Kalitate ikur ofizial gisa saltzen ditugun produktuen fama, sor-marka bezala, produktu horiek ekoizteko moduarekin eta dagokien lurraldearekin lotuak dira.
Ipar Euskal Herrian, gogoeta kolektiboa egiten duten baserritarrek urteetan eraman duten elkarte dinamika azkar bati esker, lau sor-marka lortu ditugu gure lurraldean: Irulegiko arnoa, Ezpeletako piperra, Kintoa euskal xerria, eta Ossau-Irati gasna.
Azken horrek baldintza exijenteak ezarri ditu, baina lurraldeko esne ustiategien %90 baino gehiago biltzen ditu, lehia gogor baten aurrean jokotik gure helburuak atera ahal izateko.
Ossau Irati sor-markaren azken hauteskundeetako «irabazleek» zalantzan jartzen dute araudien zorroztasunaren inguruan egin izan den lan guzia.
Hauteskundeak irabazteko, komunikazio bortitz batek aukera eman dio araudiaren baldintzak barreiatzea aldarrikatzen duen zerrendari zalantzan jartzeko tokiko bazka ekoizpena eta ardiek ekoizten duten esne kantitatean zentzuz jarraitzeko betebeharra. Haien mezu sinple eta sinplistak sinetsarazi nahi du Ossau-Irati sor-marka egin daitekeela hainbeste muga gabe.
Urteak daramatzagu esnearen prezioa emendatuz pixkanaka, ongi menperatzen dugun laneko manera bati esker, modu arrazoituan ekoizten jakiteari esker, gure gasna —oraindik— imitaezina delakoz.
INAOk, erakunde egiaztatzaileak, uko egin zien «irabazleek» eskatutako aldaketa guziei, Ossau-Irati sor-marka izatea bera salatzen baitzuten.
Beraz, oraindik ere sinetsarazi nahi dute egin dugun lan guzia debaldetan egina izan dela? Eta logika horretan, hemen ekoizteko errazagoa datekeen esnea ez al litzateke Aveyronen edo Europako beste herrialde batean ekoizten dena bezalakoa?