Errugbi epailea

Alaia Aizager: «Oraindik errezibitzen ditut epaitzeko deiak zeinetan 'jauna' deitzen nauten»

Ustekabean iritsi zen epaile izatera Aizager, nahiz eta errugbi jokalaria zenean epaileari marmarka ari zitzaion. Epaile izateak konfiantza hartzeko eta segurtasuna irabazteko balio izan diola segurtatu du.

Alaia Aizager Kanboko errugbi zelaian, agorrilaren 19an. PATXI BELTZAIZ
Alaia Aizager Kanboko errugbi zelaian, agorrilaren 19an. PATXI BELTZAIZ
Kanbo (Lapurdi)
2026ko irailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errugbi epaile izateko bidea nola egin duen ez du arras argi Alaia Aizagerrek (Kanbo, 2002). «Pixka bat hola» gertatu zela kontatu du. Ttipidanik errugbiaz interesatua da, baina lizeoan baizik ez zen praktikatzen hasi, batez ere UNSS Frantziako Estatuko lizeoen arteko lehiaketaren bidez. Ikasketengatik eta zenbait zauriren ondorioz, errugbian aritzeari utzi behar izan zion. Kirolari loturik segitzeko, epaile izatea proposatu zioten, eta anitz pentsatu gabe onartu zuen. Seigarren denboraldia du aurten, gizonezkoen Federale 3 mailan. Plazera hartzen segitu nahi du, bere buruari presio handirik ezarri gabe.

Errugbi epaile izan aitzin, errugbian ari zinen. Nola hasi zinen?

Betidanik errugbia segitu dut, familia arrunt mundu horretakoa baitut. Baina hasieran gurasoek ez ninduten errugbi eskolan eman nahi, eta nire anaia bai, adibidez. Beraz, atletismoa egin nuen, eta, gero, lizeora sartzean UNSS (Frantziako Estatuko lizeoen arteko lehiaketa) bidez errugbian jokatzen hasi nintzen. Denbora berean Baionako ASB errugbi klubean hasi nintzen, ez zelako beste neska talderik. Lehen, Hazparneko eta Nafarroako taldeak ez ziren oraindik, eta Uztaritzekoa eta Miarritzekoa ere berantago sortu ziren. Hemen, Ipar Euskal Herrian, errugbian hasi nahi bazenuen, Baionako ASB zen aukera bakarra. Orain, neskentzat errugbian aritzeko aukerak anitz garatu dira. Hiru urtez praktikatu nuen, baina, anitz zauritzen nintzenez, eta, gero Iruñera ikastera joan behar nuenez, utzi nuen.

Jokalari izateari utzi eta epaile izaten hasteko urratsa handia da...

Ez dakit oso argiki azaltzen zergatik hasi nintzen. Gainera, jokalaria nintzelarik beti marmarka ari nintzen epailearen aurka. UNSS garaian galdegin zidaten epaitzea, eta ezinezkoa iruditzen zitzaidan, ez nuelako gogorik. Errugbia gelditu nuen gero, eta, egun batez, ene amaren laneko zuzendariak —hura ere epailea da— entzuna zuen Nafarroako errugbi taldeak epaile bat eskas zuela. Hortik, Nafarroako lehendakariak deitu ninduen motibatzeko, bederen urtebetez epai nezan. Azkenean, pentsatu nuen: «Zergatik ez hasi?», eta haientzat epaitu nuen hiru urtez. Ondotik, Kanbora itzuli naiz epaitzen segitzeko, eta aurten nire hirugarren urtea hasiko dut Kanbon.

«Lehen, Hazparneko eta Nafarroako taldeak ez ziren oraindik, eta Uztaritzekoa eta Miarritzekoa ere berantago sortu ziren. Hemen, Ipar Euskal Herrian, errugbian hasi nahi bazenuen, Baionako ASB zen aukera bakarra. Orain, neskentzat errugbian aritzeko aukerak anitz garatu dira»

Epaile izateko formakuntza nolakoa da?

Lehen urtean ACF formakuntza urtean zara, eta horrek erran nahi du ikasten dabilen epailea zarela. Larunbatetan biltzen ginen oinarrizko legeen aipatzeko, errugbian jakin behar diren lege sinpleenak lantzeko. Urte horretan, bederen lau partida epaitu behar genituen, eta urte bukaeran azterketa sinple bat pasatu genuen, nahitaez gainditu beharrekoa epaitzen segitzeko. Ondotik, AN1 maila lortzen duzu, eta, nahi izanez gero, urtez urte mailaz igotzen ahal zara AN4 mailaraino; ni hor nago orain. Mailaz igaten zaren heinean, azterketa geroz eta teknikoagoak dituzu. AN4n adibidez, lege guziak gogoz jakin behar dituzu; epaimahaiak zirikatzen zaitu legearen puntaraino.

Gaur egun zer mailatan ari zara?

Idatzizkoan maila gorena dut, AN4 delakoa. Hortik goiti, sailkatua zara, eta ni gizonezkoen Federale 3 mailan aritzen naiz. Sailkatua zarelarik, gizonezkoen mailaren arabera egiten da. Baina emazteak ere epaitzen ahal ditut, Elite izeneko mailara arte. Noizbehinka, epaitzen ditudan partidak gainbegiratzera dator epaileen komisioko kide bat. Nota bat jartzen dit, eta denboraldi bukaeran maila bereko epaile guzien balorazioak biltzen dituzte, eta emaitzen arabera mailaz igotzen dituzte epaileak.

Errugbia, beste kirol anitz bezala, jarduera biziki maskulinoa da. Nola lortu duzu zeure burua kokatzea, are gehiago epaile gisa?

Epaile gisa beti entzunen ditut oharrak, misoginoak eta bestelakoak. Mutiko bat balitz, oharrak jasanen zituen berdin-berdin. Beti zailagoa da zelai ingurukoekin, publikoaren frustrazioarekin oharrak entzuten direlako. Ez dakit sobera emazte bat zelai erdian epaitzen ikustea ez zaienez gustukoa, edo epailea bera ez zaien gustukoa. Hala ere, iruditzen zait zelai gainean jokalariekin aski ontsa pasatzen dela. Gertatu zait partida aitzin jokalari batzuk trabatuak izatea emazte batek epaitzen zituelako, eta partida bukaeran niregana hurbiltzea barkamenak eskatzeko. Denetarik bizi izan dut, baina beti borrokatu behar da bere lekuaren egiteko. Baita federazioan ere: oraindik errezibitzen ditut epaitzeko deiak zeinetan «jauna» deitzen nauten. Behin baino gehiagotan ohartarazi diot federazioari. 

Alde horretatik, lagundua sentitzen zara?

Ligak talde bat sortu du epaitzen duten emazte guziekin, zeinetan formakuntzak segitzen ditugun emazteekin soilik. Alde horretatik anitz babestuak eta zainduak gara. Talde horren bidez, nesken artean elkar laguntzen dugu, ez garelako anitz. Pirinio Atlantikoko departamenduan hamar bat gara.

«Gertatu zait partida aitzin jokalari batzuk trabatuak izatea emazte batek epaitzen zituelako, eta partida bukaeran niregana hurbiltzea barkamenak eskatzeko. Denetarik bizi izan dut, baina beti borrokatu behar da norbere lekuaren egiteko»

Momentu onak eta txarrak bizi dituzkezu.

Duda momentuak izaten dira, bai. Bi aldiz gertatu zait partidatik atera eta geldiko nuela pentsatzea: partida tinkoa delarik, zelai inguruan publikoak bazterrak inarrostean, nik egindakoaz ez satisfos ateratzean... Presiopean aspertua sentitzen zara, eta pentsatzen duzu ez duzula zure igandeak horrela pasatzea nahi. Baina hortik astebetera itzultzen zara, eta bikain pasatzen duzu, jendeak sostengatzen zaitu. Agian, egun batez gertakari batek pentsaraziko dit sobera dela, eta geldituko naiz. Jakin behar da mundu berezi bat dela: asteburu guziz mugitzen zara, ez duzu nehor ezagutzen. Nahiz eta nire aitak segitzen nauen, gehienetan bakarrik naiz. Baina horri esker jende berria ezagutzen duzu, jokalari berriak, talde berriak... Aberasgarria da.

Denboraldi berria heldu da: helburu berezirik baduzu?

Ez diot presio berezirik jartzen ene buruari. Bistan da, zelai gainean ahalik eta onena izatea espero dut, plazera lehenetsiz beti. Trebakuntzetan beti galdegiten didate zein diren nire helburuak, baina ez dut maite erantzutea mailaz igatea dudala helburua. Pentsatzen dudalako plazera hartuz eta nire onena emanez horretara hurbilduko naizela. Ez diot ene buruari presio berezirik edo estres gehiagorik inposatu nahi.

Bada zerbait hasi baino lehen jakin nahi izanen zenuena? Egun hasi nahi duen bati zer aholkatuko zenioke?

Batzuek epaile izatearekin dudak baldin badituzte, erranen nieke entseatzeko. Esperientzia biziki ona da, eta ausartu behar da egitera. Ez du balio galdera gehiegi pausatzea norbere buruari, denak tronpatzen gara eta: jokalariek huts egiten dutelarik, ni ez naiz haien gibeletik oihuka hasiko. Onartu behar dugu gizakiok hutsak egiten ditugula; epaile izateari presioa kendu behar diogu. Alde horretatik, epaile izateak estresaren kudeaketa lantzen laguntzen du. Konfiantza irabazteko eta zeure buruaz segur izateko balio dizu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA