Bertso udalekuei esker, asko ikasi dut. Bertsolaritza jarduera indibidual gisa ikusten da askotan, oholtzan bakarrik baikaude mikrofonoan. Baina ni bertsotan mantentzen nauena taldea da, bertso eskolan ongi pasatzea. Ez dakit noraino iritsi naizen, baina helburu pertsonal asko lortu ditut, kolektiboak ere bai, eta aurrera begira ditudan helburuak ez dira txapelketetara begirakoak, oholtzan gozatzen jakiteari begirakoak baizik.
Azkenaldian oholtzatik kanpo egon zara, osasun arazoak direla eta. Zer eragin ukan du osasun arazo horrek?
Bertsotan aski motibatuta nengoen garai batean iritsi zitzaidan epilepsia, eta pixka bat alboratu behar izan nuen bertsoa. Hala ere, asko ikasi dut horretatik ere. Agian lehen tematiegia nintzen perfekzioa bilatzen bertsotan, gehiegi prestatu behar nituen saioak. Azkenaldian jakin dut garrantzia ematen benetan garrantzia duenari. Denbora luzez begiratu dut oholtzara azpitik, publiko gisa, eta horrek ere mesede egin dit. Jakin dut irakurtzen oholtzaren gainean zer bertsolari izan nahi dudan. Hori oholtza azpitik ikusi dut, gainetik ez bainuen hain argi ikusten. Eta esango nuke pixka bat helduago bueltatu naizela orain.
Hernandorena sariketa irabazi duzu aurten. Zer ekarri dizu sariketa hori irabazteak, Xilaba txapelketaren ondoren?
Xilabako txapelketaren aurretik, bertsoa utzi nuen, epilepsia detektatu zidatela eta. Xilaban bertsotara itzultzea erabaki nuen, ustez aski ongi bainengoen osasunez. Baina ikusi zen urduritasunak ondorioak eragin zizkidala, eta epilepsia krisi bat eduki nuen oholtzan bertan. Orduan, erabaki nuen bertsoetatik guztiz apartatzea guztiz sendatu arte. Behin sendatuta, oholtzara itzuli nintzen. Hernandorena sariketa bingo bat izan zen niretzat, bertsoa utzi nuenetik egindako lehenengo saioa, eta txapela irabazi nuen. Hala ere, ez dut txapela bakarrik gordeko gogoan. Hernandorena sariketan ikusi dut gai naizela bertsotan segitzeko eta, batez ere, kapaz naizela bertsoa utzi nuenean nuen mailan aritzeko berriz ere.
Beraz, txapelketetan parte hartuko duzu hemendik aurrera ere.
Bai, baina ez bakarrik txapelketetan. Intentzioa dut bertso poteoetan, bertso afarietan eta saio sinpleetan ere parte hartzeko. Bertsotara itzuli naiz, nire asmo eta gogo guztiekin.
Futbolaria ere bazara. Zer ekarri dizu futbolak?
Bertsoarekin gertatu zitzaidan hori bera gertatu zait futbolarekin. Epilepsia edukita, ezin nuen jokatu, eta, utzi behar izan nuen arte, ez nuen uste futbola hain garrantzitsua zenik nire bizitzan. Futbola psikologoarengana joatea bezala da niretzat, taldean eta kolektiboki jokatu behar baita, entrenamenduetan barre asko egiten baitugu elkarrekin, eta giro ona baitaukagu. Orduan, nire arazo guztiak ahazten ditut entrenamenduetan, partidetan eta taldekoekin afariak egiten ditugunean. Ez da bakarrik 90 minutuan gertatzen den hori. Txikitan oso lehiakorra nintzen, baina aspaldi utzi nion futbola horrela bizitzeari, eta asko gozatzen dut. Oso lagungarria zait.
Gizonezkoen Munduko Kopa pasatu berri da. Nola bizi izan duzu Espainiak irabaztea? Eta Frantziak eta Espainiak elkarren kontra jokatu zuten partida?
Futbolzalea naizelako hasi nintzen ikusten. Ikusten nuen partida bakoitzean Frantzia eta Espainia kanpo gelditzea nuen nahi bakarra. Amorruz bizi izan dut. Iruditzen zait asimilazio oso arriskutsu bat dagoela herrian, batez ere belaunaldi berrietan. Eta, besteak beste, horrek ere bultzatzen nau militantzian jarraitzera. Ezin baitugu onartu zapaltzen gaituztenen alde egitea; ez futbolean, ezta beste inon ere.