Eskuetan duzun aldizkaria ireki duzunetik, zenbat aldiz begiratu diozu zure telefonoari?
Pausatu duzu telefonoa, eta ahantzia duzu zergatik hartua zenuen eskuetan. Minutu zenbaitzuetan izugarriko estimulazioa jasan duzu. Zenbat informazio irakurri, begiratu edo irentsi behar izan ditu zure burumuinak? Gizarte moderno honek, arreta eskaseko arazo bat zuela entzun dut hainbat aldiz azken garaiotan. Eta telefonoari lotua litzateke.
Smartphoneak, gure adimenaren eta eskuaren luzagarri ezinbesteko honek, ekarri diguna —besteak beste — kontzeptu berrien sorrera da. FOMO adibidez (Fear of Missing Out) orain aski ezaguna da, zerbait huts egitearen beldurra. Pertsona asko etengabe sare sozialei konektatuta egotera bultzatzen dituen beldurra da.
Dumb down eduki intelektuala sinplifikatzea edo murriztea, jende gehiagorentzat eskuragarri izan dadin. Matt Damon film egileak erran berri du Netflixentzat ekoizten dituztelarik filmak eskatua zaiela gidoia sinplifikatzea, intriga gogoratzea hiruzpalau aldiz elkarrizketetan. Pertsonaiek hitzetan argiki adierazi behar dute, ez da aski erakustea — fini Show, don't tell [erakutsi, ez erran]—, entzun behar du bere kanapean scrolleatzen ari den ikusleak, bestenaz ez du deus ulertuko. Etxean filmak begiratzen dituzten hamar pertsonetarik bederatzik telefonoa eskuetan dute, eta filmaren %60 ikusiko dute. Eta zer erran, filma azeleratuan begiratzen dutenez. Eta ez hasi erraten gazteak direla problema, zu ere barne baitzara.
Phubbing. Bestearen snobatzea, pertsona batek hitz egiten digunean ere, telefonoari kasik konpultsiboki begiratzeko mania izendatzeko baliatzen den hitza. Eta ondotik datoz nomofobia eta haren sintomak: antsietate bizia eta izua, telefonoa ez duzulako erabiltzen ahal, edozein arrazoirengatik.
Yves Citton ikerlari eta filosofoa entzun nuen irratian erraten gogoetatu behar zela noren esku ziren gure atzartasuna hartzen diguten tresna horiek. Gure arretak salerosketarako balioa du eta plataforma horiei eskaintzen diegu logika komertzial eta kapitalista hutserako. Momentuko plazera ekartzen diguten oñoñak jaten ditugu, gohaindu arte. Alta, badakigu oñoña sobera jatea ez dela biziki ona, baina...