'Otsail ostegunak', euskarak dena konta dezan

Otsaileko ostegun bakoitzeko mintzaldi bat antolatu du Amikuzeko Zabalik euskara elkarteak. Munduko eta tokiko gaiak jorratu nahi dituzte, euskaraz.

Haziak
Tokiko hazi mota bat, Miarritzeko Lurrama azokan. Lekuko haziak aipagai izanen dituzte Donapaleun, 'Otsail ostegunetan'. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko otsailaren 1a
05:00
Entzun

Zerk lotzen ditu Palestina, kabalkada, tokiko haziak eta itsaslasterrak? Euskarak. Izan ere, gai horiez guziez euskaraz aritzen ahal da, eta, hain zuzen, horretarako parada izanen da otsaileko ostegun oroz, Donapaleun. Amikuzeko Zabalik euskara elkarteak antolatzen duen hitzaldi zikloa da Otsail ostegunak, eta lau mintzaldi izanen dira otsailaren 6tik goiti. Egun horretan, Palestinako egoerari buruzko mintzaldia izanen da Donapaleuko herriko etxeko gela berdean. Otsailaren 13an, tokiko haziez mintzatuko dira Nico Mendiburu baratzezaina eta Marc Badal Haziak (Argia) liburuaren egilea. 20an, kabalkaden inguruan egin duen ikerketa lana aurkeztuko du Peio Bereterretxe antzerki egileak, eta, azkenik, 27an, klima aldaketak itsaslasterretan dituen eraginez mintzatuko da Paul Moal Darrigade ozeanografia ikerlea. Otsailaren 13ko, 20ko eta 27ko hitzaldiak Bideak gunean eginen dituzte.

Zabalik elkartea 1997an hasi zen Otsail ostegunak antolatzen. «Ohartuak ginen euskara hegemonikoa zen tokiak gutituak edo arrunt desagertuak zirela. Nahi genuen zerbait egin non euskarak leku osoa izanen zuen», esplikatu du Mattin Irigoien Zabalik-eko kideak. Hala, edozein gairi buruzko solasaldiak egiteko ideiarekin abiatu ziren, baldintza gisa izanik «euskaraz pentsatua, euskaraz landua eta euskaraz aurkeztua» izatea. 

Mundari so, hemendik

Munduko gaiei lekua eginen diete aurtengo hitzaldi zikloan, baina lekuko gaiei ere bai. Lehenik, Palestinako egoeraz mintzatzera jinen dira han egon diren lekuko batzuk, eta Ipar Euskal Herrian muntatu den elkartasun mugimenduko kideak ere hor izanen dira. Irigoienek argi du «inpotentzia handia» sentitzen dutela Palestinak bizi duen «masakrearen» aitzinean. «Justuki, esplikatuko digute gure ezintasun horretatik zer egiten ahal genukeen hemendik, nahiz eta gauza ttipiak izan, lotuneak non diren ikusiz».

«Ohartuak ginen euskara hegemonikoa zen tokiak gutituak edo arrunt desagertuak zirela. Nahi genuen zerbait egin non euskarak leku osoa izanen zuen» 

MATTIN IRIGOIEN Amikuzeko Zabalik elkarteko kidea

Tokiko hazien berreskuratzea beste gisa bateko gaia da, baina hori ere «kolektiboki eraman beharrekoa», Zabalik elkarteko kidearen hitzetan; horiek nola babestu kontatuko dute otsaileko bigarren ostegunean. Arlo horretan, Hazi Sarea mugimendua sortu zuten duela bi urte, eta tokiko haziak salbatzeko helburua dute. «Autonomiarako erronka soziala da, elikadurari begirakoa», laburbildu du Irigoienek.

Ikerle euskaldunentzat plaza bat izanen da, bestalde. Klima aldaketak itsaslasterretan dituen eraginez arituko da Paul Moal Darrigade, ozeanografia tesia egin baitu horren inguruan. Beroaren ondorioz, ura gatzez betetzen da gehiago, eta horrek eragina du itsaslasterretan, pisuaren ondorioz. Darrigadek otsaileko azken ostegunean aurkeztuko du bere lana. Kulturari soziolinguistikatik begiratu dion ikerle bat ere gonbidatu dute: Peio Bereterretxe. Kabalkada anitz muntatu dira azken urteotan Ipar Euskal Herrian, eta horiek egiteko arizaleek dituzten motibazioen inguruko ikerketa aurkeztuko du antzerki egile eta ikerleak. Lekorneko gazteen kabalkada abiapuntutzat hartu du bere lanean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.